Hitz-elkarketa/2: III. MUGATZAILE BEREZIKO IZEN-ELKARTEAK. AURREPROIEKTU MODUKOAK

III. MUGATZAILE BEREZIKO IZEN-ELKARTEAK

AURREPROIEKTU MODUKOAK

III.1. Sarrera

Aurreko atal nagusian (§ II) luze aritu gara mugakizun bereziez. Orain, berriz, mugatzaileak dira bereziak.

H-E/4 lanean bi multzotan bereizita daude mendekotasunezko hitz elkartu arruntek ez bezalako mugatzailea, mugatzaile berezia dutenak (H-E/4, 11.3: 94-95 / 80-81): “Aurreproiektu modukoak” eta “Elkarlan modukoak”. Baina bi multzook bereziak izanagatik ez dira gisa berekoak: lehen mugatzaileek lekua edo/eta denbora adierazten duten izenak dira; bigarrenak, berriz, izen kategoriakoak ez diren elkar eta kontra dira.

Liburu honen hasierako argibideetan esan dugun bezala (§ “Sarrera gisa”), harrigarri samarra gerta zitekeen “izena + izena” osaera duten elkartuak aztergai dituen lan batean halakoak ez direnak berariaz jorratzea.

Bestetik, berriz, elkarketaren eremutik haratago jo behar bide da elkar bezalako izenorde elkarkari bat (EGLU-lab: 68-70) edo kontra bezalako postposizioa (EGLU-lab: 498-502) ezkerreko osagai duten eraikuntzak argitzeko.

Azkenik, ez da baztertu behar eredu horren arabera eratu ditugun hitz asko erdal aurrizkidun hitzen bati irtenbidea eman nahian egin dugula areago euskal bideetatik abiatuta baino.

Beraz, arrazoi horiek guztiek garamatzate elkarlan, kontrazal gisakoak hemen ez baina beste nonbait lantzeko uztera.

Aurreproiektu motako elkarteei dagokienez, berriz, hitzaurre moduko elkartuetako mugakizunez esan duguna errepikatu beharko genuke, baina orain eskuineko osagaiaren ordez ezkerrekoaz ari garela zehaztuta, hizpidean ditugun hauek berriz ere leku-izenak baitira.

Osagaiak lehengo berak izanik ere, hitz elkartuko ezkerreko (eta ez eskuineko) osagaia izateak eta askotan erdal izen aurrizkidunaren ordain izateko sortua izateak eztabaidagai bihurtu izan ditu era horretako hitz asko. Gainera, ezin dugu ahantzi mota honetako hitz elkartuak, inola ere berriak ez izanik ere, asko ugaritu direla azken urteotan; aski sistematikoki ugaritu ere.

Inguruko erdaretan oso maiz eta oso erraz jo dezakete eta jotzen dute aurrizki-bidera. Euskaraz, berriz, ez daukagu pareko biderik. Mitxelenak193 argi adierazi zuen bezala, parekotasun falta horrek aspalditik kezka eta ezinegona sortu du euskalariengan194. Baina, gaiaren garrantzia ukatu gabe ere, ezin gara hemen auzi zabalago horretan berariaz aritu, hitz-elkarketatik kanpoko besterik ere besarkatzen baitu195; bai, ordea, aldian-aldian ukituko atal honetako aztergaiarekin zerikusia duen heinean.

Horrela, esate baterako, etengabe aterako zaigun galdea da zein eginkizun duen elkartuaren barrenean ezkerreko osagaiak: mugatzaileek hitz elkartuetan ohi dutena, ala bestelakoa; alegia, hitz elkartuaren burua izan ohi den mugakizuna ñabartu, zehaztu egiten duen (batez ere leku-denboretan kokatzen ote duen), edo ezkerreko osagai hori, deiktiko izendatu ohi den elementu hori ote den elkartuaren buru semantikoa eta, honenbestez, mendekotasunezko euskal hitz-elkarketa arruntetik urruntzen garen, hein batean bederen. Alegia, historiaurre, etab. aztertzean aurreko atalean atera zaigun kontu bera.

Era berean, argi dezagun guk beherago aztertuko ditugun adibideek ez dutela, apika, ugaritasun hori ispilatuko, gure corpusaren muga dela medio, baina ez genuke begi aurretik kendu beharko azken urteotan asko sortzen joan direla, hainbat esparrutako terminologietan batez ere196.

Gure abiapuntuko sailkapenean, beraz, ondoko mugatzaileak hartuko ditugu: aitzin, albo, aurre, azpi, barne, behe, gain, goi, kanpo (H-E/4, 11.3.1: 94 / 80). Baina zerrenda pixka bat zabaldu dugu lan horretan bertan uzten genuen zirrikitutik aurrera eginez

Beste zenbait deixi-hitz ere honela erabili da: artizki, atzerri, atzizki. (H-E/4, 11.3.1: 95 / 81).

eta beste mugatzaile batzuk ere hartu ditugu aztertzeko: arte, atze, barren, barru, bazter, gibel.

Bestetik, ohartuko gara ez ditugula hemengo mugatzaile guztiak neurri berean erabili ez erabiltzen elkarketa-mota honetan; emankortasunaren edo bizitasunaren ikuspegitik alde nabarmenak daudela, alegia, batetik bestera. Esate baterako, gure adibideek erakusten dutenaren arabera, aurre, azpi, barne maizago erabili izan ditugu aitzin eta albo baino. Azterketan berariaz jasoko ez dugun alde apenas darabilgun (oso adibide gutxi ditu eta, gainera, ihartuak dira (aldarte, alderdi, alderri, aldiri…). Ildo beretik ikusi beharko litzateke zenbateraino eragin dion estandarizazioak mugatzaile hauen emankortasunari.

III.2. Adibideen azterketa

Aurreko ataletan mugatzaileen berri zehatza eman behar izan dugu gero elkartu osoaren azalpenera iristeko. Orain, berriz, mugakizunen azterketari jarri beharko diogu arreta, bereziak hemen mugatzaileak baitira.

III.2.1. AITZIN

Mugakizunak izen bizigabeak dira gehienak: alde, egun, lan, solas… Baina izen bizidunak ere badaude, bakanagoak gure corpusean: gidari, kelta

“Eta pena hark, gerok geure borondatez hartzen dugunak, eramaiten dio aitzin aldea bertze penari, bertzek emaiten derakunari, pazientki errezibitua izanagatik ere” (HE11,105).

“Egunez ari garelarik, beraz, gauza bat da bezperan, aitzin egunean, nahiago baduzue, Oihenartek dioenez, egun hartan, biharamunean eta bestea, arras bestea, atzo” (HE27,100).

“dardara berrien aitzingidari datozen trumoi hots ilunak” (HE27,334).

“Euskaldunek zutela delako hitza kelten eta Aitzin-Kelten ganik jaso” (HE30,215).

“Euskaltzaindiak 1968.ean Arantzazuko biltzarreetan agertu zuen bere jokabidea, egin zitekeen batasunaren aitzin lan bezala” (HE27,42).

“Larregiren lana aitzin-solhasean aiphatzen derauku” (HE26,275).

“eskaera horri erantzun beharrez, aintzin solasa edo hitzaurre au idatzi dut” (EJ04,13).

Mugatzaile honek bi aldaera nagusi izan ditu kategoria (izena) eta adiera (‘aurre’) bera dituztela: aitzin eta aintzin.

Adibideon ulertzeko modua dela eta, berriz, itxura guztien arabera, aipatu eta aipatuko dugun adiera ugaritasuna dugula dirudi.

Ia denek “aitzinean, aurrean dagoen edo doan dena delakoa” dute parafrasia: aitzin-gidaria, esate baterako, “aitzinean doan gidaria” da. Hitz elkartuaren burua, garbi, eskuineko osagaia da, mendekotasunezko euskal hitz elkartuetan ohi denez, eta ezkerreko osagaiak zehazten, ñabartzen, kokatzen du burua: ‘aitzinean’, alegia. Bestela esan, elkartuaren erreferentea gidaria da eta bere ezkerreko osagaiak, modifikatzaileak, adierazten digu zein gidari-mota den, aitzinean doana, alegia.

Aitzinsolasa har daiteke, berriz, dudaren edo beste ulertzeko moduaren erakusgarritzat. Zer da aitzinsolasa “aitzinean esaten den solasa”? Ala “solasaren aurreko dena delakoa, baina bete-betean solasa ez dena”? Hau da, arestikoak bezalakoa, ala bestelakoa?

Bigarren aditzeko modua onartuz gero, elkartuaren buru semantikoa solasa ez dela esan beharko genuke, “solasaren aitzineko” dena delako beste zerbait baizik. (§ II.8.1)

Guztiarekin ere, hemen ditugun adibide gehienek, gutxi izanagatik, mugakizuna toki-denboretan kokatzen dute (non edo noiz dagoen mugatzailea, alegia) eta hau dela eta, ‘lekua’ edo ‘denbora’ harreman semantikoa gauzatzen dela esango genuke.

III.2.2. ALBO

Mugakizunak, albo izenaren ezkerrean aurkitu ditugun mugakizun guztiak izen bizigabeak dira: gela, herri, probintzia

“albo-errietatic Erregueari bidera irteten zitzaizcan emacumeac” (HE45,211).

“ontan, Koxme-ren zintzur-ots minberatia albo-gelatik. Aida baten ondoratu zaio Terexa bi pastel ta arroskoletxe platerakin” (EJ03,52).

“Euskalerritik eta albo-probintzietatik Ameriketara joandakoak, aietxek, bidaltzen dituzte gauza baliotsuenak” (EL70,155).

Osagaien arteko harreman semantikoei dihoakienez, ikus daiteke mugatzaileak mugakizuna lekuan kokatzen duela, alegia, NON dagoen delako mugakizuna.

Ez du adibide askorik. Hemen sailkatu ditugu gure corpusean adibide bakarrekoa den alderri (alde izena mugatzaile duena) eta inguru mugatzaileaz osatutako inguru-herri eta ingurune197 ere:

“beguiratu zuen Sodomara eta Gomorrara, eta alderri artaco lur guztira” (HE12, 17).

“inguru errietatik zer esanik ez dago” (HE21, 60).

“hiriaren ingurune guzian ez da bertzerik ageri” (HE59, 90).

III.2.3. ARTE

Mugakizunak: kale, hizki… Izen bizigabeak.

“eta an doaz lurrera izketan egon diranak: Gurutz kaleko aterki-saltzaillea, Artekaleko zapatari bat, eta Somerako botikarioa” (HE21,71).

“inperativoan geroko formak ere baditu; hauek –ke-artizkia hartzen dute” (EJ80,23).

Oso adibide gutxikoa hau ere. Gure corpuseko bietatik, bata leku-izena da (Artekale) eta bestea hizkuntzalaritza-gramatiketako terminoa. Bi mugakizunak izen bizigabeak dira, esan bezala.

Hitz elkartuon ulertzeko modua, “[zerbaiten] artean dagoen hizkia, kalea”, da.

III.2.4. ATZE

Mugakizunak: alde, esku, herri, hizki… Izen bizigabeak dira denak.

“ipinten dabe atzealdean ondo pilloturik, eta prest dagoz berriro, bear bada” (EJ59,42).

“atzealdeak berotu etzizkigunean” (EJ62,68).

“aurreskuari lagunduteko da atzeskuen eskongeia; ta atzeskuari aurreskuena barrdinduteko guztia” (EJ70,71).

“izan ere, gutxi ziran naiz atzerrian naiz expetxean edo langille-batalloitan senitartekoren bat etzeukatenak” (EJ03,42).

“beste zenbaitek, -garri eta -tzale atzizkia dutenak batikbat” (EJ80,18).

Parafrasia, berriz, behin eta birritan ematen ari garena da, oro har: “atzean dagoen…”; ‘non’, ‘lekua’, hortaz.

Atzerri berezia da, ez baitugu zehatz-mehatz “atzean dagoen herria” edo ulertzen; lexikalizatutzat joko genuke.

Errepara, azkenik, atzealde, hitzez hitzeko adiera izateaz gain, metafora dela medio, ipurdia esateko eufemismoa ere izan daitekeela.

III.2.5. AURRE

Mugakizunak: izenak dira guztiak198, bizigabeak guztiak, mutil izan ezik: alde, baldintza, egun, esan, esku, ezpain, hitz, hizki, iritzi, kultura, solas

“aurre-aldea (…) lurra jota dauka; atze-aldea tente” (HE29,16).

“askok egiten dabe aurregunean (bezperan) joan ara” (HE21,27).

“txerri-iltzekoan eta pesta-aurregunean” (HE18,16).

“Ezin obeto deritzaigu guri “Saski-Naski”ren aurre-esanak erderaz egitea, arrotz eta eusko-erdeldunek gure berri ikasi dezaten” (HE17,61)

“Aurresku ta atzesku, bata besteen ondotik, zortzikoz agurtu” (HE18,18).

“Artasiaren aurre-ezpaiñean multzokatzen da lastoa; sardea azpitik sartuz, berdintzen, narra geldituz arroa” (HE18, 339).

“Pierre Lafitte Kalonigu eta Euskaltzainak Aurre-Itzez Platon’en hirur arpegi” (HE38,309).

“Ez dugu, des-eta horren antzekoren bat edo beste kenduz geroz, aurrizkirik, latineko ad-, ab-, co(n)-, de-dis-, ex-, eta gainerakoen indarra bihur dezakeenik” (HE27,110).

“aurreritziz eta mitoz hezurmamitutako aurrekultura besterik ez da” (EI94,21).

“aurre-mutillak ikusi eben andra bat bidea ausi eta basora sartzen” (HE21,107).

“aurre-solasak erderaz egitearen aldeko” (HE17,61).

Arestiko mugatzaileek baino adibide gehiago ditu aurre-k.

Osagaien arteko harreman semantikoei begira, aitzin-en atalean (§ III.2.1) genioena errepikatu beharko genuke hemen ere. Batetik dugu ohiko ulerkera; mugatzaileak leku-denboretan kokatzen du elkartuaren burua den mugakizuna eta honelako parafrasia du: “aurrean dagoen mugakizuna; aurretik doan/jartzen den mugakizuna”. Halakoak ditugu gehienak: aurrealde, aurreiritzi… ; alegia, “aurrean dagoen aldea, iritzia; aurreko aldea, iritzia…”.

Bestelakoa bide dugu aurrekultura… Ez dugu uste “aurretik izan dugun kultura denik” eta bai, areago “kultura deitzen dugun dena delako horren aurreko garaia, egoera…”. Aditzeko modua hori izatekotan —buru semantikotzat aurre jotzekotan—, berriz ere galdetzekoa da ez ote litzatekeen egokiagoa izango “zer” hori adierazteko, historiaurre kidearen bidetik kultura aurre egitea, idazkerak idazkera.

Aurregun, berriz, bietara uler daiteke, lehenengo multzokotzat (“aurretik den eguna”) nahiz bigarren multzokotzat joz (“egun (honen) aurrekoa”)199. Aurre-hitz ere har daiteke “aurretik esaten diren hitzak” eta “hitzen, hitz garrantzitsuen aurreko hitzak”.

Aurresku ere berezi samarra da, baina hemen esku-ren adiera da tarteko.

Aurrealde dela eta, berriz, galde daiteke zer alde dagoen aurre-ren eta aurrealde-ren artean; noraino ez ote den errepikatzea, bi osagaiak lekua adierazten dutenak izaki.

III.2.6. AZPI

Mugakizun guztiak izenak dira; bizigabeak askoz gehiago bizidunak baino, ohi bezala. Izen bizigabeak: egitura, gai, harri, jan, joko, lan… Izen bizidunak: asto, lapur

“Postura ontan egiten zan; lau urkulo jarri atze aldetik; aien gaiñean egur puerte bat; azpi-astoa esaten zioten ari. Aren gaiñean bi egur luze, azpi-astoari josita” (HE29,62).

azpiegitura hitza adierazpenean sartzeko eskatu zuena Mitxelena jauna izan zen” (EJ56,93).

