Hitz-elkarketa/2: II.5. KONPARAZIO- ETA IRIZPEN-ELKARTEAK

II.5. KONPARAZIO-ETA IRIZPEN-ELKARTEAK

II.5.1. Sarrera

Hemen aztertuko ditugun izen elkartu guztiak azpiatal bakarrean bateratzeko arrazoia da, oro har, nolabaiteko erkatze edo konparazioa egiteko darabiltzagula, nahiz delako alderatzea era bakarrean ez gertatu. Erkatzearen balioa emango digute, aire, antz, aurpegi, fama, haize, hots, irudi, itxura, kolore, kutsu, planta, tankera, usain… mugakizunek zenbait izen elkartutan.

Adibidez, Agirrek “integrista airea” duela esatean, “integristek duten bezalako airea, itxura, tankera…” duela ematen dugu aditzera. Edota norbaitek “kokolo aurpegia” badu, “kokoloek duten bezalako aurpegia” duelakoan diogu hori. Antzeko zerbait gertatzen da norbaiten masailak “arrosa kolorekoak” direla diogunean, baina orain erkaketa egiten dugu arrosek eta masailek duten kolorearen artean.

Konparazioa tartekoa denez, ulertzekoa da mugakizun hauetako batzuen esanahiak erabakitzea, beste gabe, sail honetan sartu ahal izatea: antz, aurpegi, fama, irudi, itxura, planta edo tankera, esate baterako, horietakoak dira. Erlaziozko izenak dira, osagarria eskatzen dute (Artiagoitia 2011).

Beste batzuek, berriz, lehen adieraz gain beste adiera (metaforiko) bat ere badute eta beste adiera (metaforiko) hori dela eta (erlaziozkotasuna adierazten dutenean), hain justu, dira hemen sartzekoak. Esate baterako, hemengo aire, haize, hots… ‘itxura’, ‘antza’, ‘ospe’ balioa duten heinean, eta ez lehen adiera denotatiboa dutenean, dira sail honetakoak.

Usain eta kolore mugakizunek berez ez dute adiera konparaziozkorik ez metaforikorik. Badira egiazko usainak eta koloreak ere, jakina, hala nola betun-usaina, kresal-usaina, lore-usaina, izerdi eta jantzi busti usaina, urre-kolorea, lur-kolorea… Betunari, kresalari, loreei, izerdiari darien usaina, urreak eta lurrak duten kolorea izendatzeko darabiltzagun mendekotasunezko izen elkartu hauek gainerako mendekotasunezko arruntekin batean aztertu beharrekoak dira eta ‘iturburua’ (§ I.5.1) edo ‘jabegoa’ (§ I.5.2) harreman semantikoa dutenen artean sailkatu ere.

Beste batzuetan, kolorea duen, usaina duen zera adierazten duen hitz elkartua darabilgu ez berez kolorea edo usaina duen zera izendatzeko baizik elkarketatik kanpoko beste zerbaitekin lotzeko. Esate baterako, norbaitengatik badiogu arrosa-koloreko masailak dituela arrosen kolorea eta masailena konparatzen ari gara.

Baina usain, kolore mugakizun direlarik, “usainik ez duen”, “kolorerik ez duen” zerbait adierazten duen mugatzaileren batekin elkartzen ditugunean, hiztun-taldeak konpartitzen duen metaforaren kutsua dugu tarteko. Izan ere masoi-usain, arkaismo-usain, udaberri-kolore diogunean ez gara ari egiazko usainez edo koloreez, masoiei, arkaismoei, arruntean behintzat, ez baitarie inolako usain berezirik eta udaberriak ere ez baitu berezko kolore bakarrik. Hala ere, adibideetan ikusiko dugunez, masoiek, arkaismoek usaina eta udaberriak kolorea balute bezala erabiltzen ditugu eta masoiei, arkaismoei omen darien usain hori eta udaberriak bide duen kolorea beste zerbaitek duenarekin (honek ere usain metaforikoa izanik) erkatzen dugu. Hauetan, beraz, konparazioa metaforan oinarritzen dela eta bi mailatan-edo gertatzen dela pentsa daiteke; alegia, hitz elkartuko osagaien artean lehendabizi eta gero hitz elkartu osoaren eta bere erreferentekidearen artekoa.

Hori dela bide, izen elkartu hauek guztiek beste norbaitekin/zerbaitekin konparatzeak bigarren ondorio bat ere badu: izen elkartu hauen esanahia bi osagaien artean erabat ez biltzearena, alegia. Esanahia erabat osatzeko izen elkartutik kanpo dagoen konparazioko bigarren terminoa behar dugu. Dena den, aurrerago ikusiko dugu izen elkartuetan konparazioa nola ulertu behar den, duten mugatzailearen arabera.

Beraz, azpiatal honetako izen elkartu askok, erreferentziaren ikuspegitik aldez exozentrikoak direla esan dezakegu, esanahia osatzeko elkarketatik kanpo dagoen hirugarren elementu baten beharrean baikaude. Adibidez, liberal-fama izen elkartuak badu bere esanahia, ulertzen dugu zer adierazi nahi den; baina, era berean, badakigu norbaitek duela liberal fama hori, pertsona bati buruz predikatzen dugula liberal-fama izatea. Beste horrenbeste gertatzen da garaje-itxura esaten dugunean, berehala ulertuko dugu zerbaitek, garajeek duten bezalako itxura duela, eta abar.

Predikatu eginkizunean erabiltzen ditugu asko eta askotan. Horrexegatik izen elkartutik abiatuta -ko atzizkiaz izenlagun bihurtzen ditugu maiz: arrosa koloreko masailak, zaunka haserre usainekoa, gaztaina koloreko pitxarra, morokil usaineko dantza, kabyla irudiko leinu

Azter ditzagun orain banan-banan, mugakizunetan oinarriturik, konparazio-elkarte hauek. Eta ikus dezagun zer nolako mugatzaileak azaltzen zaizkigun bakoitzean.

