Datorren ostegunean, azaroaren 6an, Euskaltzaindiak Euskal Herriko ibaiak / Ríos de Euskal Herria / Les cours d'eau du Pays Basque liburua aurkeztuko du. Liburuak Euskal Herriko hidrografia nagusiaren 414 ibaien izenak, eta guztien erabilera egokia, jasotzen ditu. Onomastika gaiak jorratzen dituen Izenak bildumaren laugarren zenbakia da eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin argitaratu du Akademiak. Aurkezpena goizeko 11:30ean izango da, Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria, 15, Bilbo)
Euskal Herriko ibaiak Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak paratutako lana da, eta Osoko bilkuraren onespenarekin batera, arau izaera eman zitzaion: Akademiaren 166. araua da. Orain, erabilera praktikoan gaiak duen interesa kontuan izanik, liburuki berezi batean argitaratu da. Liburuak biltzen dituen testuak, zerrendak eta mapak euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez eman dira.
Ibaiak bederatzi zerrenda nahiz mapatan sailkatu dira. Hala, zerrenda alfabetikoaz gain, aipatutako sailkapen hori eta zerrenda bakoitzari dagokion mapa eskematikoa ere eskaintzen dira liburuan. Antolatzeko irizpidea geografikoa izan da gehienbat, ahal izan den neurrian arrazoibide politiko-administratiboak alde batera utziz.
Aurkezpena hauek egingo dute: Andres Urrutia euskaltzainburuak; Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskarazko zuzendari nagusiak; eta argitalpenaren paratzaileek (Andres Iñigo Onomastika batzordeburu ohiak eta Patxi Galé Onomastika batzordeko kideak).