Urtero bezala, aurten ere Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. "Etxez etxe" izenburupean, ekitaldi ugari egingo dira urrian zehar, Bizkaiko herri askotan. Euskaltzaindiak "Euskal Herriko etxeak: etxeen izenak eta esanahiak" izeneko hitzaldi zikloa eta erakusketa bi -bata digitala, bigarrena liburuez osatuta- antolatu ditu.
Euskal kulturan etxe kontzeptuak alderdi anitz dauka eta oso garrantzitsua da. Hori horrela, etxearen eta euskararen arteko lotura hizpide izango duten hiru hitzaldi antolatu ditu Euskaltzaindiak: "Etxea eta euskalkiak", "Etxeen izenak" eta "Etxea eta euskal literatura". Hizlariak Aritz Abaroa, Mikel Gorrotxategi eta Adolfo Arejita izango dira.
Hala, urriaren 9etan "Etxea eta euskalkiak" hitzaldia emango du Aritz Abaroa Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoko teknikariak. Euskalkien ikuspuntutik helduko dio gaiari: baserria, borda, aldeatze, laborari etxea eta antzeko kontzeptuen arteko aldea ikusiko da.
Urriaren 16an, Mikel Gorrotxategi Onomastika zerbitzuko arduradunak "Etxeen izenak" gaia jorratuko du. Etxeen izenak aztertuko ditu: Goikoetxea, Bengoetxea, Aurrekoetxea...
Urriaren 23an, Adolfo Arejita euskaltzain eta Iker sailburuak "Etxea eta literatura" izango du hizpide. Etxearen sinbolismoa euskal literaturan aztertuko du.
Erakusketari dagokionez, urriaren 1etik 31ra egongo da zabalik, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 14:00etara, Euskaltzaindiaren aretoan.
Hitzaldi guztiak euskaraz (12:00etan) eta gaztelaniaz (10:30ean) emango dira. Informazioa: 94-4158155 (9:00etatik 14:00etara). Helbide elektronikoa: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
Euskaltzaindiaren egitaraua, 2014ko Ondarearen Europako Jardunaldietan (PDF, 1,2 MB)