Hitz-elkarketa/2: II.6. SUMPSUMTIVE MOTAKOAK

II.6. SUMPSUMTIVE MOTAKOAK

II.6.1. Sarrera

Hitz elkartu hauek euskaraz ez ezik (H-E/1, VIII.4: 73 / 68; Azkarate 1990: 196-199; 1991, 119; Pérez Gaztelu; Zabala; Gràcia 2004: 129-130) beste hizkuntza batzuetan ere aztertu izan dituzte (Darmesteter 1874: 142; Bergsten 1911: 50; Koziol 1937: 49; Marchand 1965: 302; Levy 1978: 92-93…)101. Marchand-en sumpsumtive deizioa eta definizioa geure eginez honela definitu zituen elkartuok: “mugakizuna genus proximum eta mugatzailea differentia specifica izan ohi dira” (H-E/1, VIII.4: 73 / 68). Horregatik, “Species-Genus” ere deitu izan zaie. Azkarateren (1990: 196) modura esanez, “ezkerreko osagaiak espeziea eta eskuinekoak generoa adierazten dute”; hots, lizar arbola, jaspe harria, menta belarra hitz elkartuak hartuta, ohartuko gara ezkerreko osagaiak (lizar, jaspe, menta) espeziea, erreferente zehatza, eta eskuinekoak (arbola, harria, belarra) generoa, erreferente zabala adierazten dituztela.

Semantikaren ikuspegitik begiratuta, osagaien arteko harremana inklusiozkoa, hiponimiazkoa dela esan daiteke. Hauxe dute ezaugarri funtsezkoena: hiponimia; bestela esan, ezkerreko osagaia, zehatzena, hiponimoa da (errealitateko erreferentzia-esparru txikiagoa duena) eta eskuinekoa, berriz, hiperonimoa (errealitateko erreferentzia-esparru zabalagoa duena) (Dubois 1983; Lyons 1977: 273 hur.). Honek dakar hitz elkartu horien parafrasiak analitiko edo tautologikotzat102 ere hartu ahal izatea: “lizarra arbola da”, “jaspea harria da”, “menta belarra da”103; hau da, askotan ezkerreko osagaia aipatzea aski izan daiteke ―hiztunak mundu horren berri badu bederen― izendatu nahi dena izendatzeko, bere esanahian eskuinekoaren esanahia ere sartua baitago: lizarra = lizar arbola, jaspea = jaspe harria

Beste era batera esanda, elkartearen tasunak edo ezaugarriak (lizar arbola), azken batean, bi osagaiek batean dituztenak dira; mugakizunaren ezaugarri guztiak hartuta (arbola izenarena, esate baterako), mugatzaileak (lizar) aukeratzen du mugakizunaren ezaugarrien artean; horrexegatik erabil daiteke mugatzailea bakarrik, elkarte osoaren ezaugarriak adierazten baititu104.

Nolanahi dela ere, ezin esan daiteke sumpsumtibotzat jo izan diren guztietan harreman hau betetzen denik, mihi arraina, eguzki lorea…; Errezil sagarra, Donian belarra, San Joan lorea eta beste hainbatez ezin esan daiteke jaso berri duguna: *“mihia arraina da”, *“Errezil sagarra da”…

Errealitatea izendatzea eta sailkatzea ez dagokio bakar-bakarrik hitz elkartu mota jakin honi, egia da, baina esan daiteke horixe dutela hitz elkartuok berezitasun. Horregatik, hitz elkartuok natur zientzietako terminologian (landareak, animaliak, mineralak…) eta, oro har, taxonomia beharrezkoa dutenetan dute erabilera-esparru nagusia. Baina irizpide horri eutsiz, arestikoekin batean beste batzuk ere aipatu ziren H-E/3 lanean

Gainmultzo-izaera hori benetakoa izan daiteke, edo logiko-abstraktua (…) aberaste-lan, ebaluazio-lan, gizarteratze-lan, afari-kontu, elebitasun-kontu, definizio-kontu, ulermen-kontu modukoek osatzen dute, bestalde, logiko-abstraktuen saila. (H-E/3: 78-79)

Honenbestez esana dago naturaren mundutik kanpo ere baliatzen garela elkarketa-mota honezaz, adigai abstraktuagoak tartean direnean, baina betiere gisa bateko nahiz besteko errealitatea sailkatzea izanik eginkizun.

Xehetasunetan sartu baino lehen, uste dugu komeni dela sumpsumtiboak auzo dituzten beste hitz elkartu batzuen parean paratzea sumpsumtiboen ezaugarriak argitzeko baliagarria gertatuko delakoan.

Oin-oharrean esan dugun moduan, alde batetik, sumpsumtiboak atributuzkoekin batean sailkatu izan duenik bada. Bestetik, berriz, aurreko lanetan aipatua dago sumpsumtiboak eta aposizioak bereizi beharra eta azpimarratu aposizioen eta atributu-elkarteen arteko antza (H-E/3, X.2.: 112 hur. / 92 hur.). Badirudi, hortaz, beharrezkoa dela sumpsumtiboen, atributu-elkarteen eta aposizioen arteko antzak eta aldeak bereizten saiatzea.

Elkartuen osaera morfologikotik abiatuko gara. Bai atributuzkoen, bai sumpsumtiboen osagaiak bi izen arrunt izan ohi dira, oro har, nahiz eta ezkerreko osagaia izen berezia duten adibide batzuk ere aipatzen diren sumpsumtiboen artean (H-E/3, X.2.1.: 112 / 92): Errezil sagarra, Donian bedarrac… Aposizioetan, aldiz, ohikoena da ezkerreko osagaia izen berezia izatea: Bidasoa ibaia, Aloña mendia. Hala ere, sintagma, are perpaus osoak (“Que-sais-je” bilduma, “Acto para la noche buena” teatro-lana…) eta izen arruntak, letrak, sinboloak… ere (p letra, “apartheid” politika…) izan daitezke aposizioaren ezkerreko osagaiak.

Ez du ematen osaera morfologikoak argi handirik ematen duenik elkartuok bereizteko. Argudioak beste nonbait bilatu behar.

Atributuzkoetan, oro har105, ezkerreko osagaiak ezartzen du elkartuaren erreferentzia. Horrela, esate baterako, lehoi errege, hiri etsai atributiboetan, lehoiaz, hiriaz ari gara eta lehoi edo hiri horiezaz predikatzen dugu errege edo etsai direla. Honenbestez, ezkerreko osagaiak multzo zabala adierazten du (lehoi, hiri) eta eskuinekoak, nolabait esan, multzo horretako azpimultzoa (“erregea dena eta ez bestea”, “etsaia dena eta ez bestea”). Baina ez dago zertan bi osagaien arteko parekotasunik izan: esate baterako, ezer gutxi dute batean ‘lehoi’ izateak eta ‘errege’ izateak elkartetik kanpo.

Aposizioetan ere ezkerreko osagaiak ezarri ohi du elkartuaren erreferentzia, baina, atributuzkoetan ez bezala, eskuineko osagaia ere bada elkartuaren erreferentziaren parte. Esan nahi da Gorbeia mendia, p letra aposizioetan Gorbeia, p osagaiak dira erreferentzia zehatza ematen digutenak; areago, denboraren poderioz ezkerreko osagai soila aski izan daiteke elkartu osoak izendatzen duena izendatzeko. Eskuineko osagaiak argitzen du zein eratakoak diren izaki edo gauzaki horiek: mendia, letra…; alegia, ezkerreko osagaia bere multzo zabalean kokatzen laguntzen digu. Nolanahi dela ere, errepara badutela bi osagaien ezaugarriek zerbait batean: Gorbeia mendiaren izena da, p letraren izena da106. Hau da, hitz elkartuak bi osagaien ezaugarriak nolabait bereganatzen dituela esan daiteke.

Aposizioen bereizgarria “zer” bakarra izendatzean datza. Eta honexek balioko digu bestela oso antzekoak diren sumpsumtiboetatik bereizteko.

Sumpsumtiboetan ere osagaien arteko harreman semantikoa arestikoa bezalakoa da: multzo zabala eskuinekoak adierazten du (harria, belarra…) eta ezkerrekoak zehatza (jaspe, hirusta…), baina ezkerreko osagaiak ez du “zer” bakarra izendatzen, sail osoa baizik. Egia da, hala ere, badagoela adibideren bat edo beste alderantzizko hurrenkeraren araberakoa: esate baterako, zakur galgo107, zakur xarlango. Sumpsumtiboen artean sailkatzeko debekurik batere ez bide dugu: osagaien arteko harremana hiponimiazkoa da, xarlango, galgo esatea aski da zakur-mota horiezaz ari garela adierazteko. Baina, ez dezagun ahantz salbuespena direla.

Orain arte hizketagai izan ditugun sumpsumtiboak gisa bertsukoak dira eta eman ditugun ezaugarrien arabera azal daitezke. Ez dira, baina, mota honetan sailkatu izan diren guztiak azaltzeko egokiak.

Badira sumpsumtibotzat hartzen diren elkartuen artean: mihi arraina, katuarrain, lehoi inurria, arratoi zakurra, edo ―bitxia irudituagatik― eguzki-lorea bezalakoak. Sumpsumtiboen artean sartzeko modukoak dirudite, arrain, inurri, zakur, lore-motak izendatzeko darabiltzagun izenak baitira. Baina hitz elkartuaren erreferentea eskuineko osagaiak ezartzen du, ez ezkerrekoak, lehen ikusiek egiten zuten bezala. Eta, batez ere, ez dago hiponimiazko erlaziorik ez tautologiarik: “hirusta belarra da”, baina “mihia ez da arraina”, “katua ez da arraina”, “lehoia ez da inurria”, “arratoia ez da zakurra”, “eguzkia ez da lorea”… Ez dago garbi zenbateraino eutsi dakiokeen ezkerreko izenak espeziea adierazten duen usteari: mihia, ezpata, katua, arratoia, eguzkia noraino har daitezke espezieak adierazteko deiziotzat?. Honezaz gain, bistan da guztietan ezkerreko osagaiak konparazio batean duela oinarria “mihia bezalako”, “mihi itxurako arraina”, “arratoiaren antzeko zakurra”… Alegia, beste multzo bat osatzen dute konparazioan108 oinarritzen diren beste hitz elkartuok, ezkerreko osagaiak, oro har, adierazten du zein itxura, kolore (urre-lili, urretxindor …), etab. duen eskuinekoak.

Beste hainbat kasutan, berriz, duda sor daiteke hitz elkartua sailkatzean, batez ere osagaien arteko harreman semantikoa hiponimian (lizar arbola modukoak) edo konparazioan oinarritua ez denean (mihi arraina modukoak). Har ditzagun, usain-belarra, pasmo-belarra, kotoi-landarea, bazka-landarea, esate baterako; badira belar edo landare-moten deizioak; erbi-txakurra, artzanora… ere badira gisa bateko edo besteko zakurrak, baina osagaien arteko erlazio semantikoei begiratuta ikusten dugu ez dagoela lehen aipatu dugun harremanaz hitz egiterik; areago, era askotako harremanak izan daitezkeela tartean: “usaina ematen duen belarra”, “kotoia emango duen landarea”; hau da, mendekotasunezko hitz elkartua, ‘ondorioa’ erlazio semantikoaren adierazlea dena; “pasmoa sendatzeko belarra”, “bazkarako landarea”, “erbiak harrapatzeko txakurra”; hots, ‘helburua’ adierazten dutenak; bestetik, berriz, “artzainek erabiltzeko, artzainen ora”, mendekotasunezkoa ‘jabegoa’ (edo helburua, norentzakoa) adieraziko lukeena dugu artzanora hitz elkartuaren ulerkera…

Kontua korapilatsuagoa da eskuineko osagaia kontu, lan edo hauen gisako adigai zabalagoa, “logiko-abstraktua” (H-E/4, 11.2.3) adierazten duena denean —gauza, esate baterako—: kontu, lan motak direla ukatu gabe ere, ez al dago askotan ulertzerik mendekotasunezko hitz elkartua dela eta ezkerreko osagaiak ‘edukia’ (§ II.5.4) adierazten duela? afari-kontu, arte-lan ezin al dira ulertu: “kontuaren gaia, edukia… afaria da”, “lanaren gaia, edukia… artea da”?, edo, ‘egilea’, atso-kontu, apaiz-lan elkartuetan duguna?.

Ikusitako honek guztiak gogoeta honetara garamatza: sumpsumtiboez ari garelarik bereizi behar dira hitz elkartuok duten eginkizuna, taxonomikoa batik bat, eta izaera morfologiko-semantikoa; zehazkiago esan, osagai-motak, osagaien arteko harremanak eta elkartu osoaren eta osagaien artekoak.

Lehen irizpidea gehiegi zabaltzeak eraman gaitzake motak, sailak, azpimultzoak…―lehen ahotan genuen hiponimiazko harremana azken batean― adierazten dituzten hitz elkartu guztiak sail honetan sartzera: zergatik ez kokatu, esate baterako, esne-behi sumpsumtiboen artean?, ez al du behi-mota bat adierazten? Bestetik, berriz, ez dugu ahantzi behar sumpsumtiboetatik landa beste baliabide batzuk ere badarabiltzagula sailak edo multzoak bereizteko109. Garbi dago, hortaz, irizpide hau ez dela aski hitz elkartu bat mota honetan kokatzeko.

Horiek horrela, osagaien izaerari eta harremanei begiratzea ezinbestekoa da. Esana dugu hitz elkartu mota hau osatzen duten bi osagaiak izen arruntak izan ohi direla. Era berean adierazia dago bai bizidunak (animaliak…) bai bizigabeak ―hizkuntzaren ikuspegitik hala direnak― (landareak barne) izaten direla.

Bestalde, ez genuke zokoratu beharko bi osagai horien arteko harreman nagusia: hiponimiazkoa, hain zuzen ere. Ezta hiponimiazko harreman horren arrunteko ordena: ezkerrekoak murritza, eskuinekoak zabala. Eta, horiekin batean, elkartuaren ezaugarrien eta elkartuko osagaien arteko harremanak. Geroxeago zehaztuko dugu hau.

Gure ustez, aipatu berri ditugun ezaugarriak dituzte berezi eta bereak sumpsumtibo motakoek, oro har; honexek bereizten ditu beste hitz elkartu motetatik. Baina irizpide hau estu hartzeak ekarriko luke orain arte sumpsumtibotzat hartu izan ditugun hainbat hitz elkartu sail honetatik atera beharko genituzkeela: esate baterako, kontzeptu abstraktuak adierazten dituzten asko (afari-kontua, musika-lana…), ezkerrean izen berezia dutenak (San Joan lorea, Errezil sagarra…), bi osagaien arteko harremanaren oinarria konparazioa dutenak (mihi arrain, eguzki lore…), edo mendekotasunezko hitz elkartuetan lasai asko azal daitezkeenak (artzanora, erbi-txakurra…); alegia, era horretako hiponimiazko harreman hori ez dutenak. Goazen auzitan bide daudenak banan-banan ikustera.

  1. kontu, lan… eskuinean duten elkartu ugari neke handirik gabe sailka bide daitezke gainerako mendekotasunezko hitz elkartuen artean. Askotan ez da garbi ikusten zenbateraino betetzen dituzten sumpsumtiboen ezaugarriak: ez dago hiponimiazko harremanik osagaien artean, mendekotasunezko arruntek bezalaxe, hainbat harreman semantiko mota gauza ditzakete —esate baterako, ‘egilea’ (NORK): emakume-kontu, sorgin-kontu, apaiz-lan, irakasle-lan…—, etab.

    Baina honen ondoan, egia da badirela sumpsumtibotzat har daitezkeenak ere. Esate baterako, ezkerreko osagaia aditzetik eratorritako izena eta eskuinekoa batez ere lan dugunean, askotan ‘ekintza’, ‘ariketa’ (ZER, ZERTAN), edo ‘helburua’110 (ZERTARAKO, NORAKO, ZEINENTZAT, NORENTZAT) adierazten dutela ukatu gabe ere (bereizte-kontu, banatze-kontu, bereizte-lan, dibulgazio-lan, alfabetatze-lan…), ez dirudi lan osagaiaren esanahia eta ezkerreko osagaiarena hagitz urruti daudenik: dibulgazio-lana, ‘dibulgatzea’ bera da edo izan daiteke, hein batean bederen. Hau da, elkartu osoaren ezaugarriak eta mugatzailearenak (eta mugakizunarenak) ez bide dira arras bestelakoak. Horrenbestez, sumpsumtiboentzat eman ditugun azalpenek hemen ere baliagarriak dirudite.

    Beste hamaika kasutan ez dago horren garbi zein den osagaien arteko harremana ez eratzen duten elkartuaren sailkapena. Lan mugakizunarekin baino gehiagotan sortzen da duda kontu osagaiarekin. Nola ulertu behar dugu hurrengo adibideko aditz-kontu? Mendekotasunezko arrunten moduan eta ‘edukia’ edo ‘gaia’ harreman semantikoaren arabera: “kontuaren edukia aditza da”, “kontua aditzaz egina da”…? Edo sumpsumtibotzat hartuta: “aditzetan izango genuela behaztopabiderik zailena”? Ez baitugu baztertu behar hiponimiazko harremana inklusiozko harremana dela; hortaz, ‘edukia’ harremana tartean dela.

    aditz kontuan izango genuela behaztopabiderik zailena” (HE27,377).

    Itxura guztien arabera, kontu, lan eta erantsi dugun gauza mugakizunek aski esanahi lausoa edo zabala izatea erabakigarria izan da sumpsumtibotzat jotzeko, zenbat eta abstraktuagoa, gutxiago mugatua… izan orduan eta aukera handiagoa izango bide du edozein kontzeptuk hiponimo izateko.

  2. Artzanora, erbi-txakurra, pinu-perretxiko bezalakoak, taxoi izenak izan badaitezke edo badira ere, beste gabe, mendekotasunezko arruntzat jo daitezke —haien ezaugarriak betetzen dituzte eta—, eta horren baitan harreman semantiko motak bereizi, lehen genioen moduan.
  3. Bestelakoak dira izen berezia ezkerretara dutenak: Errezil sagarra, Donian belarrak, San Jose lorea… sagarrak, belarrak, loreak… sailkatzeko erabiltzen ditugun izenak dira, bai, baina osagaiek ez dute bere artean sumpsumtibo “kanonikoek” duten harremana: Errezil ez da sagarra, Donian ez da belarra…

    LEF batzordearen aurreko lanean (H-E/3: 112 / 92), aposizioak mintzagaia zirela, Donian bedarrac modukoak aposizioetatik bereizi eta sumpsumtiboetan ikustekoak zirela esan zuen izaki bakarra ez baina klase osoa izendatzeko darabiltzagula argudiatuz. Baina, egia esan, mendekotasunezko izen elkartuen artean ‘tokia’ eta batez ere ‘garaia’ harreman semantikoa dutenen artean ez ote daitezkeen azter ere pentsa daiteke: San Joan sagarra, udarea, San Juan egunaren sasoiko, ekaineko sagarra, udarea da.

  4. Beste sail zabal samarra osatzen dute konparazioan oinarritzen direnek. Baditugu euskaraz beste hitz elkartu batzuk konparazioan oinarria dutenak. Urrutirago gabe, aurreko atalean (§ II.5) aztertutako: aire, aurpegi, itxura, planta… mugakizuna dutenak.

Komeniko da, hortaz, hemengo mihi arraina eta hango integrista aire zertan ez diren gisa berekoak argitzea:

  1. -batetik, hemengoek ez dute haiek funtsezkoa duten jabetzako harremanik. Erka, adibide moduan, honakook: ‘integristek halako airea dute’ / *‘arrainek halako mihia dute’.
  2. -bestetik, berriz, nekez predika dezakegu hitz elkartutik kanpo dagoen izaki batengatik halakoa dela: “Harakok integrista itxura du”, “Harakok integristek duten bezalako itxura du” / *“Harakok mihi arraina du”, *“Harakok mihiek duten bezalako arraina du”.

Garbi dago, honenbestez, bi elkartu motok oinarrian konparazioa izanagatik, ez dela bietan era berean gertatzen eta ezin sail berean koka daitezkeela. Funtsean: haiek predikatuak eratzen zituzten eta hauek ez. Baina bereizkuntza honek ez digu mihi arrain bezalakoak non kokatzekoak diren argitzen.

Azkarateren (1990: 198) iritziz, sumpsumtiboen sailean ‘Espezie-Genero’ harreman zehatzaz gain, alderatzea ere sar daiteke; horixe izango lukete hitz elkartu hauetako askok bereizgarri. Gainera, inguruko hizkuntzetan ere, hizkuntza bakoitzaren hurrenkera, pez espada / poisson épée / sword fish bezalakoak baditugu. Hau da, konparazioan oinarritzen diren eraikuntzak multzo zabal batean multzo txikiagoak bereizteko111 .

Badirudi bi aukera ditugula berezitzat jo ditugun hitz elkartu hauek sailkatzeko: edo sumpsumtiboen artean sailkatu, duten berezitasunaren berri emanez, edo mendekotasunezko hitz elkartu arrunten artean sailkatu.

Esan dezagun azkenik adibide gehienak naturaren mundukoak izanagatik, ez dugula aditzera eman nahi bestelako gaietan sumpsumtiborik ez dugunik, esate baterako, gure corpuseko euskal hizkuntza, latin hizkera, kasete makina bezalakoak lasai aski sar daitezkeela iruditzen zaigu, sumpsumtiboen ezaugarriak betetzen dituzte eta.

Orain arte esandakoa laburbilduz:

  1. Sumpsumtibo mota garbien ispilatzen duten elkartuek hiponimiazko harreman semantikoa dute bere osagaien artean: lizar arbola eredua.
  2. Ezkerreko osagaia izen berezia dutenak. Lehen genioen bezala, aposizioetatik nahiz mendekotasunezko arruntetatik gertu egonagatik, hemen aipatuko ditugu, ‘Espezie-Genero’ erlazioa nagusi delakoan.
  3. - Konparazioan oinarritzen diren elkartuak. Ezkerreko osagaiak espeziea zentzu estuan adierazten ez badu ere, pentsa daiteke itxuraren, kolorearen… arabera alderatzeaz hiztuna baliatzen dela multzo zabaletan multzo txikiagoak egiteko: mihi arrain eredua. Hitz elkartuak bere ezaugarriak mugakizunaren ezaugarrietatik hartzen ditu, ez mugatzailearenetik. Azken honen eginkizuna, mendekotasunezko izen arruntetan bezalaxe, erreferentzia zehaztea da. Alegia, arrain eta mihi arrain izenek, esne eta behi-esne izenek bezalaxe, funtsezko ezaugarri berak dituzte, arrain eta esne izenei dagozkienak, mihi, behi izenenak ez bezalakoak direnak. Honenbestez, mihi-arrain bezalakoak mendekotasunezko elkartetzat hartu beharko genituzkeela dirudi.
  4. Mendekotasunezko izen elkartu arrunten antzekoenak direnak, berriz, hauek ditugu:

    1. ·batetik animalia-motak… bereizteko darabiltzagunak: artzanora eredua. Mendekotasunezko izen elkartu arruntek bezalaxe, osagaien artean hainbat harreman semantiko izan ditzakete. Hitz elkartu osoaren ezaugarriak mugakizunetik hartzen ditu.

    2. ·bestetik kontu, lan, gauza… esanahi zabal, abstraktuko mugakizuna dutenak oro har. Hauen osagaiek ere, aurrekoenek bezalaxe, bere artean era bat baino gehiagoko harreman semantikoak izan ditzakete, baina, jaso dugun moduan, ‘edukia’, ‘gaia’ eta ‘helburua’ dira nagusi. Hitz elkartuon eginkizun sailkatzailea, oro har, ez da besteena bezain sendoa. Guztiarekin ere, garbi dago mugakizun hauek dituzten elkarteak sakonago aztertu behar direla, guztiak gisa berekoak ez izaki.

II.6.2. Adibideen azterketa

Bestelakorik ez diogunean, ulertu behar da ondoko adibideak sumpsumtibo arruntak direla, edo, guk bederen, hala ulertu ditugula (aipatu ditugun ezaugarriak dituztela, alegia: hiponimiazko harremana, eta abar).

II.6.2.1. Zuhaitzak, landareak, loreak… izendatzen dituzten mugakizunak

Mugakizunaren arabera sailkatu ditugu adibideak, eta bakoitzaren barruan zehaztuko dugu zein mugatzailerekin osatzen duten izen-elkartea.

AIHEN

‘Mahatsondoa’ adierako mugakizuna izanik, mugatzaileak ere adiera horretakoak dira: mahasti, mahats

“sagar hori’ta gorri, mahasti-aihenak” (HE51,55).

“bai bear ere, mats-ayena baino okerrago baita” (HE15,25).

ARBOLA

Mugatzaileak: abeto, aran, gaztaina, gerezi, intxaur, lizar, mahats, pinu, udare

abeto-arbola aundi bat, bi adarrekoa, an zegoen dana puskatuta” (HE29,135).

“an utzi ditut aran-arbolak, utzi ditut gereziyak” (EJ66,143).

Gaztañ arbolaz betea zegoen aldapa” (HE23,116).

“Etxe-alaiko jentea ari zan keixa batzuk biltzen etxe aurreko keixa arboletan” (HE19,23).

“San Blasko apaiz jaunaren etxea zegoan intxaur arbolaz inguratuta” (HE19,69).

lizar arbola goizetik jartzen zuten eta arratsalde erdia igarotzean elizgizonak bendezitzen zuten” (EB87,46).

“Kastilla’n mats-arbol bat ez det uste danik, aurten orri aña ardo kendu diyotenik” (EJ79,131).

“Gabero tipiti-tapa asten ziran ta ¡fuego! Bañan piñu arbola aundiak” (EJ66,84).

Udare-arbolak baziran or, udare-arbol zarrak, ikaragarri galantak” (EJ66,91).

Bi eratako adibideak daude multzo honetan: abeto, lizar, pinu mugatzaileak dituztenak sumpsumtibo arruntetan sartuko genituzkeenak, eta fruitu izenak direnak: aran, gaztaina, gerezi

Lehenetan, esana dagoen moduan, ezkerreko osagai soila adierazita arbola-mota izendatzea badago. Besteak, berriz, beste era batera ere uler daitezke: “aranak ematen dituen arbola”, “gaztainak ematen dituen arbola”… Alegia, mendekotasunezko izen arruntetako ‘ondorioa’ (§ II.5.5) harreman semantikoa ere suma daiteke bi osagaien artean. Nolanahi dela ere, ez genuke atzendu beharko euskaldun asko fruitu izen hutsaz ere baliatzen direla fruitua bera ez ezik arbola ere izendatzeko, testuingurua aski argia bada behintzat (“loretan da gure sagarra”, “gereziak ere zur ederra du”…). Hartara, sumpsumtibo garbitzat jo beharko genituzke.

BELAR

Honako mugatzaileak ditugu: almitz, batan, gari, horma, hotzeri, itsaso, meloi, pasmo, olio, osasun, tabako, urri, usain

“auen illajeak eta gañerakoak, almitz belarra janda ez dira izaten” (HE50,48).

“eldu dira iru edo lau bultzi batan-bedar usaintsuz bete-beterik” (HE21,69).

“ezpabere azpiratu zapaldu ta itoco dabee gal bedar garbija” (HE20,196).

“Itsasoaren ondoan geldi itsasbelarrak lo berde itoan” (EJ50,170).

Orma bedarrac goztuteco Banatu jatzun albua” (HE20,65).

“lore guztiak arnotu’ta nahas: hotzerr-belarra, otea, akara” (EJ50,101).

“guertatzen da onetan illurrarequin, eta meloi-belarrarequin guertatzen dana” (HE07,276).

Pasmo bedarrac biarco dira Eragozteco pasmua” (HE20,65).

Olio belarrak” (EJ64,31).

osasun bedarren ezaguerea gueijago daukee onelangoren batzuc” (HE20,52).

“Lau urribelar ditu ikus aurtengoz” (HE18,33).

“Eliza garbitu, eta apaindu bear da aleguiñean: bideac estaltzen dira usaibelarrez” (EC48,58).

Multzo honetan ere sumpsumtibo garbiak (almitz, batan) eta mendekotasunezkoak bereizi beharko lirateke. Azken hauetan, hauek dira osagaien arteko harreman semantiko nagusiak: ‘helburua’ (hotzeri, osasun, pasmo): “hotzeria sendatzeko belarra”…, ‘tokia’ (itsaso, horma): “itsasoko belarra”, ‘garaia’ (urri): “urriko belarra”, ‘emaitza’ (gari, meloi, olio, usain): “garia emango duen belarra”…

LANDARE

Mugatzaile guztiak bizigabe, konkretuak dira, hala behar baitute landare mugakizunarekin “sumsumptibo” elkarketa osatzeko: arto, liho, pago, porru, porru eta aza, sagar

arto-landare batek bi milla litro ur zupatu zituan lurretik bere bizitzan” (EF92,10).

“gari-lastoaren antzekoa izaten da liño-landara ori” (HE29,27).

“bai pago-landara moztu” (HE29,118).

“or zeudek legortea baiño elkorrago porru-landare bat bera ere beren bizitzan emateke” (HE57,118).

“emen piperra (…) naiz porru ta aza landare” (HE15,8).

“belardi ta gaztaindi bikañak, sagar-landareak” (HE50,35).

Hauek itxura batean bitara har daitezke. Botanikaren ikuspegitik edo, pentsatzen badugu arto, liho, pago… guztiak landareak direla (liho horrela besterik ezin da hartu), sumpsumtibo garbitzat jo behar ditugu. Bestela ikusita, berriz, fruitua dena, barazkia, zuhaitza dena… eta landarea bereiziz gero, mendekotasunezkotzat jo eta ‘emaitza’ harremanaren arabera azaldu beharko genuke: “porrua emango duen landarea”…

LILI

Lore mugakizunaren sinonimo den mugakizun honekin adibide bakarra dugu arrosa lehen osagai duena:

“sare batetarik erortzen zeiezten arrosa liliak” (HE59,98).

LORE

Mugatzaile bizigabeak dira, ezinbestean: arrosa, bitxi, lis, ote, unanu

“sermolariak asiera luze samarra ta pichilorez jantzia dadukatenean, atzenerako aditzaille asko egoten dituk aozabalka, beste asko ler-jarioz lo” (EJ07,1).

“Jean Florin-en armak: iru lis-lore, landa urdinean” (HE33,77).

“Karraxika nentzun bide-ertzean otalorea” (HE17,29).

“hamar halako rubi-kolorezko unanu-lore jaiotzen ziren” (HE27,298).

Gehienak sumpsumtibo arruntak dira: ezkerreko izenak lore-mota besterik ez du izendatzen. Bestetik dugu ‘jabegoa’, edo ‘osoa-zatia’ moduan ere uler daitekeena: otalorea, “oteak duen lorea”, “otearen zatia den lorea”. Bitxilorea, aldiz, besteak ez bezalakoa da, ezkerreko osagaia ez baita lore-izena.

ONDO112

Aran, gerezi mugatzaileak agertu zaizkigu corpusean

Gerezi-ondoa ta aranondoa ere oso zabalduak daude Gipuzkoan” (EF92,63).

Lehenik eta behin gogoan hartu behar dugu ondo mugakizunaren izaera eta erabilera, euskaldun guztiontzat ez baita gisa berekoa. Iparraldeko euskaldunentzat ondo bada izen beregaina eta ‘zerbaiten banakoa’ adierazten du, batez ere zuhaitzen, landareen… banakoa: “belar ondo bat”, baina baita “ile ondo bat” ere, esate baterako. Gainerako euskaldunentzat, berriz, ez bide dirudi zuhaitza adierazteko darabilgun ondo hori ―gure adibideetakoa, urrutirago gabe― beregain, beste izen baten eskuinera joan gabe, erabiltzen dugunik (*“Bi ondo ikusi ditut” / “Bi sagarrondo ikusi ditut”).

Honenbestez ondoriozta daiteke: 1. ondo ‘banakoa’ (belar ondo…) mugakizun dutenak ez direla sumpsumtiboen artean sartzekoak, ez baitituzte betetzen elkarte-mota honen ezaugarriak (gertuago bide daude, apika, “Zati-elkarteetatik”); eta 2. ondo, berriz —sagarrondo-motakoa— atzizki bilakatua dugula, lehen esan dugun moduan. Hortaz, eratorbidean aztertzekoak lirateke hauek.

Honek dakarren ondorioa da, itxura guzien arabera, ondo mugakizuna duten guztiak sumpsumtibo motatik atera beharrekoak direla eta zein dagokion atalean aztertu: mendekotasunezko elkartuen artean lehenak eta eratorbidean besteak.

PERRETXIKO

Mugakizun honekin ere bi adibide baino ez ditugu, pinu, urritx mugatzaile dituztenak

“Egungo egunean gure baserritar geienak piñu-perretxiko deitzen diote” (EJ64,100).

“beste klase bat ere bai, urreitz-perretxikoa esaten zaiona” (HE29,113).

Bi adibideok bi harreman-motaren adierazgarri dira: lehena mendekotasunezkoa, ‘tokia’ (§ II.5.9) harreman semantikoaren bidez azal daiteke ‘pinuan sortzen den perretxikoa”. Bigarrena, berriz, sumpsumtibo arrunta da: urritxa bera perretxiko jakin baten izena baita. Bidenabar, ohart gaitezen bigarren adibidea sumpsumtibo motaren azalpen gardena dela.

SAGAR

Ditugun bi adibideetatik errege da argi identifika daitekeen mugatzailea, askoz nekezagoa baita ira zer izan daitekeen esatea.

Errege-sagar umatuak eta mamia” (EJ64,33).

“Codoin edo Irasagar confitura” (EJ75,47).

Bata zein bestea egungo begietarako aski aztergaitzak: zer adierazten du erregek “erregeek jateko moduko sagarra”?, “erregeentzako sagarra”? edo “erregea den sagarra”, atributuzkoen gisara? Zein da, bestalde, irasagar hitzaren ezkerreko osagaia?

TANTAI

Adibide bakarra dugu juntagailuz elkarturiko mugatzailea duena: (pinu, pago eta) haritz

“piñu, pago eta aritz-tantaien kerizpe-arteak” (HE31,64).

Berriz ere, eskuineko osagaiaren izaera berezia hartu behar da lehenik gogoan. Tantai izena, hiztegien arabera113, “zuhaitz garaia eta zuzena” adierakoa izan daiteke. Honela izatekotan, debekurik ez genuke izango horko adibidea sumpsumtibo arrunten artean kokatzeko. Baina izenondoa ere izan daitekeela jasotzen dute hiztegiek; horrela hartuta, elkartutzat ez baina izen-sintagmatzat hartu beharko genuke.

Bestalde, adibide honek badu beste korapilotxorik: zein da hor mugatzailea: haritz ala pinu, pago eta haritz? Testuinguruak ez du aski argi ematen alde batera edo bestera egiteko.

ZUHAITZ

Gure adibideetako mugatzaileak altzifre, gaztaina dira.

“komentuganeko alzifre zugaitz zarrak ez dabe luzera txikia artu” (HE31,71).

“Axangiz’ko bi gaztaña-zuaitz” (HE24,52).

Lehena sumpsumtibo arrunt garbia (altzifrea, nekosta zuhaitza baita) eta bigarrena mendekotasunezkotzat jo eta ‘ondorioa’ (§ II.5.5) harreman semantikoaz ere azal daitekeena. Lehengo gaztain arbola-ren azterketa bera dagokio.

ZUHAIZTI

Ez dugu adibide askorik corpusean. Ageri zaizkigun mugatzaileak elorri, gaztaina…dira.

“elordi ta gastaiñadi itzak elorri-zugaztia ta gaztaiña-zugaztia dikurrela” (HE21,88).

Multzoa adierazten du mugakizunak eta ‘edukia’ mugatzaileak. Mendekotasunezkotzat joko genituzke.

II.6.2.2. Arrainak, hegaztiak… izendatzen dituzten mugakizunak

Eman ditugun arrazoiak irizpide hartuta, beharbada, sail honetakoak ez genituzke sumpsumtibotzat jo beharko. Bestela esan, mendekotasunezko harremana sumatzen dugu bi osagaien artean.

AINGIRA

Adibide bakarra dugu corpusean itsaso mugatzaile duena:

“ibaiaren erdi inguruan saretxalopa bi, itxas aingirea langoxeak” (EJ59,58).

Tokia adierazten du ezkerreko osagaiak (§ II.5.9). Harreman hauxe bera dugu ondoren jasoko ditugun hainbat adibidetan, itsaso izenak zehazten du non bizi den… delako arraina. Askotan, itsasokoak eta ibai edo erreketakoak bereizteko (aingira, arrain…), bestetan, mugakizuna aldi berean beste animalia baten izena ere badenean (hartz, oilar, zapo…), arraina dela hain zuzen, eta ez lehorreko beste animalia hori dela zehazteko.

ARRAIN

Mugakizun hau duten bi izen elkartu aurkitu ditugu: batean ez da zalantzarik zein den mugatzailea, itsaso (beraz, elkartua, ‘tokia’ harremanaren ispilutzat har daiteke); bestean, ordea, askoz ilunagoa da eta ihartutzat jo behar dela dirudi, ulertezina baita gaurko hiztunentzat.

“baña ez, adibidez, arrai-zukua, magurio-krema, arrokako antxarraiña” (EJ64,81).

“Erreboilloa izango da bear bada itxas-arrairik onentxoena” (EJ64,66).

HARTZ

Adibide bakarra hemen ere, beste mugakizun batzuekin gertatzen den bezala, itsaso mugatzaile duena.

“apar zuriak igarian ebilatzan itxas artz gizon jantzalleak zirudien” (EJ59,17).

OILAR

Aurrekoan bezala, eta hurrengoetan ere hala gertatzen da, itsaso da mugatzailea

“Berberiñik ederrena edo itxas-oillarik prexkoena aurrarentzat izango da” (EJ03,34).

ZAPO

itsaso (EJ59,17).

“txabaloa, itxas-zapoa, xangurroa eta legatz-kokoteari dagozkien prestaeretan” (EJ64,81).

ANTZARA

itsaso (EJ59,17).

“obeki itsas-antzarak elkarren atzean” (HE18,134).

HEGAZTI

itsaso, korta (EJ59,17).

“gañalde guztia itxas egazti zuriz beteten jako” (EJ59,41).

“kaleko etxeetan korta-egaztiak azitzen asi zan” (EJ64,50).

Hauek ere ‘tokia’ harremanaren arabera azaltzeko modukoak bide dira. Beraz, esne-behi motako izen-elkarteetan, eta, zehazkiago, bi osagaien artean ‘lekua, tokia’ harremana duten izen-ekarteen ondoan (§ I.5.10) dute leku egokia, gure ustez.

OILAR, OILO

Mugatzaile bera ageri zaigu bi mugakizunekin, India.

indioilar harro hura eta batez ere azkonarkume bizkor hura” (HE39,89)

“ezartzen dira: urdaiazpikoa, ollandak eta usakumeak, kapoiak eta indiolloak, eta abar” (EJ64,27).

India mugatzaileak, itxura guztien arabera, zein den hegazti horien jatorria, eta ez non bizi den, adierazten du. Hauek ere, apika, egungo ikuspegitik ihartutzat joko genituzke.

Hegaztia izendatzen duten heinean, atal honetan sartzekoak dira galeper (gari + eper) eta galtxori (gari + txori) ere, nahiz guztiz ihartutzat emango genituzkeen.

II.6.2.3. BESTELAKOAK

Hemen jasoko ditugu gure ikuspegiaren arabera sumpsumtibotzat har daitezkeenak, baina, oro har, biologiarekin zerikusia ez dutenak

HARRI

Adibide bakarra; lauza mugatzailea.

“mahats-mordoa atera eta sakantxo bat gainean zuen losarriaren gainean banatu zuen haren muztioa” (EJ53,108).

Galde daiteke noraino den sumpsumtiboetakoa edo, kide-kide duen harlauza gidari hartuta, tautologiatzat hartu behar ote den, Azkaratek (1990: 196) harlauza hartzen duen bezala. Nolanahi dela ere, lauzak harriak bai, baina harri guztiak lauzak ez direnez gero ―hots, hiponimiazko harremana badagoenez gero―, harri-motatzat har daiteke eta sumpsumtiboen artekotzat jo.

HITZ

Mugatzailea, adjektibo.

“Hortik ikhousten duzu adjectif hitz emea egiten dela adjectif hitz arrari yuntatuz” (EI58,13).

HIZKERA, HIZKUNTZA

Hizkuntza-izenak dira mugatzaile gisa ditugunak: euskara, latin

“Gipuzkoako euskal-izkeran egiten duenari” (EI99,157).

“Europako sartz-alde onetan, jakintzeetarako latin izkeria bakarrik erabilteori bertan bera utzi zanetik gauzok beste modu batera eraltzen dira” (EJ06,89).

“1760ko abendurako euskal hizkuntzaz arduratuta dabil Gamiz” (EJ00,191).

Aurreko bi mugakizunen ondoan aipatzekoa da gure corpuseko “dizkizute-euskara” hitz-elkartea ere, azken batean hizkera-mota bat adierazten baitu:

“Batere zalantzarik gabe, beraz “dizkizute-euskara” horren aldeko naiz” (HE27,393).

KASU

Adibide bakarra dugu inesibo mugatzailea duena, baina hemen sartuko lirateke euskaraz gainerako kasuak izendatzeko darabiltzagun elkarteak ere:

“jatorriz galde hitza delarik ere, gero erlativo gisa inesivo kasuan erabilia” (EJ80,21).

MAKINA

Adibide bakarra berriro ere, kasete mugatzailearekin osatua.

“Aitzineko urtarrilan erosi nuen nere lehen kasseta-maxina eta hartan ezarri euskal dantzak” (EJ68,95).

Azken adibideok guztiok (hitz, hizkera, hizkuntza, kasu, makina mugakizuna dutenok) sumpsumtiboen artean sartzeko modukoak iruditzen zaizkigu.

II.6.2.4. MUGAKIZUN LOGIKO-ABSTRAKTUAK

Aurrekoak baino sailkatzen zailagoak, mugakizunaren izaera abstraktua dela medio. Izen abstraktuak konkretuak baino erreferentzia-esparru zabalagoa har dezake eta, honenbestez, sail oso bat izendatzeko baliatzeko aukera handiagoa du. Hau horrela izanik, sail zabal horretan klaseak, zati-edo azpimultzoak bereiztea ez da harritzekoa. Hitz batean esateko, atal honetan mugak jartzea zailagoa gertatzen da arestiko ataletan baino.

Nahiz eta jasoko ditugun guztiak sumpsumtibo garbien artean sartzekoak ez bide diren, lehen arrazoitu dugun bezala, kontu, lan (eta kontu izenaren baliokidea izan daitekeelako erantsi dugun gauza) mugakizuna dutenen adibide batzuk ekarriko ditugu a href="http://www.euskaltzaindia.net/dok/iker_jagon_tegiak/795.pdf#page=92">(H-E/4, 11.2.3).

Aurrera dezagun mugakizunaren ezaugarriak ez ezik, mugatzailearenak ere oso gogoan hartzekoak direla eratzen duten elkartu-mota bereizteko.

II.6.2.4.1. GAUZA

Honako mugatzaileei elkarturik aurkitu dugu: bertso, erle, gizon, gogo, kristau, lege, paper, tratuGizon eta kristau ez beste guztiak, izen bizigabe konkretuak dira.

“behin, bertsu gauzetan anitz dakien adiskide batez zion” (EJ65,30).

“Sebastian Garagorri oso iaioa zan, eta erle-gauza oietan asko zekiana” (EJ49,39).

“Estago nire echian beste guizon gauzaric emenche gagozanac baño” (HE20,190).

“Berez, gogo-gauzeetan daukan gayan erabilliko det” (HE24,4).

“Idazle auek kristau gauzei buruz azterketak egiñak ziran” (EC70,74).

“Kristo zeruratu ondoren, lege-gauzetan jakituna zelako, Paulok laguntzat artu zuen” (EC70,78).

“Bordelen bertsu gehienak paper-gauzen kutsua berekilan dute” (EJ65,29).

“Alaba Bilbao’ra joana zan, tratu-gauzekin, saltzeko” (EJ49,82).

“Edozein eratako izatea duen zernahi, izaki banako edo berezitzat hartua izan daitekeena”, “Izaki bizigabea (bizidunari kontrajarria)”, “(batez ere pl.) Gertatzen, egiten, esaten den zera”… irakur dezakegu hiztegietan gauza izenaren definizioan. Definizioak ikusi orduko ohart gaitezke alde batetik oso esanahi zabalekoa dela, baina, era berean, adiera zehatzagoa ere izan dezakeela ‘objektu’ zentzuan. Gure adibideetan suma daiteke horren aztarna.

Adierarik zabalena duenean (jaso dugun lehen definizioan), gauzaki konkretuak adieraztetik urrutien dagoenean, eta mugatzailea izen bizigabea denean, gehienetan aski parafrasi parekoak eman ditzakegula dirudi hitz elkartua izan nahiz gauza mugakizunik gabeko izena izan: “bertsu gauzetan anitz jakin” = “bertsoetan, bertsoez anitz jakin”, “lege-gauzetan jakitun izan” = “legeetan jakitun izan”. Alde honetatik begiratuta, hiponimiazko harremana dagoela pentsa zitekeen, ‘zer’ guztiak bai baitira ‘gauzak’, hein batean bederen. Beste era batera esanda, sumpsumtiboetan ohikoa dena daukagula esan daiteke, baina hiponimiazko harremana oso modu lasaian hartuta.

Gehienetan, ordea, ez da horrela gertatzen. Esate baterako, paper-gauza hartzen badugu, ez dugu lehen erabili dugun parafrasia alboratzerik, “paperean idatzitako gauzak” edo ulertzen dugu. Hortaz, mendekotasunezko izen elkartua dugu.

Tratu mugatzailea duen adibidean ere ez dugu lehengo ‘gauza’ bera, adiera konkretuagoko ‘objektua’ baizik (hiztegiko bigarren definizioa). Alegia, tratu-gauzak ez genuke tratu hutsaren baliokidetzat emango: “tratu-gauzak saldu” ≠ ?“tratua saldu”. Osagaien arteko harremana ez da hiponimiazkoa: tratu-gauzak “tratua egiteko gauzak” dira, ez ‘tratua’ bera; ‘tratua’ ez da ‘gauza’ mota bat, ‘jardun’ bat baizik. Hortaz, tratu-gauzak mendekotasunezko izen elkartutzat hartuko genuke eta ‘helburua’ erlazio semantikoaren arabera azalduko.

Bestetik, berriz, oroit gaitezen ezkerreko osagaiaren ezaugarriak ere oso gogoan hartzekoak direla. Horrela, esate baterako, kristau-gauzak, gizon-gauzak adibideetako ezkerreko osagaiak izen biziduntzat hartzen baditugu114, hasieratik bertatik nekezago egingo zaigu hiponimiaz hitz egitea, gauza izenaren azpikategorizazioan ez dugu eta [+biziduna] ezaugarririk. Badirudi, beraz, lehen paratu ditugun parafrasi baliokideak orain ezinezkoak direla: “gizon, kristau gauzak” = “gizonek, kristauek dituzten… gauzak, gizonei, kristauei dagozkien gauzak” ≠ “gizonak, kristauak”. Hau honela izanik, “gizon gauzak egon”, “kristau gauzei buruz aztertu” ez da “gizonak egon”, “kristauei buruz aztertu”, “gizonek, kristauek dituzten, gizonei, kristauei dagozkien… gauzak egon, aztertu” baizik. Alegia, ezingo genituzke sumpsumtibotzat hartu, mendekotasunezko izen elkartu arrunt moduan baizik.

II.6.2.4.2. KONTU115

Mugatzaile ugari ager daitezke kontu izenaren ezkerrean izen-elkartea eratuaz: aberats, abiazio, aditz, afari, amore, atso, balea, bereizte, bertso, beterania, dantza, deitura, diru, ederti, emakume, erlijio, ezkontza, frogatze, gazte, gerra, hitz, hizkuntza, hiztegi, idolo, irrati, isil, itsasgintza, jakintza, jan, karobi, kultura, lan, muga, neska, politika, sexu, soldata, sorgin, sos eta ontasun, sotana, sukalde, urte, zahar

“osabak dana ondo ta aberats kontua jartzen dik” (EJ62,91).

“bañan neri etzidan aitatu ere egiten abiazio-konturik” (EJ49,95).

aditz kontuan izango genuela behaztopabiderik zailena” (HE27,377).

afari kontua aditzean, zerriak! atera zitzaion barren barrenetik” (HE39,62).

“bere amore kontuak kontu ugariak izan behar dute” (HE61,15).

atso-kontuak errez igaro dezake” (HE18,92).

“zenbait mariñel bale-kontuban berriz alakoak dira” (EJ78,123).

“aita Zavalaren eskuan utzi nuen nik bereizte-kontu au” (HE25,16).

“konfiantza osoa zuen, beraz, harekin bertso kontuan ere” (EJ04,11).

dantza-kontua nola izan zan gogoratutzen al zera?” (EJ79,41).

“Iruñako zerga edo diru-kontuak ekartzen dituen orri batean Luzaideko etxeak aipatzen dira” (EJ65,23).

“donostiarrok diru kontutan apalagoak gera” (EJ64,77).

“utz ditzagun, ordea, ederti kontuak eta gauden mutikoei begira” (EJ03,10).

“Bai bait zekien nolabaiteko emakume-kontua bere lepo plazara zabalduz gero. Kontu zorrotza eman beharko zuela nagusien aurrean” (EJ00,189).

“Joaneren bihotzak eztezate erreza, erlijio-kontuan ezpaita arteza” (EJ50,151).

“Orain badirudi ezkontza kontua aldatzen ari dela” (HE35,31).

frogatze kontu ontan ere ba dira tankerak eta bide bereziak” (EC70,28).

“baiña guk, gazte-kontuak bakarrik buruan” (HE29,21).

“Eta kondairagille oiek politikako gora beheretan, gerra-kontuetan eta Enperadoreen egite ospetsuetan dute jarria gogoa” (EC70,49).

Hitz-kontuan, berriz diot, ikastekorik asko dugu denok Orixe’rengan” (EJ51,35).

“Gauzak, ordea, hizkuntza kontuan, alderantziz dira” (HE27,396).

Hiztegi-kontuan, hitzen egokitasunean, adjetiboen xuxentasunean, joskeran, esaldietan” (EJ51,36).

“emengo idolo-kontu, emengo zikinkeriak, eta ibillera gaisto guziak ekusten ditudala” (HE13,33).

“garraxi biziak egiten dituzten irrati kontu oietako neskatxa ikaratiak” (HE57,110).

“iñork baino sakonago zekien itsasgintza-kontuetan jakin behar guztia” (HE33,93).

“izen onekoa euskalarien artean jakintza kontuetan” (HE31,78).

“Ta, egia esan, jan-kontuetan beñepein txit ongi ibilli gera” (EJ64,78).

Karobi-kontuak esaten asi gera ta Bitori aldean gabiltza” (EJ62,19).

“Berezketa hau ere kultura-kontu bat da 1973-an” (EJ51,84).

“mundu ontan, dan-danok berdintsuak gera lan-kontu ortan” (EJ49,35).

muga kontua da, funtsez” (HE27,397).

“entretenitzeko, neska-kontuak eta zorakeri batzuek esan” (HE29,87).

“Ori orla da, baina…; ez mutil txarra dalako; politika kontuan nabarmen xamar ote dabillen” (EJ03,44).

“Gogoangarri zait ere Orixe’k sexu-kontuei zien gorroto osoa” (EJ51,30).

“utzi dezagun soldata kontua” (HE35,81).

sorgin-kontuen antzekoak egiteko euki eban ekarri aparta” (HE31,98-99).

“Zendako sos eta ontasun kondu horik?” (HE56,12).

“Mendeetan zehar katolikotasuna utzitako aztarnak eta sustraiak sotana-kontu huts bat direla?” (EJ51,86).

“Aurrena, erdi-txantxetan asi ninzan sukalde-kontu ta arazoetan” (EJ64,80).

“Egillearen eta urte-kontuaren auzia garbitu ondoren ere” (EC70,91).

“Bekoerrota barreka egoan entzuten zarr-kontu gatz bakoak eta gosalduten” (EJ70,145).

Mugatzaile hauen kategoriari erreparatuz gero, aditzetatik eratorritako izenak dira batzuk: banatze, bereizte, ezkontza, frogatze, jakintza…; oro har, ekintza, nolabaiteko ariketa, jarduna… adierazten dutenak. Beste batzuk ere, nahiz eta eratorriak ez izan, aurrekoen antzeko adierakoak dira: abiazio, afari, dantza, gerra, itsasgintza, jan, politika… “gertaera-edo jardun-izen” moduan ere har daitezkeenak.

Bestetik ditugu bizidunen (batez ere gizakien) izenak (edo adjektibo izen bihurtuak): aberats, atso, emakume, gazte, neska, sorgin, sotana (berez ez, baina prosopopeia da tarteko), zahar

Beste multzo batekoak dira izaki nahiz gauzaki konkretuak: aditz, balea, bertso, deitura, diru, ederti, hitz, hizkuntza, hiztegi, idolo, karobi, lan, ontasun… Abstraktuak ere badaude; gutxienak, hala ere: amore, beterania… Mugatzaile osatua duenik ere bada: sos eta ontasun.

Lehen egin bezala, kontu izena hiztegiek nola definitzen duten jasoko dugu:

“1. Kopuru baten zenbatzea. 2. Irabazien edo xahutzeen kontua dakarren agiria. 3. Arreta, ardura, arta. 4. Arazoa, auzia, egitekoa. 5. Ipuina”.

Bistan da, berriz ere, kontu izenak ez duela esanahi bakarra eta gainera dituen esanahietatik laugarrena batez ere aski zabala dela116. Honexek ematen du lanik gehien aztertzeko.

Jaso ditugun adibideetara jo besterik ez dago horixe egiaztatzeko. Esate baterako, hiztegiko lehen definizioaren araberako diru-kontu (“zerga edo diru kontuak” adibidekoa, ez hurrengoa), edo bosgarreneko irrati kontu, edo sorgin-kontu sailkatzeko arazo handirik ez dago, osagaien artean hiponimiazko harremanik ba ote dagoen galdetzeko aukerarik ere ez dago eta: mendekotasunezko izen elkartu arruntzat joko genituzke.

Ildo honetatik, ezkerreko osagaia biziduna dutenak lehen kolpetik bereiztekoak dira, ezin dugu hiponimiaz hitz egin, kontu beti izen bizigabea baita; ez dago, hortaz, esaterik mugatzailea mugakizunaren espeziea edo klasea dela… Honenbestez, “izen biziduna + kontu” modukoak gainerako mendekotasunezko izen elkartuak bezala azter daitezke. Halakoetan ohi den bezala, osagaien arteko erlazio semantikoak batez ere ‘egilea’, ‘jabegoa’ eta ‘edukia’ dira: emakume-kontu: “emakumeek esaten dituzten kontuak”, “kontuetan emakumeak aipatzen dira”…

Izen bizigabeak ditugunean, berriz, lehen esanaren ildotik, funtsezkoa da kontu izenaren adiera (‘auzia’, ‘arazoa’, ‘egitekoa’…) eta ezaugarriak ez ezik, mugatzailearenak ere elkarren ondoan ikustea hiponimiazko harremanaz noraino hitz egin dezakegun jakiteko. Hemen sortzen den arazoa da askotan ‘edukia’ harremanaren arabera uler daitezkeela elkartuak, hiponimiaren funtsa ere ‘edukia’ harremana dela eta; gainera, esanahi abstraktua izateak sortzen duen zailtasuna eransten badugu, ulertzekoa da maiz ezin garbi erabaki ahal izatea sumpsumtiboa ote den.

Parafrasietara jotzea izan daiteke bidea, lehen egin bezala. Esate baterako, “muga kontua da, funtsez” (HE27,397) eta “muga da” ezin ditugu parekotzat jo; muga ez da kontu-mota bat, kontuaren edukia baizik. Hurrengoak, berriz, apika, errazago parekatuko genituzke: “Ori orla da, baina…; ez mutil txarra dalako; politika kontuan nabarmen xamar ote dabillen” (EJ03,44) eta “politikan nabarmen xamar ote dabillen”.

Nolanahi dela ere, guztiak adierazten digu oso modu zabalean besterik ezin daitekeela sumpsumtiboez hitz egin.

Bestalde, kontu mugakizunaren ondoan sailkatu dugu kuestio mugakizun duen beste hau ere, adiera bera duelakoan:

“Baina era berean zabalkunde kuestio bat da” (EI94,63)

II.6.2.4.3. LAN

Kontu mugakizunarekin gertatzen den bezala, mugatzaile ugari daude lan izenaren ezkerrean ere izen-elkartea osatuaz: alderakizun, alfabetatze, alfer (adjektibo izen bihurtua), antze, antzerki, apaintze, apaiz, argitaratze, arotz, arte, auzo, azterketa, baratze117, baserri, baso, batasun, bertso, beso, bulego, burdina, buru, desipuintze, dibulgazio, egokitze, egun, epaikari, erdara, erti, esku, etxe, ezkontza, frogantza, ganadu, garbitzapen, gari, gau, gaztaina, gizon, guda, hari, hargintza, hizperri-eratze, hortz, euskera-ikaste-irakaste, ikertze, inbestigazio, inprenta, irakasle, kantu, kondaira, kreatze, kreazio, kultura, landare, lege, liburu, liho, linguistika, literatura, lubaki, lur, makina, margo, misio, modernizatze eta batasun, nekazari, notario, olerkari, olerki, ontzitegi, pentsamendu, sintesi, soro, sukalgintza, tarte, teatro, txori, zabalkunde, zerrari, zuhaitz, zur...

alderakizun lan ontan euskaltzale bat baiño gehiago saiatu zaizkigu” (HE28,55).

“bizi dedilla liburuetan bederen, antzelan bikaiñetan” (EJ51,30).

apaiz-lanetan bein baño gueyagotan sartu izan zalaco” (HE45,201).

“eta beste zortzi aldare ipiñi ziran beste hainbeste kapillatxotan, lengo zarren ordez, osteruntzeko apaintze-lanak utzi gabe” (EL70,213).

“izan bear zuten Txirrita eta Artzai-Txikia; argintza-lanean; Txirrita ala baitzan” (EJ79,93).

“Konserje izanik ere, etzion arotz-lanari laga” (HE61,14).

auzo lanean ekin zioten anaikiro, bi errien etsai bakarrari makurtu-arazteraño” (EL70,49).

“euskararen batasun lanak aztertzea, sakontzea eta aintzinatzea nahi du” (EJ56,11).

“badaiteke (...) poesiari, berso lanari, begiramen berezia edukitzea” (HE33,XXV).

“itxas-industriari ta burdin-lanari ekin zieten” (HE33,17).

“eta dibulgazio lan politak dauzkagu” (EJ20,9).

egokitze lan hunetan saiatzea bertzerik egiten ez tugu” (HE26,289).

“geitxoago balio duen liburu bat bialduko deutsut zeure epaikari lana zelan-alan ordaintzeko” (EJ05,163).

“Mutil maizterra etxe-lan urriz, irabazirako dago” (HE18,70).

“Zuen ezkontza-lan orri ez aize geiegi eman” (HE57,119).

“Alako idikiera edo arima-zabaltasun gabe, alperrik izango dira frogantza-lan guztiak” (EC70,11).

“Atzenean emacumeac echeari, eta umeai ongui beguiratu bear die guizalanetara joan gabe” (HE07,91).

“Saiaketa eta ikertze-lanok kristau fedearen ondo finkatua frogatzera etorri dira” (EC70,28).

“guztiz zabal eta libreki desarroilatu beharko litzateke inbestigazio lan hori” (EJ52,12).

“pozik nago irakasle lanarekin” (HE35,89).

“egiñen duk ortz-lana, jartzen badite mâi” (HE18,135).

“Literatura, kreatze lan den aldetik, arte da” (HE36,3).

“sei egunetako kreazio-lana, argiaren eta uren sorrera” (EC70,38).

“esku-tresna ta garlopa zenbat eta menderatzallego, orduan eta makina-lanerako gaiago” (EJ03,22).

“aste oso bat igaro baizun mixio-lanak egiten” (HE55,57).

“Umetatik ontzitegi-lanetan trenpatua egonik” (HE33,93).

“pentsalari baino areago hasi direla azaltzen pentsamendu lanak” (HE35,7).

“teoria guztiak hartuz eta elkartuz, sintesis lana egitea dagokigu” (EB20,46).

“hutsetik eta ezjakinetik, tarte-lan eta buru-aringarri hartu zuela berrogei eta areago urteko diruzainak bertso-gintza” (EJ00,185).

“arotz eta euron antzera zugatz-lanai andik edo emendik lotuak dagokijoezan beste norbaitzuk izan ezik” (EJ06,86).

Orain ere mugatzaile hauetako asko aditzetatik eratorritako izenak dira: alderakizun, alfabetatze, apaintze, argitaratze, azterketa, dibulgazio, egokitze, kreatze, kreazio, zabalkunde…. Edo, eratorriak ez izanagatik, haiek bezala, ‘ekintza’, ‘jarduna’, ‘gertaera’… adierazten dutenak: kantu, misio, sintesi, sukalgintza… Asko izen konkretuak dira: baratze, baso, baserri, beso, bulego, burdina, buru, esku, etxe, ganadu, gaztaina, inprenta, makina…; abstraktuak, berriz, oso gutxi: batasun, pentsamendu… Izen biziduna, areago, gizakia dute askok mugatzaile: alfer, apaiz, arotz, auzo, epaikari, gizon, irakasle, nekazari, notario, olerkari, zerrari

Uztar dezagun orain mugatzaileen kategoria lan izenaren adierekin:

“1. Onuragarri den zerbait lortzeko egiten den jarduna edo ahalegin jarraitua. 2. Jardun hori, ondasunak lortzearren, giza talde baten barnean eta era arautuan egiten denean. 3. Eskulangile, burulangile edo ertilari baten jardunaren ondoriozko gauza. 4. (Izadiko indar baten) jardun etengabea, ondorio ageria duena: ondorio hori”.

Hiztegiek lan izena nola definitzen duten ikusita kontura gaitezke arestiko gauza edo kontu baino konkretuagoa dela, eta honek ondorioa du hitz elkartuok sailkatzean, ikusiko dugun bezala.

Has gaitezen mugatzailea izen konkretua dutenetatik. Denak mendekotasunezko izen elkartu arruntzat jotzekoak dira: lan izenak iragazten dizkio bere ezaugarri guztiak hitz elkartuari. Osagaien arteko erlazio semantikoak hainbat motatakoak izan daitezke. Bizidunak direnean, oro har, ‘egilea’ edo ‘jabegoa’ erlazio semantikoa adierazten dute. Bizigabeak direnean: ‘gaia’ (arto, burdina, hari, liho…), ‘baliabidea’ (beso, buru, esku, hortz, makina…), ‘edukia’ (antze, arte, bertso, ganadu, linguistika, literatura… ), ‘tokia’ (baratze, baso, etxe, ontzitegi…), ‘denbora’ (egun, gau, tarte…) dira ohikoenak.

Hauetako askotan (denetan ez baina: irakasle lan…) lan izenak adiera konkretua du; hiztegietako hirugarren definizioa batez ere.

Abstraktuak ditugunean ere mendekotasunezko izen elkartuak ditugula dirudi: “batasun lanak aztertu” ez da zehatz-mehatz “batasuna aztertu”, “pentsamendu lanak azaldu” ez da “pentsamendua azaldu”. Alegia, pentsa daiteke gure adibideetan behintzat lan-en esanahia konkretua denez gero (3. definiziokoa) ez duela aukera handirik izen abstraktu bat mugatzaile izanik sumpsumtiboa osatzeko.

‘Jarduna’, ‘gertaera’, ‘ekintza’… adierako izenak mugatzaileak direnean izan ditzakegu, itxura batean, sumpsumtibo garbienak. Hemen, oro har, lan izenak ere ‘jarduna’… adierazten baitu. Hau dela eta, ulertzekoa da osagaien arteko harremana ‘Espezie-Genero’ motakoa izateko aukera gehiago izatea: elkartuaren ezaugarriak mugakizunaren ezaugarrien arteko aukera bat den mugatzailearenak hartzen ditu. Parafrasietara jotzen badugu ohartuko gara horrezaz:

“alderakizun lanean saiatu” = “alderakizunean saiatu”, “hargintza-lanean aritu” = “hargintzan aritu”, “sintesi lana egin” = “sintesia egin”, “inbestigazio lana zabaldu” = “inbestigazioa zabaldu”….

Hemen ere, pentsatzekoa da hitz elkartua singularrean joatea izan daitekeela hiztuna sumpsumtiboa erabiltzen ari den seinale; hobeto esan, pluralean erabiltzeak, apika, adieraziko luke lana, ‘obra’, ‘lanaren ondorio den zer jakina’ dugula, eta, honenbestez, mendekotasunezko hitz elkartu arrunta dugula.

Halaz guztiz, honek ez du esan nahi osagai horiek ditugun guztietan beti sumpsumtiboa dugunik. Esate baterako, goiko apaintze-lanak edo egokitze-lan bitara har daitezke118, testuinguruaren arabera: “apaintzea, egokitzea bera” eta, hortaz, “apaintzea, motaren parekoak direnak, mendekotasunezko izen-elkarte arruntak, ‘helburua’ erlazio semantikoaren araberakoak.

II.6.3. Mugatzailearen gramatika-kategoria

Izenak dira, oro har; animaliak, landareak, zuhaitzak… izendatzeko izenak batez ere. Eskuarki izen arrunt bizigabe eta konkretua dugu ezkerreko osagaia. Eskuinekoa bizigabea nahiz biziduna izan daiteke.

Alde honetatik ere gauza, kontu, lan mugakizunak dituztenak bereiz dabiltza: mugatzaile franko izen bizidunak dira; abstraktuak ere badaude.

Bestalde, hainbatetan ihartutzat jo daitezke elkartuok: ez dago gaurko ikuspegitik oso garbi bereizterik ezkerreko osagaia, dela hotsak aldatu dituelako dela osagaiaren esanahia urruti samar geratzen zaigulako… Hauen artean sartuko genituzke: galeper, indioilar, indioilo, irasagar

II.6.4. Osagaien arteko erlazio semantikoak

Sarreran esan dugun bezala, hitz elkartu hauen osagaien arteko harremanak aski bereziak dira: hiponimia da beti tarteko. Horrek esan nahi du ezkerreko osagaia, mugatzailea, mugakizunaren zati, atal, klase… bat dela. Alegia, ezkerreko osagaia da erreferentzia zehatzena duena, eskuineko erreferentziaren atal bat dena. Hortaz, bi osagaien matrizeak, ezaugarri-multzoak elkarren parean jarrita ohartuko gara inklusiozko harremana dagoela: ezaugarri batzuk biek batean izan behar dituzte ezinbestean.

Mugatzaileak mugakizunaren ezaugarrietako batzuk ditu eta horrexegatik aski izan daiteke mugatzailea besterik ez aipatzea, bera aski izan baitaiteke dena delakoa izendatzeko; mugakizunaren eginkizun nagusia mugatzailea bere sail zabalean “kokatzea” baita. Mendekotasunezko elkarteetan hori ezinezkoa da, mugatzailea bere eskuko erabiltzerik ez dago adiera horretan, mugakizuna baita argi eta garbi hitz elkartu osoari bere ezaugarriak iragazten dizkiona: esne-behia diogunean ez daukagu aukeran esne soila esatea zer bera izendatzeko. Honenbestez, elkartu osoaren eta bere osagaien arteko harremanei begiratuta ikus dezakegu elkartu osoak bi osagaiek batean dituzten (mugatzailearenak diren) ezaugarriak hartzen dituela, mendekotasunezkoetan ez bezala.

Egitura-harremanaren ikuspegitik begiratuta ere sumpsumtiboak ez dira mendekotasunezkoak bezalakoak, ez baitirudi mendekotasunezko arruntetan ohikoenak diren “modifikatzaile-buru” (esne-behi elkartuan duguna) edo “osagarri-buru” (lagun-talde elkartuan duguna) egitura-harremanaz hitz egin daitekeenik: bi buru izango genituzke hemen, aposizioetan dugun bezala119.

Galdetzekoa da ea sumpsumtiboak mendekotasunezko izen elkartuen artean kokatzekoak ote diren. Badirudi ezetz.

II.6.5. Emankortasuna

Azaldutako guztiagatik aise ulertzen da terminologietan izatea eremu biziena. Hala gertatzen da beste hizkuntza askotan ere arbolak, landareak, animaliak… izendatzen dituzten egituretan.


101 Honek ez du esan nahi ikertzaile guztiak izendapen eta aztertzeko modu beraz baliatu direnik, Azkaratek (1990: 196) jasotzen duen bezala: “Hitz elkartu kopulatiboen inguruan aztertu izan dituzte, ‘gehiketa’ edota ‘atributibo’ azpisailekoekin batera gehienetan”.

102 Parafrasiaz ari gara, ez hitz elkartu motaz. Hitz elkartu tautologikoak, parafrasian bat etorriagatik, bestelakoak baitira: paper-ingi… (Azkarate 1990: 195-196; H-E/3, IX.1.1.: 99 / 79).

103 Alderantziz ez, ordea: *“arbola lizarra da”, *“harria jaspea da”, *“belarra menta da”, hiponimiazko harremanetan ohikoa den bezala.

104 Estentsioaren (erreferentziaren) ikuspegitik. Intentsioaren ikuspegitik (esanahiarenetik), jakina, zenbat eta zehatzagoa izan orduan eta ezaugarri edo sema gehiago behar ditu adiera zehazteko.

105 Hala diogu Azkaratek (1990: 187) atzekoz aurrerako hurrenkera duten hainbat adibide jasotzen dituelako: atso sorgin / sorgin atso, senar errege / errege senar... bezalakoak. Baina, beharbada, pentsa daiteke errealitatea ikusteko moduak direla eta kasu guztietan ezkerrekoa dela hitz elkartuaren erreferentea, alegia, “atsoez arituz, sorgina dena”, “sorginez arituz atsoa dena” edo “senarrez ari garela errege dena” eta “erregeez ari garela senarra dena”. Edozein kasutan ez dirudi sumpsumtiboekin nahasteko biderik ematen dutenik. Beste kontu bat da kopulatibo koordinaziozkotzat jo behar diren edo ez, baina ez gara orain horretan sartuko. Ik. H-E/3, IX: 97 hur. / 77 hur.

106 Hitz elkartuen eta aposiziozko harremanen berri zehatzagoetarako Odriozola; Perez Gaztelu (2002) lanera jo daiteke.

107 Hitz-Elkarketa/3 lanean atributuzkoen artean sailkatuta dago (H-E/3: 100 / 80).

108 Horrexek lotzen ditu § II.5 ataleko konparazio- eta irizpen-elkarteekin.

109 Urrutirago gabe eta besteak beste, lexikalizazioaren ondorio diren asko. “Hitz-andana ihartuak” (H-E/3, XIII.: 191-205 / 171-185): arrainzabal, arraingorri (“Composición impropiamente dicha”, Villasante 1974: 23-26), edo lehen ahotan hartu ditugun atributuzkoak berak…

110 Jarleku motakoen antzera (H-E/3, XI: 81-93 / 61-73).

111 Esate baterako, Val Álvaro-k, nahiz eta sumpsumtive terminoaz ez baliatu (construcción apositiva dio), konparatzearen zeregin sailkatzailearen berri ematen du: “Esta comparación de dos entidades distintas y distantes no es inhabitual en la creación de denominaciones mediante construcción apositiva para discriminar una subespecie dentro de la especie, como mono araña, pájaro burro, pájaro carnero, pájaro gato, pájaro carpintero, pájaro mosca, pez luna, pez mujer entre los términos que designan animales”. (1999: § 73.2.2) Gureak dira letra lodiak.

112 Oste-ren parekoa dena leku-izenen artean aztertuko dugu (§ II.8).

113 Beste adierak alde batera uztera goaz, gure mintzagaiarekin zerikusi zuzena ez dutelakoan.

114 Hiztegiek kristau adjektiboa ere izan daitekeela jasotzen dute.

115 Ez dugu hemen aintzat hartuko kontu postposizioa bere erabilera eta adiera guztietan.

116 Itxura guztien arabera, 3. adieraren araberako ardi kontu, ume kontu…(ibili…) bezalakoek eratzen dituzten egitura lexikoak ez dira izen kategoriakoak. Kontu-k hemen zain predikatuaren jokamolde bera du; hortaz, Hitz-Elkarketa/3 laneko sailkapena irizpide hartuta, Jardun elkarte sintetikoen artean aipatu beharko lirateke (H-E/3, II.2.3.: 75-78 / 55-58).

117 Beste honako hau ere, besteak beste, hemen aipatzekoa da: “nosian bein eguraldi chaarrac eragozten deustazanian baso ta solo biarrac, jardun daruat mai, aulqui eta ezgauza batzuc eguiten” (HE20,152).

118 Latinezko opus / labor bereizkuntza ongi dator lan-en bereizkuntzan.

119 Odriozolak (2002) zehazten duen bezala, dvandvak ere bi burukoak izango lirateke, baina hitz elkartu osoak bi buruen ezaugarri guztiak hartzen ditu; sumpsumtiboek, ez.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper