Hitz-elkarketa/2: II.4. MOTA-ELKARTEAK

II.4. MOTA-ELKARTEAK

II.4.1. Sarrera

“Mota-elkarteak” deitu diegu mugakizuntzat era, giro, gisa, klase, manera, modu, molde, mota, suerte, tailu… izenak dituztenei.

liturgia-era, apostolutza-era, herio-giro, jende-giro, dolu-gisa, bekatu-gisa, ur-edo olio-gisa, apustu-klase, arbola-klase, gerla-manera, bizitze-manera, ahosabai-modu, arma-modu, autoritate-modu, bizimodu, eguraldi-modu, gizamodu, baserri-molde, bentura-molde, bekatu-molde, bizitze-molde, arrain-mueta, amodio-mota, benerazio-mota, bertso-mueta, bizitza-mota, estatu-moeta, euskara-mueta, abantail suerte, beztimenda-suerte, bizio-suerte, madarizione-suerte, jende-tailu, ioko-tailu

Mota-edo modu-izen hauek batean duten esanahia nola bil daitekeen hobeto ikusi ahal izateko hiztegietara joz gero, honakoaz ohartuko gara:

  1. Ia izen guztien definizioetan modu, manera edo era izenak ditugu. Klase da salbuespen bakarra, baina adibideak aztertzean ikusiko dugunez, mota-ren baliokidea da zenbait kasutan eta, alde honetatik, mota bezalaxe defini daiteke; hots, “izateko era berezi apartekoa” adieraz dezake. Beraz, izen guztietan dugun sema edo ezaugarri semantikoa ‘modu’ dela esan daiteke eta, horrenbestez, modu-izen dei diezaiekegu mota, modu, klase, suerte eta gainerakoei. Adiera hori izanik ere, badirudi horietako mugakizun batzuen esparrua zabalagoa dela beste batzuena baino. Esate baterako, mota euskalki guztietan erabiltzen dena bada ere, gisa, manera, suerte, tailu…, ipar-ekialdeko euskalkietako testuetan irakur daitezke batik bat eta modu, berriz, batez ere Hegoaldekoetan.
  2. Izen batzuek, modua adierazteaz gain, beste adieraren bat ere badute, hala nola klase, mota, molde, giro edo tailu-k. Beste batzuen adiera bakarra, aldiz, ‘modua’ da. Horretan oin hartuta, modu-izenen artean bi azpisail egiteko aukera dugu: adiera bakarrekoena eta adiera bat baino gehiago dutenena.
  3. Azkenik bada definizio hauetan kontuan hartzeko beste datu bat: gehienetan “pertsona/izaki edo gauzek duten izateko era” aipatzen zaigu. Modu da puntu honetan bereizten den izena, “pertsona edo izaki” definizioan azaltzen ez denez gero. Honek pentsaraz diezaguke modu izenarekin elkartzen ditugun mugatzaileak bizigabeak izango direla eta beste mugakizunek, berriz, edozein motatako mugatzaileak onartuko lituzketela; bizidun nahiz bizigabeak. Berehala ikusiko dugu hau guztia egia ote den.

II.4.2. Adibideen azterketa

II.4.2.1. ERA85

Honako mugatzaileak aurkitu ditugu adibideetan: apostolutza, kristau, liturgia, marxismo, prediku(?)…

liturgia-erak, predika-erak, apostulutza-erak, kristau-erak aldatu nahi ziren” (EI94,44).

“castrismoarekin marxismo era berri bat sortuko da” (EI94,75).

Autore beraren adibideok besterik ez ditugu aurkitu adibidetegian. Duda egin daiteke predika hori noraino izan daitekeen izena (prediku) eta noraino aditzoina (predika(tu)). Esaldi bereko liturgia eta abarrek izentzat hartzera bultza dezaketen arren, aditzoin izatetik gertuago dagoela dirudi: “predikatzeko era” eta ez “prediku era”. Balioaren aldetik, moduren pare-parekotzat jo daiteke era.