II.5.2. Adibideen azterketa

Ondoren ikusiko ditugun mugakizunoz ohar hauxe egin daiteke: asko ‘itxura’, ‘antza’ adieren araberakoak dira.

II.5.2.1. AIRE

Mugatzaileak: arin-eskas eta leun-eskas, arrotz, burla, fraide, integrista, josi, lapurtar, Luzifer, markesa, Prometheu

“Erromanoen jauregiek ere (…) bazaukaten halako arin-eskas eta legun-eskas aire bat” (HE59,18).

“Jonen apaizgaitasuna probetxatuz, burla aire zorrotzez bota zion” (HE39,92).

“Ez asi emen praille aiderik artzen” (HE57,119).

integrista airea hartzen diot nik Agirreri” (HE27,382).

“Berdin gerta dakioke hizkuntzari: sukalde-ezkaratzetan hazia, baditake josi-aire emaiten duen salunetako dirdira liluragarrien artean” (HE59,19).

“bazuen gure jatsuarrak halako lapurtar aire bat” (HE32,12).

“halako Luzifer-airetxo bat erantsi diote, edo Prometheu-airea” (HE27,324).

Mugatzaile gehienak izen bizidunak dira (arruntak eta bereziak). Arrotz, lapurtar, integrista ere izen balioa hartzen duten izen/adjektibotzat har daitezke. Lehen esan bezala, hitz elkartu hauek ulertzeko modua honakoa da: “integristek, Luziferrek, lapurtarrek… duten bezalako airea” du norbaitek. Nolanahi dela ere, OEHk ere jasotzen du aire izenak, antza, itxura adiera duenean maiz ezkerretara izenak eta adjektiboak eramanez osatzen dituela hitz elkartuak: “(Tras tema nominal nudo: adj. o, menos frec., sust.)”.

Aipatzekoa da eskas (aire). OEHko sarrerak dio askotan predikatu-sintagma osatzen duela. Falta du bere osagarria adieraztea: ‘zerbaitez, zerbaitetik’ eskas da norbait edo zerbait. Gure adibidean legun eta arin adjektiboak dira eskas-en osagarriak: berez adjektibo kategoriakoak izan arren, izen balioan hartu behar dira. Alegia, “Erromanoen jauregiek ere (…) bazaukaten halako arin-eskas eta legun-eskas aire bat” adibidea, honela parafrasea daiteke: “oso arinak, leunak ez ziren gauzen itxura zuten jauregiek”. Bestalde, osaeragatik ere da aipatzekoa mugatzailea, bi hitz elkartu juntatuta osatua da eta “arin-eskas eta legun-eskas”.

Bestetik dugu burla izena. Abstraktua izaki, burla-aire ezin dugu interpretatu “burlak duen airea”. Nola, orduan? “Burla egitean dugun airea” edo antzeko zerbait litzateke; horrelako aireaz, burla egitean dugun bezalakoaz hitz egingo zuen pertsona horrek.

Josi partizipioak ere izen bilakatutako adjektiboen multzoan sartzeko modukoa dela dirudi, alegia, (partizipio) adjektibo izatetik izen bilakatutzat jotzeko modukoa. “Zerbaitek gauza erantsiek, josiek, adabakiek izaten duten bezalako airea, itxura… du” izan daiteke ulertzeko era.

Hasieran esanaren ildotik, badu zerikusirik mugatzailearen izaerak konparazioa modu batera edo bestera hartzearekin; eragin hau erlazio semantikoez hitz egitean ere nabarituko da.

Haize mugakizuna duen adibide bakarra ere hemen sartuko genuke, duen aire-ren antza dela medio.

arro aize aundiak erabiltzen ditugula” (HE57,147).

Mugatzailetzat izen balioko adjektiboa darama, “harroek duten haizea bezalakoa darabilgu guk ere” edo izan daiteke egoki dakiokeen parafrasia.

II.5.2.2. ANTZ

Hiztegiek antz-i alboratzen dizkioten adieretatik, bi hauek topatu ditugu hitz elkartuetan: 1. Agertzen dituzten ezaugarri berdin edo berdintsuengatik, izaki bi edo gehiagoren artean gertatzen den lotura. Eitea. 2. Irudia, itxura.

Bistan da, hortaz, antz-ek bere esanahietako batean berez konparazioaren adiera duela, bestela esan, erreferentziazko bi “zer” eskakizun dituela.

Mugatzaileak: aingeru, argi, arin, barre, basakatu, baserri, bihurri, bizi, dotore, egia, epel, eskubide, euskara, gaztain-kolore, gizon, gordin, gorri, ikaragarritasun, ilun, irudi, izar, neke, ofizial, saihets, zahar, zerri

“galdu zenduan aingeru-antza” (EJ77,11).

“edo oraindic oso irentsi eztan erejiaren argui-antz triste bat becela da” (HE40,35).

Zeruko Argia azken zenbakia bezelakoxea ez ote daiteke atera zuen au? Arin antxa emanen lioke, noski” (EJ05,153).

hire bizi-antza itsusi hortan ez lukete lekurik” (HE58,51).

“Egunoroko hizkaratik zettobait aldendurik egoiteaz dotore-antza ta prestutasuna bereganatzen du” (HE26,278).

“erlijino-gaietan, ostera, epel-antxak batzuk, etsaiak beste” (HE28,76).

“barrikerijoi eskubide-antza emoteko bidetxigor sasitsu ta ilun batera eroan oi-ditugu euskera autuak” (EJ06,79).

“Begiak etzituan txikiak, aundiak ere ez; bañan aiek ere gaztain-kolore antzekoak” (EJ60,29).

“sorraldi bateko umeak berdin xamarrak izan oi dira geientsuetan gizantzez bai jitez” (EJ03, 28).

“Baroja’ren gizon-antzak ez dira irakasten asten” (HE24,23).

“bira batzuek zartagian, urre kolore gorriantz illuna artu arte” (EJ64,101).

“alako ikaragarritasun antzeko bat emoten dau” (HE31,71).

“egun guztian itsasoan da ilun-antzagaz portura” (EJ70,102).

“soinkera neke-antx pinpirinaz ba’dator aulkira” (HE17,21).

“eskutitz bat ekarri zion Jonek. Ofizial antza zedukan” (HE39,83).

“Irlandarazko lehen textuek zaharrantz gehiago erakusten dute, ordea, Britaniarazko idazki zaharrenek baino” (HE30,217).

Mugatzaileak izenak eta adjektiboak dira, lehen ere ikusi dugun bezala. Izen bizigabeak (argi, barre, baserri, bizi, egia, eskubide, euskara, gaztain-kolore, ikaragarritasun, irudi, izar, ofizial, saihets…), bizidunak (aingeru, basakatu, gizon, zahar, zerri…), eta adjektiboak (bihurri, dotore, epel, gordin, gorri, ilun, neke…).

Oro har, bi aditzeko modutara bil ditzakegu adibideon ulertzeko moduak, antz-en adieretan oinarrituta, guztiek maila bateko edo besteko konparazioa gauzatzen dutela:

  1. “X eta Y tankera, eite berekoak dira”. Bai izenak bai adjektiboak dira mugatzaileak: argi-antz “argiaren tankerakoa”, arin-antz, “gauza arinen tankerakoa”, bizi-antz “biziaren eitekoa”, ikaragarritasun-antzekoa “ikargarritasunaren tankerakoa”…

    Ildo honetan, adjektiboen kasuan gerta daiteke antz-ek graduatzailearen pareko eginkizuna betetzea, samar-en modura edo. Batzuetan, gainera, beste afrikatu bat darabilte idazleek, antx, bustia. Esate baterako, epel antxa esatean, epel samarra-ren antzeko zerbait diogu, “epelaren tankerakoa bai, baina erabat epela ez dena”, “gaztelaniaz txukun antzean idatzi nahi dutenek” idatzi duenak ere “guztiz txukun ez, baina txukun samar idatzi edo” adierazi nahi du. Kolore baten mugakizuna denean antz (gorriantz) adiera bera gauzatzen da: “erabat gorria ez dena, gorrizta, gorrizka… dena”.

  2. “Xk duen itxura du Yk, X eta Y bi izanik”. Konparazioa gauzatzen da hitz elkartuak adierazten duena beste zerbaiten ezaugarria ere badelako: “Xk aingeru-antza du”, “aingeruek duten itxura du Xk”, baserri-antza, “baserriek duten itxura du”, gizon-antz94 “gizonek duten itxura du”, dotore-antz “gauza dotoreek duten itxura du”, ofizial-antza “gauza ofizialek duten itxura du”…

II.5.2.3. AURPEGI

Mugatzaileak: arrano, kokolo, masoi, santu, txotxolo

arrano aurpegia du bere begi borobil eta guzti” (HE35,78).

kokolo aurpegia ipini arren” (HE44,13).

masoi-arpegia eukala” (EI99,141).

“San Droke altarakoak baiño santu-arpegi andiagoa jaukok ba ta!” (HE21,98).

“bere txotxolo arpegi ta guzti” (HE17,19).

Izenak (bizidunak) edo izen balioko adjektiboak dira mugatzaileak. Sarreran esan bezala, elkartuok adierazten dute norbaitek aurpegia duela kokoloek, masoiek, txotxoloek, santuek edo arranoek duten bezalakoa.

II.5.2.4. FAMA

Mugatzaileak: bertsolari, liberal, liberalen biltoki, poeta, sendagile on, zuhur, zerri

“egun batez deliberatu zuen behar zituela hemengo pertsulari fama zuten guztiak elgarretarat bildu” (EJ04,85).

“Rossier-ek liberal fama du” (HE35,80).

“bere botikak liberalen biltoki fama omen zuan” (HEl9,10).

“Nolanahi ere, euskal marinelei egin dien mesedeak poeta fama itzalerazi du” (EJ80,13).

Sendagile on fama du” (HE35,77).

“Ala-olako xuur-fama bazeukan, baiñan ikasteko etzen batere etxe txarra” (EJ03,22).

“Eta zerri fama nik zeukeat hori duk okerrena” (HE35,105).

Mugatzaileen gramatika-kategoria: izen bizidunak (edo izen balioko adjektiboak: liberal, zuhur) bat ez beste guztiak. Bizigabe bakarra, besteak ez bezalakoa den liberalen biltoki.

Eta honexek, hain justu, lehen ere bidera atera zaigun arazoa begietaratzen digu: bistan dago hemen mugatzailea ez dela biltoki soilik, liberalen biltoki sintagma genitibodun osoa baizik. Hemen agian —eta baliokide den neurrian hots ere kokatuko genuke— gauzak beste modu batera interpreta daitezke.

Alegia, esanahiaren aldetik, beste egiturak bezain hankamotz geratzen dira goian ikusitako adibideak badakigulako norbaitek edo zerbaitek, izen elkartuan azaltzen ez denak, duela fama hori; dena delako horren predikatua dela. Baina konparazioa izan ordez, beste zerbait genuke, biltokiek berez ez baitute famarik: “fama da leku hori liberalen biltoki dela”, “fama da Rossier liberala dela”, “hotsa da gizon hori santu dela”… Antzeko parafrasiak eman ditzakegu goiko perpausen ondoan. Hau hala izanik, sarreran esan bezala, egitura guztien batasuna exozentrikotasunean, erlaziozkotasunean, esanahia hitz elkartutik kanpo zehaztu beharrean, kanpoko horren predikatu izatean datzala esan daitekeela dirudi.

II.5.2.5. HOTS

Berriz ere esan dezagun hots hemen ez dela ‘zarata’ (elkartu arruntetan, batez ere ‘iturburu’, ‘egile’ harremanetan ikusi ditugun kale-borroka hots, olatu-hots, trumoi-hots bezalakoak). Metaforikoki erabilita, fama-ren baliokidetzat jo dezakegu, ‘ospe’, ‘entzute’ adiera duela, alegia.

Adibide bakarra dugu corpusean, santu… Honen interpretazioaz ikus arestian fama aztertzean genioena.

“Segovian il zen, santu otsean” (HE33,59).

Konparazio-elkartea da flauta-ahots ere, flautek ez baitute berez ahotsik; adibide bakarra izanik, hots mugakizunaren ondoan sailkatu dugu:

“Oi, oi Giselle! esanen luke bere flauta abotsarekin” (HE35: 49).

II.5.2.6. IRUDI/ IDURI

Izen honek ere badu, antz-ek bezala, nolabaiteko konparazioa bere esanahietako batean, “gauza bat edo ideia bat gogorarazten edo iradokitzen duen zera”95. Erreparatzekoa da adibide batean baino gehiagotan [izena + irudiko] sintagma dugula, § I.5.1 atalean adierazi dugun bezala.

Mugatzaileak: betikotasun, gizon, hurrupa, huts, ijito, jo, justizia, kabyla, kulpa, untze

“aldaketari betikotasun irudi bat emanaz” (HE36,15).

“hain giza-irudiko eta halaz ere hain bestelako” (HE27,323)96.

“Eta guciaz ere, len esan degun becela, au da gure anai ascoren amets urreztatua, betico beren utsirudia” (HE40,71).

“ile beltz kiskurra eta larru kolorea beltzarana txit, ijito irudikoa” (EJ48,23).

“makila jasota iru aldiz jo-irudia egingo du” (HE15,19).

“Zebiltza billa testigo ta testimonio fálsu, galtzecó Jesus justicia-idúris” (EJ55,161).

“herriak kabyla iduriko leinutan puskaturik zebiltzan” (HE26,295).

Mugatzaileak izen bizidunak: ijito, gizon…; bizigabeak: betikotasun, gorputz, hurrupa, justizia, kabyla, kulpa, untze…; adjektiboa: huts…; aditza: jo

Azken mugatzailea, aditza, berezia da97. Horrelakoetan esapide jakinak, finkatuak, osatzen ditugu: jo-irudia egin, ez ikusi iduri egin. Esanahiaren ikuspegitik konparazioa dugu, “jo-irudia” egitea “joko balu bezala, baina egiaz jo gabe” aritzea baita. Balizko jardun edo ekintza batekin egiten dugula konparazioa esan daiteke.

Izen edo izen balioko adjektiboak mugatzaile ditugunean, zerbaitek edo norbaitek “ijitoa dirudiela”, “ijitoen antza duela”, “hutsa dirudiela”, “hutsaren antzeko dela” eta abar adierazten dugu.

Bestelakoa da ondokoa, ‘txistea’, ‘viñeta’ edo adieraztekoa; parrirudi izen elkartuko bi osagaien artean, ‘helburua’ (“barrea sortzeko”) edo ‘ondorioa’ (“barrea sortzen duen irudia”) erlazio semantikoa antzematen diogu:

“berriez, lan benez ta arin-alaiez –parrirudiak aztugabe–” (HE17,66).

I.5.2.7. ITXURA

Mugatzaileak: aberats, bake, basomutil, egia, euskara, flamenko, garaje, gizon, haserre, hil, ikara, izu, jainko, katedral, kristau, maitasun, makal, mozorro, negar, neke, on, ospitale, pizti, saindu, teoria, zorion

aberats itxurak artu, gero futbola, zinea, tabako oria ta lotsa gutxi” (EJ03,24).

basomutil itxura aundia danok ere” (HE29,122).

“edozer baño obeto jantzi ditezke kimika-abonoak gezurrezkoak izanda egi-itxuran” (EF92,35).

“Ohe gainean flamenco itxura duen zerbait dantzatzen hasten da” (HE35,61).

“Izugarrikeriak egiten dituzten giza-itxurako bi oinetakoak” (HE27,363).

“kokolo aurpegia ipini arren ta ikara itxura” (HE44,13).

il-itxuran arkitzen degu zelaia neguan arbolak ostorik gabe” (EF92,13).

“gainerakoan, alako maitasun itxura bat erakusten du Renan-ek bere protagonistarentzat” (EC07,34).

Gramatika-kategoriari dagokionez, era askotako mugatzaileak ditugu:

  1. izen bizidunak: basomutil, gizon, jainko, kristau, mozorro, pizti…; izen balioko adjektiboak: aberats, saindu
  2. izen bizigabe konkretuak: euskara, flamenko, garaje, katedral, mozorro, negar, ospitale, teoria
  3. izen abstraktuak: bake, egia, ikara, izu, maitasun, neke, zorion
  4. aditzoinak: hil
  5. adjektiboak: haserre, makal, on

Esanahiari dagokionez a) eta b) kasuetan konparazioa badugula esan dezakegu, norbaitek edo zerbaitek, garajeek, katedralek, aberatsek, basomutilek eta abarrek bezalako itxura du. Izen abstraktuek, ordea, ez dute itxurarik; beraz, ezin dugu esan norbaitek izua edo ikara bezalako itxura duenik, edo egia bezalako itxura zerbaitek, etab. Horrelakoetan esan genezake iduri/irudi-ren baliokide bilakatzen dela itxura. Azken batean egia-itxura eta justizia-iduri ez daude hain urrun bata bestetik.

