PuntuEus Fundazioak jakinarazi duenez, behin “.eus” domeinua onartuta eta ICANN erakundearekin kontratua sinatuta, domeinu-eskariak jaso, kudeatu eta erregistratzeko prestatzen ari da. Fase horri ekiteko, lantalde berria hasi da lanean, Josu Waliñoren zuzendaritzapean.
Josu Waliño Pizarro (Zumaia, 1972) Informatikan lizentziatua da, Eleka Ingeniaritza Linguistikoa enpresaren sortzaile eta Elhuyar Fundazioko Berrikuntza eta Proiektuen Zuzendari eta zuzendaritzako kidea izan da. Waliñorekin batera Lorea Arakistain Aizpiri komunikazio arduradunak osatuko du lantaldea. Bestalde, Iratxe Esnaola Arribillagak, gaur arte proiektuaren bultzatzaile izan denak, abendua bitartean jarraituko du proiektuan lanean eta unibertsitateko zereginetara itzuliko da ondoren.
Ibilbidea
.eus domeinua euskara eta euskal kulturaren komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Domeinuaren proiektuak 2007an eman zituen lehen urratsak eta 2008an PuntuEus elkartea eratu zen. 2008tik 2012ra, zabaltze prozesuan egon zen eta guztira 58 elkarte eta erakundek batu ziren elkartearen inguruan.
2012an, ekarteak PuntuEus Fundazioa sortu zuen. Euskaltzaindia sorreratik bertatik da PuntuEus Fundazioko kide -elkartearen aurkezpenean ere izan zen-. Joan Mari Torrealdai da presidentea, Akademiaren ordezkari gisa.
Fundazioa izan zen ICANNen aurrean 2012ko maiatzean .eus domeinuaren eskaria aurkeztu zuena. Eskaria 2013ko ekainaren 14an onartu zuten, eta martxan jartzeko beharrezko lanak bukatu ondoren, 2014ko udaberritik ikusgarri dago interneten.
Euskaltzaindia ez da aurtengo ekainean domeinua erabiltzen hasi ziren 92 aitzindarien artean. Ez Euskaltzaindia, ezta beste euskal erakunde enblematiko batzuk ere, domeinuaren erregistroarekin arazo tekniko batzuk sortu direlako. Fundazioa auzia bideratzen ari da ICANN erakundearekin.
Webgune berria
Hemendik aurrera, PuntuEus proiektuak interneteko domeinu horren ardura izango du: domeinuen erregistrorako eskariak jaso, domeinua erabiltzeko ezinbestekoak diren baldintzak betetzen direla ziurtatu, betetzen baditu, erregistrorako baimenak eman; eta azkenik, erregistroa teknikoki mantentzen dela ziurtatuko du.
Irailaren erdialdetik aurrera abiatuko da hurrengo fasea zeinetan erakunde, enpresa, elkarte eta partikularrek domeinu eskaria egiteko aukera izango duten. Horretarako, webgune berria jarri da martxan: www.domeinuak.eus