II.4.2.2. GISA86

Mugakizun honetako adibiderik ez dugu aurkitu gure corpusean, baina, interesgarria zelakoan, OEHko adibideak hartu ditugu kontuan. Guk aztertu adibideetan izen bizigabeak besterik ez ditugu aurkitu mugatzaileen artean: bekatu, dolu, kopla, tormenta, ur edo olio… Motaren baliokidetzat har daiteke.

“Zonbat bekhatü gisa da?” (Belapeyre, Catechima laburra, I, 52).

Kopla-gisa batzuk gozatzeko Sakramentu Sanduaren laudarioetan” (Lizarraga, Koplak, 137).

“Ifernuak asma-araz zetzaken thormenta gisa guziak” (Duhalde, Meditacioneac, 182).

“Gantzukaria, usai oneko ur edo olio-gisa bat” (Iraizoz, Yesukristo gure Yaunaren Bizia, 371n).

II.4.2.3. KLASE

Hiztegietako definizioek pentsarazten duten bezalaxe, edozein eratako mugatzaileak ditu: bizidunak, bizigabeak, konkretuak, abstraktuak…: abisu, apustu, arbola, borroka, fusil, ganadu, gizarte, harri, indar, jende, karobi, kontrabando, langile, mundu, pertsona, politika, usain

apustu klase ori euskal errietako lengo zarrak asko ezaguru zuten” (HE29,31).

“hitz egin zuen langileriaz, klase arteko burrukaz, burruka-klaseaz, alienazioaz” (HE39,11).

“ta ez esne-beiarenak bakarrik, basarriko ganadu-klase danena baizik” (EH50,48)

“gizarte mailak, gizarte klaseak eta Treveriskoa beti ahotan duen jendeagana” (HE27,392).

langile klaseak zuzentzen duen gizartean” (HE37,113).

Azken bi adibide hauetan klase-k ‘modu’-arekin zerikusi handiegirik ez duen adiera du: ez da mota-ren baliokidea, maila-rena baizik; hau da, “gizarte-maila edo etorki bera eta antzeko ezaugarriak dituzten pertsonen multzoa”.

II.4.2.4. MANERA

Mugatzaileak: bizitze, gerla… Moduren baliokidea da hau ere.

“christioaren obligacioequi vere vicice maneraren conforme cumpliceco” (EJ57,56).

“holako gerla manera ez ikusirik obe da. Tronperia du sobera” (EJ65,60).

II.4.2.5. MODU87

Hauek dira modu-ren ezkerrean ageri zaizkigun mugatzaileak. Ia denak bizigabeak dira: ahosabai, arma, arrantxo, autoritate, azterketa, bekatu, bide, bizi, bizitza, dotrina, egite, eguraldi, ekonomia, elaborazio, eliza, eraso, eskubide, esperanto, euskara, formazio edo produkzio, frogantza, galdera, gauza, gobernu, golpe, grina, hitz, hizkera, hizketa, hutsegite, itxura, joko, kezka, lan, lege, mirari, neke eta kezka, oinaze, pentsatze, praktika, produkzio, sena, suerte, tenple, zokoBizidunak: gizon, jende, kristau, pertsona

Sarreran (§ II.4.1) definizioen berri ematean atera dugun ondorioa —modu mugatzaile bizigabeekin elkartuko dugula— ez da erabat zuzena. Hor ditugu: gizon, kristau, jende… bizidunak. Beraz, modu-izen guztiak —edo ia guztiak— elkar daitezke, dirudienez, edozein eratako mugatzaileekin.

“Zer autoritate modu daukazu bada zuk?” (HE39,38).

“galdetu zuten neskek azterketa modu hartaz harriturik” (HE39,105).

“gaitzerako bide moduren bat ematen dio” (HE13,14).

“bakoitzak zer bizitza-modu egin zuan aztertu genduan” (HE53,16).

“begira diezaiogun zer gizamodu den” (EJ00,179).

ekonomia modu edo molde berri baten alboan agertu den burgesiak” (EJ52,17).

“liberalen dotrina madaricatuen cutsutuac dauden cristau modu batzuec” (HE40,100).

Azken-aurreko adibideak bidea ematen du modu eta molde sinonimo, baliokide direlako ondorioa ateratzo (“ekonomia modu edo molde”).

Badago beste modu bat arestikoa ez bezalakoa. Gramatikako terminoa da eta aditzez aritzean, indikatiboa, subjuntiboa… izendatzeko erabiltzen da:

“Gramatika bat egiten dugunean zenbait kategoria ezagun erabili ohi dugu: bokala, izena, aditza, aldi iragana, aginte modua88, komunztadura…”. (Mitxelena 1972: 73).

II.4.2.6. MOLDE

Aztertu adibideetan mugatzaile bizigabeak besterik ez ditugu kausitu: aditz, baserri, bekatu, bentura, bizi, bizitza, deskripzio, estatu, gobernu, gogoeta, hizkera, hizketa, idazkera, idazte, irakaste, jendetasun, korrika, kritika, lur-langintza, mintzatze, nekazaritza-artzaintza ekonomia, paper, pentsakera, saiakera

bekatu-molde horrek ez du sentidurik personajeentzat” (HE35,7).

“han ezagutu genduen bizi-molden desbardintasun harrigarria” (HE58,81).

“bazekiten zer ziren gobernu-moldeak, batasunean bizitzea” (HE33,17).

“nahiz ontsa zu gidatu jendatasun moldian, zerurako bidian” (EJ68,47).

“Euskal-herria nekazaritza-artzantza ekonomia moldearen neurrietara mugatu nahi luteke” (EJ52,19).

II.4.2.7. MOTA

Mota mugakizunak ere era guztietako mugatzaileak hauatzen ditu, bizidunak eta bizigabeak, konkretuak eta abstraktuak: abere, abono, aflikzio, amodio, ardo, arrain, arrazoi, arte, azterketa, baso-zuhaitz, bekatu, benerazio, bertso, bizitza, dohain edo jite, ekintza, eleberri, emakume, eskola, eskoletxe, esplikazio, estatu, etxabere, euskal hizkera, euskaldun, euskara, fruitu, gauza, gizon, haize, harri, ihizi, ipuin, jai, jaki, jende, koñak, koktel, kultura, lan, landare, langile, lantegi, lege, letra, liburu, lilura, liho, literatura, lotura, luma-abere, mahatsondo, manera, mintzaira, moral, nobela, ogi, olerki, olio, pizti, populu, sagar, teoria, tradizio, txori, ziurtasun, zuhamu

baso-zugatz mota guztiak bitara biur litezke” (EF92,61).

emakume mota edo clase asko dituk mundu zabalean beren erriari entzute andia eman dienak” (EJ07,1).

ekintza mota honen efikaziak neurri asko dauzkala” (EJ52,34).

etxabere mota guztien tokiak nola bear luteken ezin erakutsirik” (EF92,85).

jende mota: tipo de personas” (EC48,593).

“Martell etxe’ko Cognac mota onenetako bat” (EJ64,35).

“illunabarrak… ez du sekulan izango atzo arte izan zuen lillura mota” (HE34,29).

“solamente oray ofrecicen den manera mota da diferentea” (EJ57,9).

Bigarren adibidean garbi ikus daiteke mota eta klase baliokideak direla. Azken adibideko manera mota, berriz, erredundantea da, itxura guztien arabera.

Badira gure corpusean beste mugakizun batzuk, hala nola giro (hobeki esan, giro mugakizun duten giza giro, herio-giro eta ende-giro elkarteak, hirurak autore berarenak89) eta tipo, hemen sailkatu ditugunak. Lehenaren adibideetan esplizituki esaten da zein adiera ematen dion idazleak:

guiza-guiro = hombre, tipo de. Ceren guiza-guiro oriec larrutzen cituzten ematecoric etzuten anitz gaixo (EI31: 209).

erio-guiro = muerte, tipo de. Ta eguin zuten hau oriec, ceren cequiten erio-guiro hau cela, S. Agustinec dion bezala, eriotz gaisto itsusi gucien artean gaistoen ta itsusi galgarriena” (EI31: 129).

genda-guiro = gente, tipo de. Mundu gucian arquitzen diran genda-guiroric gogorren ta muquerrenetatic dira”(EI31: 67)

Tipo mugakizun duten elkarteak ere gutxi dira, lau baino ez, horietatik hiru autore berarenak: hezur-tipo, kraneo-tipo, kultur tipo eta presio-tipo

“langile ordezkarien ugaritze eta militantekera hau, presio tipo honen agerpen uka-ezineko bat da” (EJ52: 36)

“larru beltz, hunelako edo horrelako kranio-typoa, hezur-typoa edukitzea” (EJ61: 20)

“nahiz eta berez pragmatikoki edozein kultur-typoren basiak direnagatik” (EJ61: 20)

II.4.2.8. SUERTE

Mugatzaileak era guztietako izenak izan daitezke, baina gehienak bizigabeak dira: abantaila, abilezia, arma, bentura, beztimenda, bizio, dantza; donu, dohain eta abantaila, fruitu, gaixtakeria, jende, muga edo leku; madarizione; manamendu eta zirimonia, ontasun, pertsona, sepultura

“gure Iaungoikoak beztitu baitzituen lurreko animaliak… bere beztimenda suerte batzuez” (HEAX,21).

“jotzen zituztela superki mutxiko, fandango eta bertze dantza suerte hainitz” (EJ72,35).

“gure Iaungoikoak, (…) gizona bera, (…) anhitz donu, dohain eta abantail suertez dotaturik egin zuenean” (HEAX,19).

“iendea… gaixtakeria suerte guztiei emanen zeiela” (HEAX,29).

“gure Iaungoikoak eman zituen lege zaharrean seietan ehun eta gehiago manamendu eta zirimonia suerte” (HEAX,21).

II.4.2.9. TAILU90

Mugatzaileak. Bizidunak eta bizigabeak: gorputz, jende, joko

“habillak eta gorputz thaillu onetakoak” (HE04,79).

jende tailu bitxiak ikusi zenituzten” (HE39,57).

“bertze ioko thaillu bat iokatzen du” (HEAX/HE11,69).

Batzuetan molde-tik (edo modu-tik) gertuago irudituagatik, beste batzuetan mota-rekin ere pareka daiteke (joko-mota, adib.).

Adibideak aztertu ondoren, baieztatu ahal izan dugu modu-izen hauek mugakizun ditugunean, edozein eratako mugatzaileekin elkar ditzakegula, oro har, hitz edo izen elkartua eratzeko. Nolanahi dela ere, adibideek erakutsi dute mugakizun batzuek aiseago onar ditzaketela edozein motatako mugatzaileak beste batzuek baino, baina guztiek onartzen dituzte bizigabeak.

II.4.3. Mugatzaileen gramatika-kategoria

Izen elkartu hauetan ere gehienetan izena izango dugu mugatzailearen betekizuna eginez. Dena den, merezi du zenbait xehetasun ematea, ‘mota’ izena mugakizun izanik, adibide batzuk bai baititugu izen-elkarteko lehen osagaia aditza dutenak: pentsamolde, ikusmolde, idazmolde, esaterako; bizi mugatzailea ere bi eratara uler daiteke, nahiz izen, nahiz aditz bezala. Jarleku motako hitz elkartuetan aztertu genituen horrelakoak (H-E/3, XI.1: 84 / 64).

Hau, hala ere, zehazkiago aztertu behar da, ez baitirudi modu-izen deitu ditugun hauek guztiek berdin jokatzen dutenik aditzoina mugatzailetzat onartzerakoan. Izan ere, definizioak aztertzean aipatu dugun adiera-bikoiztasunak —‘modua’ eta ‘mota/klasea’ nolabait esatearren— badu hemen oihartzuna; hala dirudi, gutxienez. Pentsamolde, jokamolde, bizimolde, ikusmolde, idazmolde… esaten dugu, idazte-molde, mintzatze-molde, irakaste-molde, idazteko, mintzatzeko, irakasteko… molde eta abarren ondoan. Bestetik berriz, irakur klase edota idatz klase bezalakorik ez dirudi orain arte egin dugunik. Era berean, ikus mota, egin mota, egin suerte ere ez bide dira txoil arruntak91.