Hil, berriz, bi eratara har dezakegu, aditz bezala: “hilda baleude bezala” edota izen bezala: “hilek duten bezalako itxuran”.

Adjektiboak ditugunean mugatzaile —nahiz eta hemengo haserre izena ere izan daitekeen—, badirudi beste interpretazio hau eman beharko genukeela: “haserre baleude bezalako itxura”, “onak balira bezalako itxura”…

Taxu mugakizuna izanik ere, arestikoen pareko hitz elkartuak osa daitezke:

“asmo ortan, lengo komentu xarrari beste bi bizitza egotzi zizkioten gañetik, ia eliz-tellatuaren pareraño, lengo

etxe-pillo ez-berdiñari batasuna ta edertajua emanaz” (EL70,240).

Konparazio-elkartea da, zalantzarik gabe, gure corpuseko zakur-estilo ere, nekez erabiltzen baitugu estilo izena zakurrei buruz ari garenean; mugakizun hori duen elkarte bakarra denez, itxura mugakizunarekin batera sailkatu dugu:

“bera agian txapeldun Lizasoko “zakur” hura, bere zakur-estilorik jatorrenaz” (EJ00: 187)

Hemen sailkatu dugu, halaber, gure corpusean papera (egin) mugakizuna duen adibide bakarra:

“Txakurra ta eskopeta baditu, eta mendira joaten da eiztari-papera egiñaz” (HE16: 33)

II.5.2.8. KOLORE

Mugatzaileak: arrosa, buztin, esperantza, gaztaina, hauts, krabelin, liberal, lur, more, osasun, pastel, rubi, su, udaberri, urre, zeru

“Aren lengo larrosa kolore ederrak biurtu ziraden buztin kolorekoak” (HE19,94).

larrosa koloreko masalla ederrak biurtu ziran krabelina kolorekoak” (HE19,33).

esperantza kolore, soinekoak pherde” (HE51,14).

gaztaña koloreko pitxar aundi bat sagardoz beteta” (HE19,27).

“beragatic guciac liberal-usai eta colorea artzen du” (HE40,153).

“jantziak danak urratu eta musuak ere lur koloria” (HE23,107).

“Monet-en pintura-para aberatseko more-koloreak” (HE31,64).

“Zituan irurogeiren bat urte, osasun kolorea eta geyegi ez arren zer arin mardua” (HE19,31).

“Argiarekin pastel kolore berde arin batez pintratu gela bat agertu zeraukon” (HE58,52).

“hamar halako rubi-kolorezko unanu-lore jaiotzen ziren” (HE27,298).

“Zalduna egoan dama ederrari dudaz beterik begira; su-koloreak urrteten eutxen nai ezebala arrpegira” (EJ70,168).

Udabarri-kolorezko oial eztitsu baten aurrean gelditzen naz gaur” (HE31,64).

urre koloretan erdoil batzuek itsustuak” (HE32,23).

“Irri bat bazuen graziaz betea, begiak zeru kolore” (HE59,71).

Mugatzaileen gramatika-kategoriari dagokionez, guztiak izentzat har daitezke:

  1. izen bizigabe konkretuak: arrosa, buztin, gaztaina, hauts, krabelin, liberal, lur, more, pastel, rubi, su, urre, zeru
  2. izen abstraktuak: esperantza, osasun…

Sarreran esan dugun bezala, kolore azal daiteke, noski, mugakizun bezala, inongo konparaziorik egin gabe: larru-kolorea, adibidez, “larruak duen kolorea” da (§ I.5.2), eta ez dago beste ezerekin/inorekin alderatuta; Eguzki-lore motako izen elkartu arrunta da.

Horietakoak dira hemen jaso ditugun batzuk: izen bizigabe konkretuak dira mugatzaileak eta hitz elkartu guztiek izendatzen dute errealitateko koloreren bat: arrosak kolorea du, buztinak, gaztainak, urreak eta gainerakoek duten bezalaxe.

Izen elkartuotan lotura egiten da hitz elkartutik kanpoko erreferentearen kolorearen (demagun pitxar, masail, unanu-lore, begi-en kolorearen) eta elkartuak adierazten duen kolorearen artean; harekin konparatzen da zeraren koloreak izen elkartuko kolorea dakarrelako gogora, hain zuzen ere.

Jaso ditugun gainerako mugatzaileek —izen abstraktu eta bizidunak—, berriz, ez dute kolorerik. Halakoetan metaforaren batera jo behar da eta pentsatu hitz elkartuko mugatzaileek (osasunak, udaberriak, liberalek…) bide luketen kolorea dela konparaburua. Alegia, “Zituan irurogeiren bat urte, osasun kolorea eta geyegi ez arren zer arin mardua” idatzi duenak adierazten du hirurogei urte zituen pertsona horren kolorea osasunari egozten zaion kolorearen (demagun zurbila ez dena, gorrixka…) tankerakoa dela. Usainez aritzean antzeko azalpena emango dugu.

Bestalde, bereziak dira esperantza, more eta pastel mugatzaileak, hainbat arrazoi direla medio:

  1. Esperantza hiztun-taldeak kolore “berdea” adierazteko finkatutako metaforatzat jo daiteke.
  2. More kolorearen izena dela eta, atentzioa ematen du elkarketara jotzea eta ez koloreak izendatzeko ohiko izena + izenondoa eraikuntzara. OEHn beltz, berde, gorri, urdin, zuri, more eta kolore sarrerak begiratu besterik ez dago ikusteko oso adibide gutxitan (beltz, urdin, zuri, txuri, xuri sarreretan adibide bat ere ez, baina berde, gorri eta more-renetan ere arrunt gutxitan) dagoela aztergai dugun hitzaren hurrenkera, gainerakoan beti “kolore beltza, kolore gorria, kolore zuria…” erabili dute OEHko corpuseko autoreek.
  3. Pastel, berriz, teknika berezi batez egindako kolore-mota bat izendatzeko izena da. Osagaien arteko harremanak kontuan hartuta, galdetzekoa da noraino ez ote dugun aposizioa (H-E/3, X.2.5.: 118 / 98)98: “pastel deritzan kolorea”.

    II.5.2.9. KUTSU

    Mugatzaileak: absolutu, administrazio, antzina, antzinatasun, antzinate, baba, barne, baserri, bertso, desafio, egia, erdara, erromantiko, etxe, euskara, gordin, igazkotu, itsaso, itzulpen, jakintza, kalbario, kausal, kontsekutibo, kontzesibo, modernotasun, olerki, paper, sobrenatural, suntsiera

    absolutu-kutsu hori galtzen du” (EI94,22).

    “euskeraren galera eta administrazio-kutsua jatorrizko egiari nagusitzen ari” (EJ5l,46).

    “dorrearen leihoak hertsi dira, zeken; eta goiko ojibak antzinate kutsu bitxia erasten die” (EJSl,21).

    “bere barne kutsua lotuaz eta masak beraiek osatu dituzten erakundeei lotu eta atxikiak” (EJ52,34).

    “gure jardunaren baserri-kutsu soportatu ezina” (HE35,4).

    desafio-kutsua duten itz auek ere idatzi zituen” (EC07,33).

    “irakurgaiak darion egi-kutsuagatik” (HE28,69).

    “Etxahun, euskal-olerkarietan erromantiku kutsu iorikoa” (HE28,57).

    “erabili duen euskerak, oso aberatsa eta jatorra izan arren, ba du tarteka gordin-kutsua” (EJ51,57).

    “bixigu presko, gozo, urridun eta itxaskutsuarekikoa” (EJ64,49).

    “hitzari gaurkotasuna eta jakintza-kutsua eman behar zaionez…” (EI94,18).

    olerki kutsua baino, bertso kutsua obeto ba’dariote” (HE28,83).

    “Betikoa, jakiña; sobrenatural kutsua duen oro ipuitzat artzea” (EC70,36).

    Mugatzaileen gramatika-kategoria:

    1. izen bizigabeak: absolutu, administrazio, antzina, antzinatasun, antzinate, baba, barne, baserri, bertso, desafio, egia, erdara, erromantiko, etxe, euskara, igazkotu, itsaso, itzulpen, jakintza, kalbario, modernotasun, olerki, paper, sobrenatural, suntsiera
    2. adjektiboa: gordin… Mugatzailea adjektiboa denean izen elkartuak hartzen duen balioa lotu behar dugu antz aztertzean ikusitakoarekin. Hemen ere euskarak “gordin kutsua” duela esatean adierazten dugu erabat gordina ez dela.

    Autore beraren kausal, kontsekutibo, kontzesibo mugatzaileak direla eta, berriz, itxura guztien arabera, “[perpaus] kausal kutsu”, “[perpaus] kontsekutibo kutsu”, “[perpaus] kontzesibo kutsu” erabili beharrean erabili ditu mugatzaileok izen bihurtuta perpaus-motak bereizteko:

    “nola ere bait-i kausal kutsua dario; ikus denborazkoa noiz ere bait-” (EJ80:101).

    “perpaus nagusiak hain duelarik, konsekutiva kutsua dario; agertuko da besterik ere” (EJ80:134).

    “cein legun da: konzesiva kutsua dario: “quamvis…”” (EJ80:79).

    Zentzu izena mugakizuna dela ere izan daiteke, aldizka, kutsu-ren parekoa:

    “leku denborazko markak bizidun zentzua dutenei erantsi behar zaizkienerako” (EJ56,32).

    II.5.2.10. PLANTA

    Hau ere ‘itxura’ adierakoa. Gure corpusean adibide asko ez ditugun arren, era bateko eta besteko mugatzaileak daude planta mugakizunaren ezkerrean: izen bizigabeak (indar, dezepzio), izen biziduna (toreadore) eta izen bizidun balioko adjektiboa (inozo):

    “Neskek egundoko dezepzio plantak egin zituzten” (HE39,106).

    “buruko ile sarriak areagotzen zuen aren indar-planta” (EJ00,179).

    “ez emen asi inoso plantak egiten, Niko” (HE57,134).

    “San Krispiñ egunean toleadore-plantak eguiten erabilli ebana?” (EJ07,2).

    Indar-planta-ren adibidea alde batera utzita, galdetzekoa da ez ote litzatekeen zuzenago “(Zerbaiten) plantak egin” aditz-esapide [edo predikatu konplexu (Zabala 2001)] antzekoaren barrutikotzat hartzea (itxura(k) egin, (ehiztari) papera egin (HE16,33)… eraikuntzen ildo beretik). Hala izanez gero, beharbada, elkarketaren eta sintaxi-egituren artean genbiltzake areago elkarte bete-betean baino.

    II.5.2.11. TANKERA

    Ikusi dugun bezala, adieretako batean99 itxura, antz-en baliokidea da. Mugatzaileak: autobiografia, bildots, esplikazio, gizon, kalbario, olerki, saio… Guztiak izen kategoriakoak ditugu, bizidunak eta bizigabeak:

    “liburuaren nabarmenena autobiografi tankerako bat da” (HE28,69).

