Miren Lourdes Oñederra hizkuntzalari eta euskaltzainak hitzaldi bat emango du Osloko Unibertsitatean (Norvegian), hilaren 13an eta 14an egingo den "Language Planning - Theory and Practice in Dialogue" (Hizkuntzaren planifikazioa - Teoria eta praktika) izenburuko mintegiaren barruan. Oñederrak urriaren 13an hartuko du parte eta "Standarization of Basque: from grammar (1968) to pronunciation (1998)" (Euskararen estandarizazioa: gramatikatik (1968) ahoskerara (1998) hitzaldia emango du.
Mintegiaren antolatzaileek azpimarratzen dutenaren arabera, hizkuntzen planifikazio eta estandarizazio prozesuak ez dira neutralak eta hizkuntzaren estatusean, eta baita hiztunek hizkuntza estandarrarekin duten identifikazio mailan ere, eragina dute. Hala, bada, estandarizazioaren balizko arazoetako bat hiztunen jarreran datza: hizkuntza estandarra onartzen dute? proposatutako ereduarekin identifikatzen dira?
Hortaz, hizkuntza planifikazioaren oinarri normatibo batzuk azalduko dira mintegian, eta beren arrakasta edo porrota mahai gainean jarriko, betiere praktikan ematen diren oztopo edota bestelako arazoak aztertu ondoren.