Molde-ren esanahitik gertuen modu dugunez, kontua litzateke argitzea ea biek puntu honetan jokabide bera duten. Ez dirudi, ordea, ikus modu, ikas modu, irakur modu bezalakorik egin dugunik; horiei legozkiekeen parafrasiak darabiltzagu: “ikusteko modu”, “ikasteko modu” eta abar. Modu batez ere Hegoaldekoa izateak eta Hegoaldeko euskalkietan “aditzoina + izen” egitura askotan ez erabiltzeak argi dezake, beharbada, puntu hau.

Alabaina, orotariko jokamolde honek salbuespenik ere badu. Hona molda-modu-ren adibide bat92:

“… baiezko eta ezezko perpausak (…) gertatu edo, maizago, gertakizun diren galderen erantzun gisa ulertzen eta moldatzen ditugu. Molda-modu horrek ez luke, beraz, balio, berez, eske eta aginduak…”. (Mitxelena 1981: 143).

Era mugakizuna dutenak berriz —adibideen urritasuna lekuko— itxura guztien arabera, modu-ren kontrako bidetik doaz; alegia, askoz ohikoagoa da “aditzoina + era”, “izena + era” baino. Hori dela eta, dudan utzi dugun predika beharbada, aditzointzat jo beharko genuke eta Jarleku motara igorri, jasoa dagoen bezala (H-E/3: 358 / 338)93.

Bestetik ez da ahanztekoa era-ren beste erabilera bat: erdara batzuk izendatzekoa. Euskaltzaindiak “Munduko estatuetako hizkuntza ofizialak” deritzan 53. arauan darabilenaren moduan, alegia: albaniera, suomiera

Beraz, modu-izenekin, oro har, mugatzaile gisa izenak azalduko zaizkigu. Salbuespenak molde, era (eta modu gutxiagotan: bizimodu…) ditugu, aditzoinak ere (era-ren kasuan, aditzoinak batez ere) onartzen baitituzte.

Azken bi xehetasun mota-izenekin aurkitu ditugun mugatzaileen gramatika-kategoria dela eta. Batetik, ez dugu adibideetan izen bihurtutako adjektiborik mugatzailearen tokian ikusi, baina ez dirudi ezinezkoa denik: beltz mota, gorri klase, gazte klase… Bestetik, ez zaigu beste elkarte-mota batzuetan ikusi dugun bezalako mugatzailerik, itxuraz determinatzailerik gabeko izen-sintagma denik, bidera atera; alegia, mugatzaile guztiak kategoria lexikoak dira, ez sintaxikoak. Bai, ordea, juntagailuz elkarturiko mugatzaileak —donu, dohain eta abantail suerte, formazio edo produkzio modu, manamendu eta zeremoni suerte…—; edo mugatzailea aldi berean izen elkartua duten egiturak —ahosabai modu, baso-zuhaitz mota, etxabere mota, eskoletxe mota, luma-abere mota…—.

II.4.4. Osagaien arteko erlazio semantikoak

Gramatika-kategoriaz hitz egitean aipatu dugun adiera-bikoiztasunak bi erlazio semantiko bereiztera bultzatzen gaitu. Horren adierazgarria da kasu batean edo bestean emango dugun parafrasi modua:

  1. ‘Iturburua’ (§ I.5.1) erlazio semantikoa: fusil-klasea ez da “fusilaren izateko/egiteko klasea”, “fusilen artean bereizten den klasea” baizik. Era berean, “gizonen artean bereizten diren motak”, “fruituen artean bereizten diren motak”, “bertsoen artean bereizten diren motak” dira gizon-mota fruitu-mota eta bertso-mota. Modu-rekin ere beste horrenbeste gertatzen zaigu. Ez du beti ‘modua’ adierazten, ‘klasea, mota’ ere adieraz dezake: hitz-modua ez da “hitzak duen izateko modua”, “hitzen artean bereizten dugun modua, mota edo klasea” baizik. Eta beste horrenbeste esan dezakegu arma-modu, autoritate-modu, bide-modu, jende-modu edo kristau-modu izen elkartuetan dugun erlazio semantikoaz. Suerte mugakizuna duten izen elkartuak ere bide berekoak direla esango genuke. Kasu horietan badirudi ‘iturburua’ erlazio semantikoaz hitz egin dezakegula, mugatzaileak, klase, mota horiek nondik atera ditugun adierazten digunez.
  2. ‘Jabegoa’ (§ I.5.2) erlazio semantikoa. “Norbait(ek) / zerbait(ek) duen izateko modua”, “zerbait egiteko dugun modua” litzateke bigarren adiera honi dagokion parafrasia. Gisa horretako parafrasiak eta parafrasiok ispilatzen duten erlazio semantikoa dugu molde mugakizun izanik eratzen ditugun izen elkartuetan oro har, eta gizamodu (horrela ere uler daiteke), bizitza-modu, ekonomia-modu, eraso modu, itxura modu eta abarretan. Hauetako batzuetan modu izena moduzko izenlagunaren antzekotzat jo daitekeela dirudi:

    “zer suerte modu izan dezu dema orretan?” (HE22,63).

    “Ce eguraldi modu dago?” (HE20,116).

    “bakoitzak ze bizitza-modu egin zuan aztertu genduan” (HE53,16).

    Hortaz, “zer moduzko suertea / eguraldia / bizitza…” litzateke hauen pare-pareko esapidea. Erabilera hau aski itxia bide da; oso testuinguru jakinetan agertzea.

    Bestetik, berriz, behin baino gehiagotan duda ez da sortzen ‘mota’-ren eta ‘modua’-ren artean, ‘mota’-ren eta beste atal batean ikusiko ditugun konparazio-elkarteko ‘antz’, ‘itxura’ eta abarren artean baizik:

    “Bañan gero, olakoa arrapatu izan bagendu, pozik jango gendukela, askotan ibilli giñan, bai. Gañontzean, arrantxo-modu bat ematen ziguten. Konpañi bakoitzak bereai. Konpañi bakoitzak kozina bana, alegia” (EJ66,19).

    “ta eman bear dizkigu anitz ukaldi, edo golpe-modu ta neke” (HE13,139).

    “Bazetorkidak, eta berriketa luze bat ein zidak. Ik jaso al diok? Nik ere ez. Esperanto-modu bat asmatu dik, iñork ulertu ez dezaion, eta arekin aritzen dek” (HE17,18).

    Alegia, “arrantxo, golpe, esperanto mota?”, ala “arrantxo, golpe, esperanto antzeko”?

    “Atozea, Predikariak erraten duenean, edo Konfessariak adirazten dizunean zure onerako den, ta animaren zauriak ukitzen dituen gauzachoa, ez dezu izan oi zere barrengo oñaze-modu bat? Atozea, libru onen bat irakurtzen ari zaranean (…) izan oi ez dezu zuk zere biotzaren dardararen bat edo beste? Atozea (…) lotzen etzaitzu zuri zere ikara modua edo beldur iduria?” (HE13,126).

    Mendibururen azken pasarte hori aski argia da balio desberdinak ikusteko: oñaze-modu, hurren datorren dardararen bat edo besteren baliokidea da; ikara modua garbi dago konparaziozkoa dela (“ikara antzekoa”), beldur iduria aldamenean izateak erakusten duen bezala. Honenbestez, balioaren aldetik, zenbaitetan konparaziozko modu dutenak, zenbatzaile zehaztugabeen kidetzat (‘-en bat’…) har daitezkeela dirudi.

Modu mugakizuna duten izen elkartuak, hortaz, oro har bietara uler daitezke (‘mota’, nahiz ‘modua’), testuinguruak markatzen duela bietatik zein izan daitekeen aditzeko modurik egokiena. Zein erlazio semantiko genuke bigarren adiera honetan? Bigarren osagaiak lehenaren ‘modua’ markatzen duela garbi dago, baina lehen osagaia da kontuan hartu behar dena erlazio semantikoak ezartzerakoan. Honenbestez, mugatzaileak, nork edo zerk duen modu hori adierazten duela esan dezakegun heinean ‘jabegoa’ edo antzeko erlazio semantikoaz hitz egin dezakegula dirudi.

Beraz, bi erlazio semantiko nagusi aurkituko ditugu modu-izenak mugakizun gisa erabiliz eratzen ditugun izen elkartuetan. Bestetik, berriz, izen hauek eratzen dituzten egitura lexikoetan ere osagarri-buru harremana dagoela pentsa dezakegu: modua beti zerbaitena da eta ezkerreko izenak asetzen du, hitz elkartua eratzean.

II.4.5. Emankortasuna

Mugakizunak banan-banan aztertu ondoren garbi geratu da bizi-bizirik dagoen elkarte-mota dela. Nolanahi dela ere, mugakizun batzuk aski antzu geratu dira (suerte, giro, tailu…) eta beste batzuk, aldiz, bizitasun handikoak dira (modu, mota…).


85 Zabalera, luzera… eta, apika, ‘modua’ ez baina ‘ekintza’, ‘ariketa’ adierako sarrera, igoera… izen eratorriena eratorbidean aztertzekoa litzateke.

86 Postposizioa ez dena da hau. Adibideak biltzeko OEHko corpusera jo behar izan dugu, gurean ez zegoen eta alerik. Horregatik ez dute adibideok ohiko koderik.

87 Honek ere badu postposizio izenkidea; eskuarki -ra edo -n atzizkiez eratutako postposizio-sintagma erabiltzen dugu eta ‘itxura’, ‘antza’ adierazten du: “baserritar moduan aldean ebala ziskua”, “pañolituak frantzes moduan jarriyak”, “guizamodura amparatzea nai du”, “caco-maco modura”, eta abar.

88 Hitz elkartu berak bi ulerkera izan ditzake. Testuko adibidea eta ondokoa Mitxelenaren lan berekoak dira: “Badu horrek axola, historiaren ur lasterrak daraman zotza baita hizkuntza, giza ohiturak, legeak, pentsamoldeak, aginte moduak eta gainerakoak bezala”. (Mitxelena 1972: 98). Bistan da “agintzeko moduak” parafrasia edo dagokiola.

89 Beste askori lehen kapituluan ikusi ditugun erlazio semantikoetakoren bat dagokielako: ‘iturburua’ horietako askok eguzki-giro, familia-giro, festa-giro…; ‘jabegoa’ bizi-giro; ‘edukia’ gerra-giro, euskal giro; ‘garaia’ goiz-giro, urte-giro; ‘lekua’ ingurugiro, kale-giro, klinika-giro, mundu-giro; ‘helburua’ bekaitz-giro, belar-giro, kritika-giro

90 moldea’, ‘mota’ dena, ez ‘irudia’, ‘taxua’.

91 Jarleku motako adibideetan elika-mota bat egonagatik (H-E/3: 335 / 315): “bada landareak bear dituzten elika-mota geienen iturria bezela izanez gañera, lurrak asko ontzen ditu” (EF92,15).

92 Pasamodu izena ere jasoa dago (H-E/3: 357 / 337). Euskalki batzuetan adberbio moduan ere erabiltzen da (“Zer modu(z)? Pasamodu”), baina beharbada pasamoduan du atzean.

93 Ikus Azkueren iritzia “izena + era” egituraz: “Mendiburu se valió de él [-era-z, alegia] para significar ‘modo’, aún sin tratarse de nombres verbales; lo cual no parece correcto: othoitzera ‘manera de hacer oración’”. Larramendigandik bide datorren egiteko modu honek jarraitzaile bat baino gehiago izan du, Mitxelenaren adibideren bat edo beste barne. Ik. OEH.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper