Jean-Baptiste Orpustan hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzainak eta Mariasun Landa idazleak jaso zuten atzo, azaroaren 12an, 2014ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien saria, Donostiako Miramar jauregian egindako ekitaldian. Orpustanek ez zuen ekitaldira joaterik izan, eta, hortaz, Xarles Videgain euskaltzain eta Euskaltzaindiko buruordeak jaso zuen saria.
Iñigo Urkullu lehendakaria izan zen ekitaldiaren buru eta berarekin batera Iñaki Dorronsoro eta Txomin Garcia Eusko Ikaskuntzako eta Laboral Kutxako presidenteek eman zituzten sariak.
Jean Baptiste Orpustan Ortzaizen (Nafarroa Beherea) jaio zen, 1934an. Ohorezko euskaltzaina da, 2004tik. Bordele Montaigne Unibertsitateko irakasle ohia da. 1986an, Jean Haritschelhar zenaren lekukoa hartu eta Bordeleko Unibertsitateko Euskara katedra eskuratu zuen.
Toponimian aditua da. Lapurdum aldizkariaren sortzaileetariko bat eta lehenbiziko zuzendaria izan zen. IKER ikerketa zentroaren arduraduna ere izan zen.