Gaur, uztailaren 10ean, Karmel aldizkariak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Bilbon, Akademiaren egoitzan. Aldizkariaren izenean Julen Urkitza zuzendariak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Esan dutenez, "hitzarmen hau izan dadila euskararen erabileraren onerako, eta euskararen ikerketa lanean laguntzeko".
Hitz horiekin adierazi du Julen Urkitzak gaur sinatu den hitzarmenaren espiritua. Bere ondoan, Andres Urrutiak Karmel aldizkariak izan duen ibilbidea goraipatu du, idazle gazteak "hasten eta hezten lagundu duelako", besteak beste, eta bat etorri da Urkitzak esandakoarekin: “Ea lehenbailehen jartzen ditugun gure lankidetzaren emaitzak euskal gizartearen esku. Euskararen onerako izango da, noski. Izan dadila.”
Urrutia eta Urkitzarekin batera hauek izan dira: Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria eta Karmel aldizkarian parte hartzen duten hainbat idazle: Patxi Uribarren, Luis Baraiazarra, Pilare Baraiazarra, Juan Luis Goikoetxea, Javier Arrieta, Lorea Akaiturri eta Juan Aristondo.
Hitzarmen horrek Karmel aldizkariaren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana sustatzea du xede, euskarari eta euskal kulturaren normalizazioari buruzko proiektu partekatuak gauzatzeko. Euskararen jakitea, erabilera zein haren aldeko sustapenaren ikerketa, dibulgazioa eta sentiberatzea izango dira, batez ere, bi erakundeon arteko hitzarmenaren xede nagusiak.
Karmel historia luzeko aldizkaria da. Karmengo Argia (1931-1936) aldizkari herrikoia 1951-1956 urteetan Egutegi bezala agertu zen eta, berriro, aldizkari bezala (bihilabetekaria), 1957-1961 aldian. Nolanahi ere, Espainiako Gobernuak debekatu egin zuen 1961. urtean. Karmel-en hirugarren aroa 1970ean hasi zen eta gaur arte jarraitzen du, gizatasunaren eta euskal kulturaren zerbitzuan.
Besteren artean, hitzarmen horren ondorioz, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, Karmel aldizkariaren euskarazko testu-masa Akademiaren eskuetan jarriko da. Testu-masa hori Hiztegi Batuan egin behar diren azterlanak egiteko ere erabil dezake Euskaltzaindiak.
Horretaz gain, honako puntu hauek jaso dira hitzarmenean:
- Euskaltzaindiak erantzuna emango die Karmel-ek eginiko kontsultei, kontsultak euskal lexikoaz, gramatikaz, onomastikaz, ortografiaz eta euskalkien erabileraren ingurukoak direnean.
- Bi erakundeak publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatuko dituzte. Era berean, argitalpen-egitasmoak partekatuko dituzte.
- Euskaltzaindiak egoitza nahiz azpiegitura erabiltzeko aukera eskaintzen dio Karmel-i, adosten dituzten ekintzetan baliatzeko.
Helburu hauek lortzeko, Karmel astekariak eta Euskaltzaindiak Batzorde teknikoa osatuko dute, erakunde bakoitzeko bina kide izango dituena. Hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du.