“Ilbeltzean, iñorkin edo azpigaiak bildu, egurra bota, azkeneko simaurrak atera” (EJ62,12).

“euskeldunak Kristau-legea bear-ainbatez yakin ezin zezatekela Ikasbide zaar lotsagarri orren azpiarriaz” (HE17,51).

“azpijana ebillen karlista ta liberalen artean” (HE18,12).

“honela mila azpijokuren ondotik Nafarroan kontrako iritzia jasotzen du alkatetxeen bozketan” (EJ52,21).

“azpi-lanak berea egin du arian-arian” (EJ03,37).

“Villon, ostera, alper, mozkor, jokalari, emakumezale, iruzurgille, azpilapur, ebasle, ate ta jantzi-kutxa apurtzalle” (HE28,56).

Hitzon ulertzeko era honelaxe ispila daiteke: “azpian dagoen dena delakoa”, azpi horren esanahia esanahi. Dela azpi fisikoa (azpialde, azpiharri…), dela ‘abereen ohea’ (azpigai), dela ‘isilekoa’, ‘izuna’ (azpijoko, azpilapur…), kasu guztietan hitz elkartu osoa metafora den (azpiasto, azpiharri…) edo ez den, ez du eraginik parafrasi moldean. Alegia, mugakizuna da hitz elkartuaren buru guztizkoa, euskal hitz-elkarteetan ohi den bezala.

Azpiegitura, apika, bitara har daiteke: “azpian datzan, dagoen egitura”, orotariko ulerkeraren ildokoa, nahiz buru semantikotzat azpi hartuz, “egituraren azpiko dena delakoa, baina berez egitura ez dena”. EHk ematen duen definizioa ikusita —“ageriko egiturari eusten dion oinarria, hura datzan egitura ezkutua”— badirudi lehen adieran ulertu behar dugula; alegia, egitura dela semantikoki burua.

Corpusean ez genuen azpigarapen-en modukoak aipatuko ditugu ezin ditugulako jasotakoen era berean aditu: ez du “azpian egiten den garapena”, “azpitik garatzen dena” edo antzeko zerbait adierazten, “garapenera ere iristen ez dena, garapen mailaren azpian dagoena”, gradua, maila baizik200.

Era berean, corpusean ez zeuden azpibatzorde, azpimultzo bezalakoak hartzen baditugu, bestalde, “osotasun baten zatia”, “osotasunak duen ezaugarri bera duena baina txikiagoa, maila apalagokoa… den dena delakoa” ulertuko genuke; nolabaiteko hierarkizazioa, alegia201. Alde honetatik bereizketa argi samarra egin daiteke tradizioko azpiasto edo azpi-lan moduko adibideen eta azken urteetan erdal sub-edo infra-aurrizkien ordain sortu ditugun ‘azpi + izena’ osaeren artean (azpiatal, azpimultzo, etab.).

III.2.7. BARNE, BARREN, BARRU

Aurreko kapituluan, mugakizun diren egituretan egin bezala (§ II.8.2.7) hemen ere batera aztertuko ditugu hiru mugatzaileak.

BARNE

Mugakizunak izen bizigabeak dira ia denak: araudi, asmo, atsekabe, bakarrizketa, bake, baratze, bide, bihotz, bizitza, egitura, gerra, giro, indar, jardunaldi, kutsu, lur, maratila, min, muin, tirain, zentsura, zirrara… Izen bizidun bakarra dugu: gizon.

“barne-araudi bat ere egina dugu” (EI94,33).

“leengo alaitasuna barne-pake biurtu zait” (HE34,64).

“barne-bakarrizketa, Joicek lantzen duena eta zeinaz usatzen baidu maisuki Camus-ek La chutte-en” (HE35,8).

“ba du behintzat barne-bide onek norbere begitazioetan eta norberari begiko zaizkion usteetan erortzeko perilla” (EC70,74).

“barne-bihotzez jarreikiren zaie nik orain erranen ditudan hitzei” (HE02,38).

“Jesusen siñeste gabe, barne bizitza gabe” (EC70,14).

“barne-egituraz Euskal Herriko parrokiako ardi-talde ona eta sineskorra baizik ez gara” (EJ51,85).

“Gironda-ko gudu hau beraz, Frantziako barne-gerlako pasadizu bat izan zen” (HE33,85).

“Bataioaz zuzen egin izan aintzin gizona zatikatua da: alde batetik barne gizona edo gizonaren nahia edo adimendua, bestetik gizonaren haragia” (EJ71,30).

“Foruko Euskaltzaindiaren barne-jardunaldietan bigarren bat gehitzea erabaki zen” (EJ56,103).

“yorratzen asi ari nere barne-lurra / (…) Nere barne-baratzan datorrela gora” (EJ50,11).

“ongi daki onek anderekerien berri; ezagutzen ditu baita emakumezkoen barne-maratillak” (EJ03,46).

“sorlekuko barne-muinetan sartzeko gogo bizi bizi bat erne zitzaidan” (HE33,3).

“Esperantza zen lehen udaberria, barne-tiraina; urteotan barrena, berriz, histu egin da nigan, loratu gabe zimeldu, barne-tiraina kanpoko haize bala epel bilakatu” (EJ51,91).

“gure arteko barne-zentsurak egin ohi dituen inausketen itzalik gabe” (HE33,XXVII).

“Artan, Garazik burua itzuli / barne-zirrara aundirekin” (HE18,73).

BARREN

Mugakizunak: azkura, ertz, irakite, isuri, izerdi, kale, mugida, ostots… Izen bizigabeak guztiak. Barrenkale elkartea leku-izena dugu.

“olerkari etzeratenok gure barren-azkure ontaz zerbait uler aal-dezazuten” (HE17,28).

“berriro be beste era batean etorteko gogoaz urtetan dogu, Extremadurako bideruntza, Gredosetako Atx-gangar ikaragarrien barren-ertzetatik ziar” (HE31,71).

“Eta izenari baino izanari lotuago ageri den mintzabehar horrek, barren-irakite horrek, uzta joria sor dezake” (HE27,141).

“Ara or Josefa Olite, Bidebarrietako alargun aberatsa: orrek be, Barrenkaleko zigarro saltzallea zanean, ezeieban gura senartzat Eguren Indianoa; baña eztau oraiñ damu bere gurasoen escondeari jarraitua” (EI99, 161).

“Ez lirake berehalakoan agortuko ez ahituko hori irakurtzeak sortzen dituen gogoetak eta barren-mugidak” (HE27,334).

“Baiña —legea lege— berak dun maitatxi, / barren-ostots ixillaz, ekarri besteri” (HE18,23).

BARRU

Mugakizunak: izen bizigabeak dira gure adibidetegikoak: alde, ikara, irakin, kisketa… Ihartutzat hartuko genuke gaur: barrunbe.

“Alde batetik bestera igaro-nairik zebillela, barru-aldera egin naian, burni batetik esegita balia eziñik gelditu zan” (HE57,73).

“Biak pertsona bakar baten barrunbean kokatzen badira, ez dago ez bakerik ez osasunik gizon asko ero-etxera eraman dituen bide batean baizik” (HE27,262).

“ez barru-irakinaren erdi-beharrez, inoizko behin ‘esta la vena (poética) madura’ badio ere” (EJ00,185).

“Asi, asi! Orrelako barru-ikara-gose bai-nazu, Moris jauna” (HE57,110).

“Cembait dei, ate-joca, barruquisquetac, eta argui ni irazartuteco!” (EC61,56).

Ikusi dugunez, guztiek dituzte izen bizigabeak mugakizunaren tokian, baina, hala izanik ere, hitz elkartu osoaren kanpoko erreferentea sentimendua edo denean, hitz elkartu horrek adierazten duena “sentitzen”, “bizitzen”, “jasaten”… duena gizakumea edo gizakumearen modura erabilitako zer bizigaberen bat da, oro har. Bestela esan, barne-indar, barren-ostots edo barrun-irakin dioena egia da indarraz, ostotsaz edo irakinaz ari dela, baina horiek denak gizakume bati dagozkio.

Barne-gizon da mugakizun bizigabea ez duen bakarra, baina testu horretan bertan lehentxeago barneko gizon darabilte. Argi dagoena da “gizonaren barneaz, nahiaz, adimenduaz…” ari direla, haragiari kontrajarririk. Osagaien hurrenkera dela eta, berriz ere, duda egin daiteke noraino ez ote litzatekeen egokiagoa izango osagaiak atzekoz aurrera ematea: gizon-barne, alegia.

Osagaien arteko harreman semantikoei dagokienez, ikus daiteke era bakarrekoak ez direla, edo gutxienez, guztiak era bakarrean biltzea ez dela, beharbada, guztiz egokia. Honela, bada, batzuetan atal honetako adiera nagusia aurkituko dugu, ‘tokia’ (§ I.5.9), alegia: barne-bihotz, barne bizitza, “barnean / barrenean / barruan dagoen…”; bestetan, ordea, ez da horren argi ikusten mugatzailearen eginkizunik garrantzikoena mugakizuna toki-denboretan kokatzea denik. Esate baterako, gizakumearen sentimenak, nahiak, gogoa… adierazten dituzten mugakizunekin doazenean: barne-atsekabe, barren azkura, barne bake, barne indar, barne mi,…, apika, nonbait kokatze hutsa baino areago bestelako harreman semantikoa da nagusi: “barnetik datorren, barneak sortzen duen…” edo honen antzeko zerbait; hots, ‘iturburua’ (§ I.5.1) harremana. Ildo beretik, barren-mugida, barren-irakite, barru-irakin, seguruenik, “barrenean / barruan gertatzen den mugida / irakitea” baino areago, “barrenak / barruak jasaten duen mugida / irakitea”, “barrena / barrua mugitzea / irakitea”, ‘jasailea’ edo ulertuko genuke202.

Bestetik, berriz, aipatzekoak dira: barne araudi, barne egitura, barne gerra, barne jardunaldi… bezalakoak, itxura guztien arabera, berriagoak direnak.

Egia bada ere, oro har eta gure aztergaian bederen, gizakumeaz kanpoko “barrena” gutxitan daukagula hitz elkartuko mugatzailearen tokian (sintagmetara jo nahiago dugulako, antza), badaude adibide aspaldi samarrekoak: barrenkale leku-izena ez da gaurkoa, barrukisketa ere Añibarrorena da. Baina mugakizunok, konkretuak izateaz gain izaera fisikoa dute, “nonbait” koka daitezke. Eta hala ez direnean ere hitz elkartu osoa gizakumeaz aritzeko erabiltzen da (barne-lur, barne-baratze…).

Hizpidean ditugun barne araudi, barne egitura… bezalakoen erreferentea, berriz, ez da gizakumea. Harreman semantikoa ere, batzuetan ‘tokia’ (§ I.5.9) dela ukatu gabe ere (barne egitura, barne gerla…), bestetan ez dirudi horren gardena denik. Barne-araudi edo barne-jardunaldi, esate baterako, noraino ulertzen ditugu orain arte aipatutako harremanen arabera? Egia da “barnean egiten den araudia / jardunaldia” dela, eta alde horretatik orain arte ikusitako gainerakoekin batean uler daitezkeela, baina hitz elkartuon adiera nagusia haratago doala dirudi. Hots, araudia, jardunaldia… nonahi egiten delarik ere, “erakunde edo talde jakin bateko jendearentzat edo jendeak eta ez talde horretatik kanpokoek egiten duen araudia, jardunaldia…” edo ulertuko genuke. Hau dela eta, beharbada, ‘helburua’ (§ I.5.10) erlazio semantikoaz hitz egitea egokiagoa litzateke.

Barne, barren, barru aldaerei dagokienez, gure corpusaren arabera adibiderik gehien dituena barne da, gutxiago ditu barren-ek eta gutxienak barru-k. Baina, oro har, azken biok dira, hain zuzen ere, batik bat gizakumearen “barrena” adierazteko, nonbait kokatze hutsa ez denerako, nolabait esan, maizenik erabili direnak.

Azkenik aipatu ditugun barne-araudi eta gisakoek ez dute ordainik beste bi mugatzaileetan; alegia gure corpusean ez dugu barren-jardunaldi edo barru-gerra bezalakorik ikusi203.

III.2.8. BAZTER

Mugakizunak: alde, egur, etxe, euskalki, herri, leku, oihal, sola… Izen bizigabeak204.

“Israeldarrei, Egiptotik atera, ta beren bazter-aldera zijoazenean, adirazi zien Moisesek, Jaunari, beraren manuz” (HE13,46).

“subil naiz ‘baztar-egur’ naiz ‘enbor’, bat dena etxe bakoitzetara bina dakartena” (HE18,127).

“Luzaideko bazter etxe baten izena dugu ‘Bordelia’” (EJ65,19).

“bazter euskalkia delako bertakoa” (HE27,380).

“gurea bezalako bazter herri bateko jendea” (HE27,340).

“eztot uste baztarlekurik itxi dodanik ikusi ta galdetu barik” (HE31,20).

“Orreagako baztarrak gogoratzen deustaz (…) Monet-en oial lilluragarriak (…) Matisse beraren kutunenakaitik be ez neuke truke egingo (…) Chailly-en Bière’rako bidean dagoan arboladoi onegaitik. Ezta, Van Gogh eta Cèzanne eurenen bazter-oialik onenakaitik be ez” (HE31,64).

“albeilietzat barka ene bazter-solas horiek” (HE30,206).

Osagaien arteko harreman semantikoei begiratzen badiegu konturatuko gara ia kasu guztietan bazter-ek ‘tokia’ adierazten duela: “bazterrean dagoen egurra, etxea, euskalkia…”. Nolanahi dela ere, ez dugu begien bistatik kendu behar bazter mugatzaileak adiera bat baino gehiago dituela. Adierarik ohikoena gure adibideetan, “gunetik kanpokoa” bada ere, bada adiera berezia duen bat: Mendibururen bazter-alde, hain zuzen ere. Ez du hiztegietan jasotzen den ohiko adiera (‘baserria’, nahiz ‘lurraldea’, ‘bazterra’); bazter mugatzaileak hemen “erbeste, deserri, urrutiko lurraldea” adiera hartzen du, ‘baztertu’-ren adieraren ildokoa.

Erabat kanpo dagoena bazter-oihal da. Alegia, bere testuinguruan kokatuta, ezin uler dezakegu “bazterrean dagoen oihala” (dena dela bazterra). Itxura guztien arabera, hor esan nahi dena da “bazterrak (parajeak…) margotuta dituen oihala”, “paisajea”, alegia. Hau honela izango balitz, atal honetatik atera beharko litzateke eta gainerako Behi-esne motakoekin batean sailkatu, ‘edukia’ harreman semantikoan, “oihalak bazterra (margotuta) dauka”, “oihalean bazterra dago” edo antzeko zerbait aditzearen ondorioz.

III.2.9. BEHE

Mugakizunak izen bizigabeak dira guztiak. Izen arruntak gehienak: alde, barru, maila, sarrera, subil

Baina izen bereziak ere badaude: Nafarroa, Pirinioak

Ihartutzat hartuko genituzke, bestalde: behatz, Beterri

“Etxearen be-alde erdia, artegiak artzen zuan” (HE57,94).

“Gerla-aurretik, artikuluen behe-aldean izengoitia edo izenordea ipintzeko ohidura arras hedaturik zegoen” (HE27,216).

“bi mallakoa da bizitza ta be-barruan du zurgintegia” (EJ03,22).

“Goierrian esaten estozuezan itz asko daukez beterrikoak eta itxasondoan ostera” (EJ59,7).

“goi eta behe mailako hizkuntzarik ez baldin bada” (HE27,386).

“moztu bait zuen Karlos V.ak Behe-Nafarroa Espainiagandik” (HE52,4).

“Behe Piriniotako sekzioaren parte bezala” (HE39,118).

“Bê sarreran bi atal, / arri-ustai mako: bat ardi sarrera ta / beste beiendako” (HE18,323).

“au da goisubilla; beragocuan, besubilla” (HE20,40).

Osagaien arteko harreman semantiko nagusia ohikoa da: mugatzaileak kokatzea ‘non’ dagoen mugakizuna. ‘Non’ horrek, ordea, lekua zein denbora adieraz dezake, gure corpusean aurkitu ez arren, azken urteetan sortu ditugun Behe Paleozeno edo Behe Pliozeno moduko elkarteetan. Orobat, ‘garai’ adieraren kontrakoa ere adieraz dezake, ihartutzat jo dugun Beterri izen propioan, edo Behe Pirinio, Behe Nafarroa205 toponimoetan.

Kide duen azpi arestikoarekin alderatzean ohartzen gara hemengoak askoz adibide gutxiago dituela ―mugakizunaren tokian doanean ([Izena+azpi] eta euskararen historian gertatu denaren bestaldera― eta han aipatzen genituen osaera berriek (azpigarapen edo azpibatzorde bezalakoek) hemen tokirik ez dutela. Honenbestez, esan daitekeela dirudi mugatzailearen tokian maizago jotzen dela azpi-ra ([azpi+Izena]) hemengo behe-ra ([behe+Izena]) baino, euskara estandarrean behinik behin.

III.2.10. GAIN

Corpuseko adibideetako mugakizun guztiak izen bizigabeak dira: alde, begiratu, ertz, so, zurikin

“Beraz, nahiz eta azalari, gain-aldeari dagokon gauza dela uste izan” (HE26,279).

“Aski da inguruetara gain-begiratu bat edo beste zabaltzea” (HE27,376).

“azpitik baltzez da karel ondoan edo gañertzean lerro urdin, zuri edo gorriz” (EJ59,40).

“Dugun beraz gain-so bat eman irlandarazko idazkuntzari lehen textuetatik gure egunetara arteo” (HE30,230).

“Bazterrera lekutzen du gain-zurikin latza” (HE18,60).

Osagaien arteko harreman semantikoak direla eta, adibideetako gehienek “gaineko, gainean dagoen… dena delakoa” dute parafrasia. Badira batzuk, halaz ere, ezin era honetara itzul ditzakegunak. Horrela, gainbegiratu, gainso aurreko moduan baino areago, “gainetik, azaletik… egiten den delakoa” emango genuke. Hots, berriz ere, aurre eta azpi mugatzaileei zegozkien ataletan esanak berriz esan beharko genituzke: erabilera berrien adierazle bide dira.

Azken ohar gisa esan beharko litzateke OEH eskuan hartuta, hemen aztergai ditugun eraikuntza lexikoen adibideak egon badauden arren (Larramendik urratutako bideari jarraituz), askoz ohikoagoak direla izenlagunaz (edo adizlagunaz) osaturiko sintagmak: “gaineko + izena”; “gainean, gainetik, gainera… + aditza”…

III.2.11. GIBEL

Mugakizunak: urriagoak dira gibel mugatzaile duten elkarteak. Guztietan, mugakizunak izen bizigabeak dira, eta horietako bat (hego-haize) aldi berean hitz elkartua: alde, hego-haize, ondo

“Hatz badun gibelaldean, / ikhusiko dun zenbat naizen habila” (HE18,105).

“Arontzakoan lagun, ez aundi, / gibel-egoaize epela” (HE18,342).

“Etzakiat zer gibelondo ukanen duen ene solasak, bainan xuxendu gogo hit, baituk beharra” (HE59,100).

Osagaien arteko harreman semantikoaz ez dago deus berririk esatekorik; ‘non’ erlazioa (§ I.5.9) da nagusi.

Gibelondo aipa daiteke lexikalizatutzat edo jo daitekeelako: ‘ondorioa’, ‘ondorena’.

Gure corpusean adibide gutxiago ditugu hiztegietan ―OEH barne― baino.

III.2.12. GOI

Mugakizun guztiak izenak dira; gehienak izen bizigabeak: alde, argi, arnasa, ate, buru, gela, herri, izen, kale, maila, subil, une

Baina izen bizidunak ere ager daitezke goi mugatzailearen eskuinean: aingeru, errege, ikusle

Baita izen bereziak ere: Amerika

Ihartutzat hartuko genituzke, bestalde: Goierri, Goizueta (Goizubieta forma osoaren aldaera ihartua)…

“Santu bat da. Mundua salbatzeko Jainkoak bidali digun Goiaingerua” (EJ03,77).

“Txondorra goi aldetik kargatzeko” (HE29,69).

“Goi-Ameriketako Sarkaldeko kontu oiek” (HE57,110).

“lehenak bigarrenari alde handia daramaiolarik poesiaz eta goi argiz” (EJ80,10).

“Basoa, ez aritzez zirudidan osatua, baizik… norbaitzuez: oin-oñeen gañean luze-luze egiñak, erne-indarra goi argi-yario artatik egarriz edaten…” (HE17,29).

“Zatozkida, goiarnas, eizu nerekin lan” (HE18,13).

“berriz muxarrak sartu ditezen, / zabali du goi-atea” (HE18,77).

“Barrena sartu gera eta an arrapatzen ditugu geren usteko lagun batzuk, abertzaleetan goi-buru egiten zutenak, lasai-lasai silloi apañetan exerita” (EJ49,60).

“Garai hartan Irlandarrak errege batzuen pean zeuden: bazen “ard-ri”, hots, “goi-errege” zeritzaion bat Tara hiriburuan; errege bat eskualde bakoitzaren buru; bai eta errege ttipiagoak (“tuath”) edo gizeli bakoitzaren gainean” (HE30,228).

“Garoak bildu zituten, egurrak metatu, / kristau ta aberên janak goi-gelan atetu” (HE18,91).

“Ontzigintzarako arazoetan erregeren goi-ikusle zen” (HE33,99).

“jaioterriak emon eutson bere euskal-lanak izenpetuteko goi-izena” (HE31,58).

“Abesti au ez dakit neuk zelan dan, baiña entzuna daukot txarri, zikin, loi-sats, urde, iguingarria dala, Bilbaoko goi-kaleetako txarritokietan erabilten dana” (HE21,61).

“Elizanburu’ren goi-maillik eta euskal-kutsurik ez izanarren” (HE28,84).

“Otzaratchoff-eko goiuneak asko esan gura dau gudeai antz ona emoteko alde aretan” (HE21,67).

Badugu adibide bat, itxura batean behintzat, aztertzeko bi modu onartzen dituena: Lizardiren goi argi-yario da. Nola aztertu behar da?

a. goi [argi-yario]

b. [goi argi]-yario

Horko marratxoak lehen hipotesira makurraraziko bagintu ere, bigarrenaren alde egingo genuke goiargi izen aski finkoan oin hartuz (goiargi + jario, alegia). Lizardik behin baino gehiagotan erabiltzen du; argi-yario-rik, berriz, ez. OEHk erakusten digunez, gainera, Lizardiren garaian (eta geroago ere bai) aski hedatua zegoen hitz berria da. Horrela hartzekotan mugakizuna argi da. Behin elkartuta (goiargi), elkartu osoa beste elkartu baten (goiargi-jario), elkartu sintetiko baten, mugatzaile bilakatu da.

Osagaien arteko harreman semantikoak aztertuaz, berriz, itxura guztien arabera “goiko + mugakizuna” da eman daitekeen ordezko parafrasia adibide askorentzat.

Batzuetan “goian dagoena” adierazi nahi da beste gabe (goialde, goiate, goigela, goikale, goiune, edo goierri bera) eta ‘non’ (§ I.5.9) da harremana. Goi-izen izan daiteke dudakoa: “goiko izena” (“benetako izenaren goiko izena”) nahiz “izenaren goikoa” bi parafrasiek, beharbada, balio izan dezaketelako. Hor daude goitizen eta izengoiti bi moldeak lekuko206.

Bestetan, berriz, badirudi non dagoen baino areago nondik datorren dela tarteko “goitik datorrena” edo litzateke aditzeko era (goiargi, goiarnasa); hemen, beraz, ‘jatorria’, ‘iturburua’ (§ I.5.1) bide da harremana.

