Gaur, urriaren 2an, Bilboko Dolaretxe Iraleko irakasle talde bat Euskaltzaindian izan da eta bertatik bertara ezagutu du Akademiaren lana. Taldeak Euskaltzaindiaren egoitzan dauden lekurik esanguratsuenak bisitatu ditu, Aritz Abaroa EHHA egitasmoko teknikariak lagunduta.
Ohi legez, hitzaldia ere eman die Abaroak. Bertan, euskararen inguruko zehaztasun batzuk emateaz gain, Euskaltzaindiaren historia laburbildu die taldeko kideei.
Aurrekoetan bezala, hona hemen bisitan jorratu diren gaietariko batzuk:
- Euskararen jatorria, honen gaineko teoria desberdinak eta euskara idatziaren lehen urratsak.
- Akademiaren historia: Euskaltzaindiaren helburu nagusiak; Euskaltzaindiaren sortzea: aitzindariak, 1918ko Oñatiko biltzarra eta lehen euskaltzainak; Euskaltzaindia gerra garaian eta gerra osteko urteetan; euskara normalizazioaren bidean.
- Gaur egungo Akademia: erakundearen erabakiguneak: Zuzendaritza eta Osoko bilkura; Euskaltzaindiko batzorde, egitasmo eta lantaldeak; Euskaltzaindiko zerbitzuak.
- Euskaltzaindiaren webgunea eta bertan aurkitu ditzakegun tresnak (EODA, OEH, EHHA...).