Urriaren 16an eta 17an, bihar eta etzi, Mendebalde Kultura Alkarteak XVIII. Jardunaldiak egingo ditu Euskaltzaindiaren egoitzan, "Hibridismo dialektala" izenburupean. Jardunaldioi amaiera emateko, Andolin Eguzkitza idazle, hizkuntzalari eta euskaltzain osoa omenduko dute.
Bihar, osteguna, arratsaldeko 17:00etan hasiko dira jardunaldiak. Aurkezpenaren ostean, Kepa Altonagak "Hibridismo dialektala: gogoetarako ideia bi" izenburuko hitzaldia emango du. Leire Gandarias, Ariane Ensunza, Lorea Unamuno eta Iñaki Gaminde, aldiz, "Aldaketa linguistikoez eta euron bilakaeraz" gaiaz mintzatuko dira.
Ostiralean, arratsaldeko 17:00etatk aurrera ere, Iñaki Espartzak "Azkue eta Unamuno, bi bide" gaia jorratuko du. Amaitzeko, Andolin Eguzkitza zena omenduko dute. Iñaki Sarriugartek gorazarre egingo dio.