Guztiarekin ere, badira arestiko bi harremanetan nekez sartuko genituzkeenak, edo, gutxienez beste ulerkeraren bat ere onartuko luketenak. Goi Amerika ez dirudi “goian dagoen Amerika” denik; “Amerikaren goiko aldea”, “Amerikaren goia” baizik.

Mugakizunak izen bizidunak direnean, oro har, are nekezago egiten da eman ditugun parafrasietara jotzea: goiaingeru, goierrege edo, mugakizuna itxuraz bizigabea bada ere, bizidun bilakatua duen goiburu207 ez dira “goian dagoen aingerua / erregea / burua”, ez “goitik datorrena”, ez “aingeruaren / erregearen / buruaren goia”; “aingeru / errege lehena”, “aingeruen / erregeen buruen goiko, goragoko gradua” edo baizik. Gure corpusean jaso ez dugun, baina OEHk jasotzen dituen goi-ikaskuntza eta goi-ikastetxe elkarteetan duen adiera bera. Azpi mugatzaileaz aritzean aipatu dugun hiztegietako definizioek inoiz jasotzen duten hierarkia maila, alegia.

Goi-ikusle-k, bestalde, beste azalpen semantiko bat eskakizun du, arestiko guztiek ez baitute balio, ezta “goiak ikusten dituena, goien ikuslea” sintetiko moduan ulertuta izango genukeena ere: “goitik ikusten duena” bide da. Alegia arestian gainbegiratu-z esan duguna berriz esan beharko genuke hemen.

III.2.13. KANPO

Mugakizunak. Izen bizigabeak: alde, aldi, etxe, herri, lan, larrosa, zabaltasun

Izen bizidunak: jende, zozo

“ero-buruñoa kanpoalderat poxi bat ateratzea” (HE59,11).

“Sabando. Haurtzaro-gaztaroak. Euskara. Kanpo aldi. Jesuita nahian” (EJ00,176).

“¿Baina, sequera dunagaz lò eguiten davena, ala campo-eche osasuntsu baten vitzi dana, leenago, ta sarrijago?” (HE09,186).

“kanpo errira goazeneko erderaz danok ikasi” (HE25,99).

“Kanpojendez beterik Luzaide” (HE31,81).

“Jaiotzetikan oituak geunden / baserri zabal batian, / kanpo-lanian jarraitu degu / juan diran zenbait urtian; egun batetik bestera danok / sartu gaituzte lurpian, / orain kalian bizi bearra / lau paretaren tartian” (EJ66,143).

“Ez naiz kanpo larrosa eta etxe kardo horietakoa” (EB87,32).

“Kanpo-zabaltasunak eta ibilaldiak, uretako bustialdiak eta merienda ugariak ditu gogoan ondorengo urteetan ere” (EJ00,177).

“Zu, tripaundi! Zenbat eper jango zeunkez zuk bazkari baten? / … hogeitamarretik gora. / … Eta zozoak? / Hemengoak ala kanpo-zozoak? / Bardin da. / Ba hemengoak hirurehun, laurehun… Kanpokoak bostehun baino gehiago” (HE44,22).

Ikusi bezala, mugakizun guztiak izenak dira; oso bizidun gutxi jaso ditugu gure corpusean; gizaki bakarra.

Osagaien arteko erlazio semantikoei dagokienez, lehenik eta behin gogoan behar da izan mugatzaile honek aski adiera zabala izanik ere (‘barrengoa ez dena’), ñabardurak izan ditzakeela. Adierarik usuena eta zabalena lekuari dihoakiona da. Adiera honen barrutian, ñabarduretan sartuz eta zabalenetik xeheenera joz, lehenik aipatu beharrekoa ondokoa da: “zerbaiten barrenari aurrez aurre jartzen zaiona”; bestela esan, “barrena (etxea) / kanpoa” paratzen ditugu elkarren kontra: kanpoalde, kanpo-lan, kanpolarrosa208… Hauen guztien aditzeko modua: “kanpoko + mugakizuna” da, alegia, “kanpoan dagoen edo egiten den dena delakoa”. Mugatzaileak zerbait nonbait kokatzen du.

Ñabardura xeheagoa du hurrengoak: “hemengoa (sorlekua) / kanpokoa (atzerria…)” dira aurkez aurke jarriak; kanpo-k hemen bertakoa ez dela adierazten du batik bat: kanpo aldi, kanpo herri, kanpojende, kanpozozo… Hauentzat ere goikoen antzeko parafrasia emateko eragozpen handirik ez bide dago: “kanpoko…”.

Mugakizun bizigabeak ditugunean, arestikoen parafrasia —“kanpoan dagoen…”— egokia izan daitekeela dirudi eta horren ondorioz, berriz ere, ‘non’ (§ I.5.9) harremanekotzat jo. Bizidunak ditugunean, aldiz, “kanpoan sortu den, kanpokoa den (kanpotik etorri den)…” parafrasia egokiagoa bide litzateke. Beste modu batera esanda, kanpojende nekez erabiliko litzateke, beste gabe, “kanpoan dagoen jendea” adierazteko. Hau dela eta, frantses ardo, atzerri hitz edo euskal / erdal mugatzailea duten hitz elkartu askoren bidetik, ‘iturburua’, ‘jatorria’ (§ I.5.1) adieraztetik gertuago ikusten ditugu hitzok.

Badu, bestalde, kanpo-k beste bigarren adiera bat, aurrekoarekin hein batean lotuta egonik ere, berezia dena: “landa, zelaia, eremua, leku zabala”. Mugatzailearen adierari begiratuta, kanpoetxe, kanpo-zabaltasun adibideak hemen sartzekoak lirateke, baina osagaien arteko harreman semantikoei erreparatuz gero, ezingo genituzke biak gisa berekotzat jo, ikusiko dugun bezala.

“Landan (eta ez herrian edo hirian) dagoen etxea” da kanpoetxe, eta, hortaz, lehen ere aipatu dugun ‘non’ bidezko parafrasia emango genioke, nahiz eta arestikoek baino adiera zehatzagoa duen mugatzaileak. Honenbestez, mendietxe edo basetxe hitz elkartuetatik gertuago ikusten dugu gainerako [kanpo + izena] elkartuetatik baino. Horregatik, apika, hobeto legoke Behi-esne arrunten multzoko ‘lekua’ harremanean hemen baino.

Kanpo-zabaltasun ere bestelakoa begitantzen zaigu. Hitz elkartu hau ezingo genuke inondik inora aurrekoak bezala itzuli, ez dago eta balio deiktikoaren arrastorik. Ez baita “kanpoan dagoen zabaltasuna”, ez “kanpoan sortu dena”, dena dela kanpo hori. Areago, hemen ezingo genuke “kanpoko zabaltasuna” parafrasirik eman hitz elkartu honen adierari iruzur egin gabe; garbi esan, ‘jabegoa’ harremana dugu nagusi: “kanpoaren zabaltasuna” da, “kanpoak duen zabaltasuna”, giza askatasuna “gizakiaren / gizonaren askatasuna” den bezalaxe. Hau dela eta, kanpo mugatzailea eramanagatik, beharbada adibide hau ere gainerako Behi-esne arruntekin batean bildu beharko litzateke.

Hori guztia gogoan hartuta, galdetzekoa da zenbateraino eusten dion bigarren kanpo deitu diogun honek (‘landa’…) leku-izen izateari, zenbateraino erabiltzen dugun leku-izen moduan, edo ez ote den, besterik gabe, gainerako Behi-esne arruntekin batean ikusi behar. Bestela esan, hitz-elkarketan duen jokamoldea ikusita, ez ote liratekeen bi kanpo bereizi beharko, kanpo1 atal honetako leku-denborazko izenekin batean aztertzekoa, postposizio izenkidea duena (lehen adierakoa, bere ñabardurak dituela) eta bestea, kanpo2, erreferentzia sendoagoko, zehatzagoko izena (bigarren adierakoa)209.

Azkenerako utzi dugu kanpolarrosa metafora. Goiko adibideak garbi erakusten duen bezala, etxe kardo-ren ifrentzutzat hartua dago eta “kanpokoentzat ona, eskuzabala…, baina etxekoentzat hala ez dena” edo adiera du, “kanpoan uso, etxean otso”-ren kide-kidea, alegia.

III.3. Mugatzaileen eta mugakizunen gramatika-kategoria

Mugatzailez mugatzaile esaten joan garen moduan, mugakizunak beti izenak dira eta ia beti bizigabeak eta konkretuak. Izen bizidunen bat edo beste atera zaigu bidera, aitzin, aurre, azpi, barne, goi eta kanpo mugatzaileen eskuinean, baina oso gutxi dira eta, nolanahi dela ere, ez dago proportziorik mugakizun bizidunen eta bizigabeen artean.

Izen bereziak ere, arras gutxi: Amerika, Nafarroa, Pirinioak. Hirurak behe mugatzailearen eskuinean (goi-renean Amerika ere jaso dugu).

Alegia, badirudi elkarketa-mota honetan batik bat osagai bizigabeek hartzen dutela esku. Beste kontu bat da behin elkartu ondoren hitz elkartu osoaren erreferentea bizigabea den (ohikoena) edo, metafora dela medio, bizidun bilakatu den, aurresku eta kanpolarrosa adibide bakanetan dugun bezala.

Eta antzeko kontua dugu izen berezien atalean. Goi eta Behe Amerika, Behe Nafarroa eta Behe Pirinioak mugakizun bereziak dituztenen ondoan, aipatzekoak dira elkartu ondoren “zer” bakarra izendatzeko deizio, izen berezi izatera iritsi direnak: Barrenkale, Beterri, Goierri, esate baterako.

Esan bezala, eta liburu honi dagokion moduan, atal honetan jaso ditugun mugakizunak izenak dira. Zehaztapen horrek badu garrantzirik eta ondoriorik. Izan ere, izena izan ohi da atal honetako mugatzaileen mugakizuna eta ez aditza (H-E/3: 26-27 / 6-7):

[leku-denborazko mugatzailedunak: aurreikusi, azpimarkatu…] Adibide gutxi dira, mende honetakoak, eta badirudi lehen osagaia aditzlaguntzat har daitekeela: ‘aldez aurretik ikusi210’, ‘azpian markatu’, ‘gainetik bihurritu/xuritu’. Ez dirudi, beraz, azken urteetan zenbait erdal aurrizki hauen bidez ordezkatzeko hedatzen ari den joerak tradizio handiegirik duenik. (…) Leku-denborazko mugatzailea duten aditz-elkarteak ere urriak direla erakutsi digu adibidetegiak, dozenerdi adibidetik gora aurkitzea nekeza da eta. Leku-denborazko mugatzaileekin elkartzen den mugakizuna izena izan ohi da (ik. Hitz-Elkarketa II); bestelakoak, gain, goi, aurre… + aditza erakoak nahikoa bakanak, areago gehienak mende honetakoak, dira gure literatur tradizioan211.

Eraikuntza-mota hori inoiz egiten dugula onartuta, hortaz, kontua da zehaztea zein den osagaien arteko harremana, elkarketa ulertzeko modua.

Lehen aukeran bi harreman-mota eta bi ulertzeko modu daudela ematen du:

  1. Ezkerreko osagaia eskuinekoaren modifikatzailea da, adizlaguna da: “azpian marratu” edo da aditzeko modua.
  2. Hitz elkartu sintetikoen gisa, azpimarratu ezkerreko osagaia eskuinekoaren osagarria da eta osagarri zuzenaren eginkizuna du. Aditzeko modua “azpia marratu” da.

Bigarren aukera honek, baina, kontra du tradizioan euskaraz ez dugula gisa horretako aditzik osatu, aditz-esapideak alde batera utzita (hitz egin, min hartu…), hitz elkartu sintetikoen atalean azaldu genuen bezala (H-E/3: 47 hur. / 27 hur.)212.

Honenbestez, 1. aditzeko modura jo beharko genukeela dirudi; alegia ‘azpian marratu’, ‘gainean jarri’, ‘gainean ezarri’ edo, berez gain izenaren adiera aldatuaz, ‘gehiegi kargatu’. Baina, berriz esan, azpimarratu aditzaren osaera-adierok ez bide digute balio aitzingidari etab. ere modu berean (1. *aitzingidatu → aitzingidari) eratu ditugula ondorioztatzeko. Beraz, “leku-izena + aditza” elkartzea bera da, antza, euskal gramatikak oso erraz ez daukan bidea. Bestela esan, adibideek erakutsi digute euskaraz leku-denborazko mugatzaileak elkarketan darabiltzagunean izenak onartzen dituela batik bat bere eskuinean eta beste kategorietakoak adierazi behar ditugunean sintaxira jotzenago dugula.

Guztiarekin ere, erdal aurrizkiei euskaraz eman zaien ordainen ikuspegitik ere hel dakioke auzi honi, dudarik gabe, ez baitugu ahantzi behar, itxura guztien arabera, terminologietan gisa honetako eraikuntzek sarbidea badutela eta terminologiek eguneroko hizkeran egun duten eragina bistakoa da, aipatu berri ditugun adibideek erakusten duten bezala.

III.4. Osagaien arteko erlazio semantikoak

Mugatzaileak direnak direla ―lekua eta/edo denbora adierazten dutenak―, ulertzekoa da osagaien arteko harremanak ere, oro har, lekua edo denbora adieraztearekin zerikusia izatea. Hortaz, ‘lekua’ (NON) harremanarekin (§ I.5.9) egin dugu topo usuenik. Beste batzuetan ‘denbora’ (NOIZ) (§ I.5.8) eta ‘iturburua’ (NONDIK) (§ I.5.1) ere jaso ditugu. Esan ere esan dugu batzuetan mugatzaileak nonbait edo noizbait kokatzea baino areago gradua edo hierarkian maila zehaztea zuela eginkizun (esate baterako, azpi).

Harremanak harreman, gehienetan elkartuaren burua, bai morfologikoa bai semantikoa, eskuineko osagaia da, mugakizuna, Behi-esne mendekotasunezko elkartu arruntetan ohi den bezala. Baina era berean adierazi dugu guztiak ezin direla gisa horretan azaldu. Alegia, batzuetan leku-denborazko mugatzailea duen elkartuaren buru semantikoa mugatzailea bera dela, hain zuzen, eta ez mugakizuna.

Hala ere, ez dezagun atzendu batzuetan ez dela samurra garbi bereiztea zein den elkartuaren esanahi zehatza, edo bitara har daitekeela. L. Guilbert-ek (1971) dioen bezala, hizpidean ditugun erromantzeetako eratorrietan, gogoan eduki behar da, besteak beste, azpiko egituran leudekeen izenak bi ikuspegiren arabera azter daitezkeela: parafrasia kasu guztietan “I1-en {aurrean, atzean, gainean…} dagoen I2” izanik, izen bera egon daiteke I1 eta I2 sinboloek ordezkatua (postdate: “une date qui est après la date”), edo desberdinak izan daitezke bi izen horiek (antichambre: “une pièce qui est avant la chambre”), edo, bestela, I1-en azpimultzoa izan daiteke I2 (avant-scène: “la partie de la scène qui est devant la scène”). Alegia, aitzinsolas, aurreiritzi eta gainerakoez aritzean esan duguna.

Hortaz, euskarari dagokionez, berriz esan, galdetzekoa da noiz dugun ohiko mendekotasunezko izen elkartua, buru guztizko eta erabatekoa eskuineko osagaia duena, mugakizuna, eta noiz ari garen beste gisa bateko eraikuntza lexikoak gauzatzen, burua (buru semantikoa behintzat) ezkerreko osagaian adierazita.

III.5. Emankortasuna

Gehienetan bezala, adibideen kopuru soilari erreparatuta, garbi ikusten da mugatzaileetako batzuk maizago darabiltzagula beste batzuk baino. Esate baterako, aurre, azpi, barne, behe, goi eta, hein batean bederen, gain askoz maizago erabili ditugu hitz elkartuak osatzeko aitzin, albo, barru, barren, bazter edo gibel baino.

Lehenago iradoki dugunez, debeku handiegirik gabe erabiltzen ditugu leku-denborazko mugatzaileok izena denean mugakizun; ez mukuru, hala guztiz.

Era berean, oroitu beharko genuke gure leku-denborazko izenen ordain izan ohi diren aurrizkiez baliatuz eratorririko hitz oro ezin eman daitekeela itsu-itsuan egitura kalkatu hutsez, aurrizkiaren adiera eta osagaien arteko harremana kontuan hartu gabe; euskal elkarketa-mota honek mugak dituela saihestu gabe.

Honenbestez, elkarketa-mota honen bizitasuna ukatu gabe ere, ohartu behar dugu izenlagunez askoz maizago darabiltzagula adibidetegi honetako formen kideak (alboko gela, aurreko baldintza, azpiko egitura, barneko bizitza, bazterreko herri, goiko kale…) adibidetegian jasotako elkartu asko baino.

Nahiz aspaldi samarreko lekuko bat edo beste ere egon badagoen (Leizarraga Beskoitzekoaren aldiri, Lizarraga Elkanokoaren aldiritar eta, batik bat, Larramendiren hamaika sorkari), formen lehen agerpenen berri ematen duten hiztegiak begiratu besterik ez dago ohartzeko ez direla oso zaharrak eredu horren arabera eratu ditugun hitzak.

III.6. Idazkera

Euskaltzaindiaren arauak (25. arauak) dioenaren arabera, mugatzailea aurre, azpi edo gain dutenak bat eginik idatziko dira: aurrekontu, azpiegitura, gainbalio(H-E/4: 97 / 83). Gainerako mugatzaileez ez dago berariazko araurik. Honenbestez, pentsatzekoa da Eguzki-lore mota osoarentzat dagoena dagokiela: aukeran marratxoz lotuta nahiz bereiz idaztea.


193 Beste lekukotasun batzuen artean, hona hauek: “Merece señalarse que la lengua vasca, donde la composición ―de tipo muy poco románico― sigue siendo hoy un procedimiento muy productivo, no ha conseguido hacerse con un sistema de prefijos. No se descubren más que conatos aislados, que sólo en algún caso (des- alternando con ez-, la partícula negativa vasca, en desegin ‘deshacer’, des- / ezberdin ‘desigual’, etc., mes- en algunos dialectos) ha llegado a tener vitalidad. (Mitxelena 1974, PT: 216).

“Tales preverbios [ac-, con-, de-, ex-, in-, per-, prae-, re-, sus-] no están incluidos en ninguna lista de universales lingüisticos y ni siquiera está probado que su posesión aumente o mejore las posibilidades expresivas de un idioma. Pero el hecho es que las lenguas indoeuropeas, y basta con tener en cuenta las indoeuropeas, los tienen por herencia o por readquisición, y que constituyen un instrumento fácil para sacar cinco, diez o quince verbos de cada verbo, mientras que nuestro ekarri sería una raíz estéril que no da otro fruto más que el causativo erakarri.

Tampoco faltan estos preverbios en las lenguas kartvélicas, empezando ya por el georgiano más antiguo, y, por lo que sé, también aparecen en húngaro, por ejemplo. Hasta se podría decir, exagerando algo, que los preverbios son un elemento constitutivo de nuestra civilización, al serlo de casi todas las lenguas, grandes y pequeñas, que le sirven de vehículo. Y esa civilización solamente es nuestra porque nosotros, al menos en los niveles más altos, hemos sido y somos receptores, no creadores. Así pues, como receptores, estamos condenados a recibir, junto con ideas y productos, las formas lingüísticas a que van unidos”. Mitxelena (1977a: 76).

194 Nolanahi dela ere, eta iragaitzaz bada ere, Mitxelena (1968, 1977a), Amuriza (1974), Villasante (1974), Mujika (1978, 1982), Irigoyen (1979), Irazola (1985), Butron; de Pedro; Olanga (1986), Azkarate (1991, 1992), Perez Gaztelu (1995a, 1995b, 1998, 2004, 2010, 2012) eta LEF batzordeko lan argitaragabeak aipatu beharrak dira, besteak beste.

195 Esate baterako, mailegatzea bera ez aipatzearren, eratorbidea, atal honetan ikusiko ez ditugun beste hitz elkartu mota batzuk, eta sintaxi-egiturak izan daitezke hainbat erdal aurrizkiren euskal ordainak. Adibidez: inaceptable = onartezin, embarcar = ontziratu, internacional = nazioarteko, extraordinario = ohiz kanpoko

196 XX. mendeko corpusari begiratu bat ematea besterik ez dago horretaz ohartzeko.

197 Mugakizun bereziko elkarteen artean ere du une/gune mugakizunaz osatutako izen elkartuen artean (§ II.7.2.6)..

198 Egia da era honetan eratutako aditzen bat edo beste badagoela hiztegietan, baina askoz gutxiago dira izenak baino. Ik. honezaz H-E/3, I.1.2.: 26-27 / 6-7; eta liburu honetan bertan (§ III.3).

199 Egunaurre ere aldamenean du. Halako bikoteak aldizka egoteak (hitzaurre / aitzinsolas...) hiztunon zalantza ispilatzen bide du.

200 Aurrizki erromantzeetan oso bizirik dagoen adiera da mailakatzea, graduatzea: sobredosis, subdesarrollo... Ik. Turon-en (2004) azterketa.

201 Alegia, SUB-, INFRA- erdal aurrizkiek duten balioetako bat.

202 Ohargarria da mugakizuna aditzetik eratorritako izena izatea, edo aditz baten ekintzari lotua; horrek azal dezake aditzaren argumentuei dagokien ‘jasailea’ errol tematikoa egokia izatea.

203 Euskalterm kontsulta daiteke eta agudo ikusi barne-ren erabateko nagusitasuna eta beste bi aldaeren lekuko falta. Euskara batuan hitz berriak sortzean barne bultzatu da, eta nagusitu, eta beste biak baztertu: barne-ekipamendu, barne-zola, barne auditoretza, barne-eragiketa, barne-estaldura, Barne Geodinamika, barne-administrazio, barne-agertoki, barne-aire, barne-analisi, barne-argi, barne-araudi, barne-diseinu, barne-energia, etab.

204 OEHk badakar Urteren bazter-jaun. Autore berak bazter gizon ere jasotzen du (Ik. Urkizu IV, 114).

205 Oroit dezagun, dena den, Euskaltzaindiak Baxe Nafarroa eta Nafarroa Beherea formak arautu dituela, eta ez Behe Nafarroa. Horrek berak adierazten du zein den kasu honetan behe-ren adiera.

206 Alde honetatik aurregun / egunaurre dakar gogora.

207 Gure corpusekoaz ari gara. Beste goiburu bat ere badago, noski, ‘helburua’, ‘ikurritza’, bizidunei ez dihoakiena.

208 Kanpolarrosa elkarteak, dena den, balio metaforikoa du; geroxeago azalduko dugu hori.

209 Ez zaigu oharkabean pasatzen iritzi honek ondorio lexikografikoak izan ditzakeela, baina hizkuntzen historian ez da arrotza adiera askoko hitz bakarra zena (polisemia) forma bereko hitz desberdinak izatera (homonimia) iristea.

210 Hiztegi Batuan aditz hau jasotzen zen, “aurrez ikusi” sintagma hobetsita. Une honetan (2014ko maiatza) "aurreikusi, aurreikus, aurreikusten" hobesten da.

211 Alegia, inoiz eratu izan diren ondokoen modukoak ez dirudi euskararen orain arteko joera zabalarekin bat datozenik: arteikusi ‘entrever’, (t)artejarri ‘interponer’, gainpasatu ‘traspasar’, gehieraiki ‘sobreedificar’, barnentzun ‘auscultar’, aurreburutu ‘preconcebir’, zeharjoan ‘atravesar’, gerojarri ‘aplazar’, behezatitu ‘subdividir’...

212 Gainera, “liburua azpimarratu dut” bezalakoak egin ahal izateak ixten bide du aukera hau, marratu aditzak aldi berean bi osagarri (liburua eta azpia) izango lituzke eta. Erka honakoarekin: Hitz polita esan diot / Hitz egin diot / *Hitz polita hitz egin diot. Berriz ere, argumentu-egiturarekin egiten dugu topo.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper