Gaineratekoen bilduma liburua sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke, hemen. Liburua "Euskaltzainak" bildumaren 20. zenbakia da eta Senpereko Udalaren, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskaltzaleen Biltzarraren laguntzarekin argitaratu zen. Egilea Gratien Adema "Zaldubi" da eta prestatzailea Henri Duhau.
Hauxe da Duhauk "Euskaltzainak" bilduman Zaldubiri eskainitako zazpigarren liburukia, eta azkena. Duhauk azpimarratzen duen bezala, lehen sei liburukiak eskuizkribuetarik zetozen. Zazpigarren honetan, bada eskuz idatzizko zati bat; gehienak, hala ere, bera bizi zela eta hil ondorengo urteetan argitaratutakoak dira, bai Eskualduna kazetan (1887-1903 eta 1908- 1944), baita Eskualdun Ona astekarian ere (1904tik 1907ra).