    “esan zezala kondeak nai zuna, otsoa alena ua, bildotz-tankeran” (EL70,48).

    “bere izatez eta egitez, ezpaitu iru esplikazio tankera baizik jasaiten” (EC70,30).

    “etzen, noski, gizatankera otz, neurritsu kalkulakor eta itxurati oietakoa” (HE28,72).

    “alako gizon-tankera parregarria ematen ziotek” (HE17,17).

    “antza galanta ere badu ermita arek gure elizarekin antzinako kalbario-tankeran” (EL70,98).

    “Musset’ek eta Espronceda’k erabilli zuten olerki tankera” (HE28,82-82).

    “Euskalki nahastea ere saio tankera horretatik datorkio” (HE27,348).

    II.5.2.12. USAIN

    Metafora balioa duen neurrian dakartzagu adibideok (§ II.5.1) puntuan aztertu ditugu balio metaforikorik gabeak, ‘iturburua’ erlaziopean): aberkoi, arkaismo, artobero, arrain, basaka, baserri, bero, bizkaitar nahiz bertze edozein eskualde, diru, egia, egun, erdara, eritasun, erremedio, errepublikano, euskara, festa, garo, guda, haserre, infernu, katu, koxkero, kristau, lapur, lehengusu, liberal100, lotsa, masoi, morokil, mozkor, odol, politika, prestutasun, protestante, sakristau eta konbentu, santu-izen, zahar

    “geiegi bazkatu baititugu geren gogoak aberkoi-usaiezko gezurrez” (HE17,50).

    “arroxko ta artobero-uxai omen-naiz” (HE17,54).

    “vokabularian bizkaitarr nahiz bertze edozein eskualde-usaina agertzea ez-litzate kaltegarri” (HE26,287).

    “Goisabar, edo egun usaiñagaz batera” (HE20,116).

    “jaki-prestaera auek badute alako guda-usai gutxi bat” (EJ64,57).

    infernu usaya dacar berorrec” (HE07,347).

    “euskerari sakristau eta konbentu-usaia kentzekoa” (HE57,127).

    “ezagutuco dozu zuc dongatzat, lapur-usainecotzat” (HE20,168).

    “Pompello onek lengusu-usaia badulako Porrasekin” (EL70,191).

    “escuen artean darabiltzquien gauza guci ayetan liberal-usaya banatzean” (HE40,81).

    “beragatic guciac liberal-usai eta colorea artzen du” (HE40,153).

    “dantzarako eztot nai morokil-usainekorik, nik neuk lakose arrain-usaiñekua nai dot” (EI99,141).

    mozkor-usaiñez loreek ire barnegiroa zoraturik?” (EJ50,105).

    “Urkizu’tar Ana Batista ama, Seguran jaio ta bertan moja bizi ta illa. 84 urtekin il zan santu-izen usaiean (1675), 24 urtez komentu artako buruzagi izan ondoren” (EL70,114).

    “hizkara horrek zaharr-usaia eta antzina-kutsu arin-samarra daduka” (HE26,278).

    1. izen bizidunak: aberkoi, arrain, artober, katu, kristau, lapur, lehengusu, masoi, protestante, sakristau

    2. izen bizigabeak:

      konkretuak: baserri, bero, diru, egun, erdara, errepublikano, euskara, festa, guda, infernu, konbentu, koxkero, liberal, morokil, mozkor, odol, politika, santu-izen, zahar

      abstraktuak: egia, eritasun, lotsa, prestutasun

      biziduna eta bizigabea juntatua: sakristau eta konbentu

    Determinatzailerik gabeko IS ere badago: bizkaitar nahiz bertze edozein eskualde.

    Osagaien arteko erlazio semantikoei dagokienez, usain mugakizunak kolore mugakizunaren antz handia du, alde honetatik. Genioen bezala, usain mugakizuna erabil daiteke inongo konparaziorik tartean ez dela: erre usaina, demagun, erretako gauzei darien usaina da, eta ez dago beste ezerekin/inorekin alderatuta. Ez da, ordea, sail honetan daukaguna.

    Mugatzaileen izaerari begiratzen badiogu, konturatuko gara badirela gauzak benetan usaina dutenak (adibideetako izen konkretu batzuk) eta beste batzuk berez usainik gabeak direnak. Guztietan norbaiti/zerbaiti beste norbaiti/zerbaiti darion bezalako usaina dariola ulertzen badugu ere, bidezkoa da xehekiago ikustea konparazioa nola gertatu den.

    Multzo batean sartzekoak dira izen elkartutik kanpoko ‘zera’ri (arrainari, morokilari, odolari…) baldin badario benetan izen elkartuan zehazten den bezalako usaina, zeraren usainak izen elkartuko usaina dakarrelako gogora uztartzen dira, hain zuzen ere.

    Baina adibide gehienak bestelakoak dira. Bai izen bizigabe konkretu batzuek (diru, egun, festa…), bai zenbait bizidunek (kristau, lapur, lehengusu…), izen bihurtutako adjektiboek eta —zer esanik ez— abstraktuek, ez dute berez usain jakinik, kanpotik sudurraz adi daitekeenik bederen. Hemen metafora bat da tarteko: “protestanteei, diruari, artoberoei…” bide darien usaina hartzen da konparaburutzat.

    Halaber, hemen sartzekoa litzateke sunda (‘usain’, ‘hats’…) mugakizuna duen hauxe:

    “ez-geunde bada iñoiz ere maixu-sundezko euskerarik erabili bear” (EJ06,85).

    II.5.3. Mugatzaileen gramatika-kategoria

    Konparazio-elkarteetako mugatzaile gehienak izenak dira; era askotakoak (bizidun nahiz bizigabeak, konkretuak, abstraktuak…). Izenaren eginkizunean erabilitako adjektibo edo partizipioak ere ez dira gutxi. Aditzen bat ere ikusi dugu (irudi, itxura mugakizunekin). Zegokion atalean azaldu dugu honen gainekoa. Beste askotan bezala, baditugu juntagailuz elkarturiko mugatzaileak (horietako bakoitza aldi berean elkartua izanik), arin-eskas eta leun-eskas aire; mugakizuna elkartua duen liberal usain eta kolore, eta mugatzailea izen elkartua dutenak: basomutil itxura.

    Aipa dezagun, azkenik, atal honetan jasotako mugatzaile batzuek (itxura, fama, kolore, usain…) kategoria lexikoetatik kanpoko mugatzaileak eraman ditzaketela, eta horretan ez bide du eraginik benetako kolore edo usaina edo metaforikoa izateak. Urrutirago gabe, hor ditugu, besteak beste, usteldutako hosto usaina, jantzi busti usaina eta bizkaitar nahiz beste edozein eskualde usaina (§ IV.3).

    Adibide horien ildoko gehiago ere baditugu corpusetik kanpokoak. Esate baterako Bitoriano Gandiagaren hauek:

    “Baztarren gaiñez, itzala, ardo-baltz-kolore urratuz, moltzotan” (Gandiaga, El: 99).

    Elorri eder-tankeraz eder-naiezko poematxuak” (Gandiaga, El: 21).

    Alegia, ez dirudi erabat ezinezkoa bertsolari txar fama eta elurrezko panpin itxura bezalakoak egiteak. Azken batean, berriz ere aurreko ataletan atera zaigun kontu bera dugu: osagarria eskatzen duten mugakizun berezi hauetako batzuek lexikotik kanpo ere bete dezakete duten eskakizuna.

    II.5.4. Osagaien arteko erlazio semantikoak

    Oro har elkarketa hauek elkartetik kanpoko konparazioa adierazten dutenez, ez da erraza hemen gertatzen diren erlazio semantikoak zehaztea. Azken batean, horretarako, konparazioaren aurretiko irakurketak beharko genituzke, elkarketa hauen oinarrian dauden beste elkarketa batzuk.

    Zenbait autorek ez dituzte horrelako konparazio-elkarteak kontuan hartzen mendekotasunezko hitz elkartuak aztertzerakoan. J. Levy-k (1978), adibidez, mendekotasunezko hitz elkartuak sakoneko erlazio semantikoen arabera aztertzen dituelarik, horrelakoak berariaz kanpoan uzten ditu, konparazioa edo metafora kutsua dutenak, alegia. Horietan erlazio semantiko orokorrik aurkitzea oso zaila dela eta beste modu batera tratatu behar direla aitortzen du. Gehienaz ere, mugatzailea biziduna denean (baina ez beti), “norbaitek duen bezalako kolore, itxura, usaina…” parafrasia konparazioaren aurretiko oinarritzat hartzen badugu, ‘jabegoa’ erlazio semantikoaz edo hitz egin dezakegu. Eta neurri batean beste horrenbeste aurki dezakegu mugatzaile bizigabe, konkretua bada; baina ez beti.

    II.5.5. Emankortasuna

    Zenbait mugakizunekin beste batzuekin baino adibide gehiago aurkitu ditugu. Alde honetatik, esanahian bertan konparazio zentzua daramatenak emankorrenak dira. Metafora kutsua dutenak, berriz, ez dirudi horren bizirik daudenik, baina literaturan badute bere tokia.


    94 Honek, zehazkiago, literaturako ‘pertsona’ adierazi nahi du.

    95 Ondokoa ez bezalakoa denean, alegia. Hauek Behi-esne moduko elkartu arruntetan ‘edukia’? edo ‘jabegoa’? harremanean sailkatzekoak dira. “Beste ingurukoetan badezazke idoro zur-lanezko santu-iduri bikañagorik, jantzi eder aberatsagorik eta edozelako apaingarri baliosoagorik” (EJ03,58-59).

    96 Erka daiteke ondoren datorrenarekin. Garbi ikus daiteke osagai berak izanik ere, hitz elkartuen esanahiak (eta motak) direla medio, ezin koka daitezkeela sail berean:

    “Argizerizko santuari, edo giza-irudi bateri, egin leijo, emen zatitxu bat kendu, an imini” (EJ06,79).

    97 Berez Eguzki-lore motakoak ez izan arren (ez baita bi izenek osatua), hemen jaso duguna; mugakizunaren konparazio-balioari erreparatu diogu, mugatzailearen aditz-kategoriari baino areago. Jostirudi egitura berekoa, bestalde, lexikalizatua dugu; ez dago osagaien esanahietatik elkartuaren esanahia eratortzerik: ‘komedia’ da

    97 Hor berean jasotzen den ortzadar-boa-ren antzera? Gaztelaniaz, esate baterako, pintura Renacimiento bezalakoak aposizio sailkatzaileetan jasotzen dituzte (Val Álvaro 1999: § 73.2). Sumpsumtiboen atalean berriz helduko diegu kontu hauei.

    98 Hor berean jasotzen den ortzadar-boa-ren antzera? Gaztelaniaz, esate baterako, pintura Renacimiento bezalakoak aposizio sailkatzaileetan jasotzen dituzte (Val Álvaro 1999: § 73.2). Sumpsumtiboen atalean berriz helduko diegu kontu hauei.

    99 Beste adierarako (‘moldea’, ‘modua’...), ik. Jarleku motan idaztankera (HE/3, XI.: 81 hur. / 61 hur.).

    100 Ik. hemengo kolore mugakizuna (§ II.5.2.8).

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper