Pèire Bèc okzitaniar hizkuntzaren XX. mendeko aditurik nabarmenena hil da, 2014ko ekainaren 30ean. Pèire Bèc Parisen jaio zen 1921eko abenduaren 11n. Hizkuntza erromanikoetan eta Erdi Aroko testu literarioetan aditua izan zen.
Poitierseko Unibertsitateko irakaslea ere izan zen, 1989. urtean erretiroa hartu zuen arte. Hainbat liburu argitaratu zituen, bakarka edo beste aditu batzuekin lankidetzan, Erdi Aroko testuez, hizkuntza erromanikoei buruz, bai eta okzitanierari buruz ere.
Erdi Aroko testuak ikertzen, idazten eta okzitaniar hizkuntzaren alde jardun zuen bizitza osoan zehar. 1945. urtean, l'Institut d'Estudis Occitans (IEO) deiturikoa sortzen lagundu zuen. Erakunde honen presidentea izan zen, 1962-1980 aldian. 1982. urtean Aran bailarako hizkuntzaren arau ortografikoak-eta normalizatzeko asmoz, Kataluniako Generalitatearen Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak sorturiko batzordeko kide izendatua izan zen. 2010. urtean, okzitaniar hizkuntzaren alde hamarkadetan eginiko lan eskerga aitortuz, Kataluniako Gobernuak, Robèrt Lafont Saria eman zion.
Euskaltzaindiak Pèire Bèc irakaslearen lan handia goraipatu eta hizkuntza txikien alde, horien artean euskararen alde ere, erakutsitako konpromisoa eskertu nahi du.