Hitz-elkarketa/2: II.3. ZATI-ELKARTEAK

II.3. ZATI-ELKARTEAK

II.3.1. Sarrera

Oraingo izen elkartuen bigarren osagaia, mugakizuna, apur, atal, erdi, hondar, izpi, kozko, kozkor, laurden, lipits, mutur, pixka, pitin, poxi, puska, pusketa, tanta, xorta, zati… moduko izena66 da. Hortik datorkie zati-elkarte deizioa elkartuei. Hona adibide batzuk:

karisma apurra, literatura politiko apur bat, hitz-atal, haragi hondarrak, maitasun hondar, ahaidetasun izpi, beldur-izpirik, belar izpi, azukre koskorra, harri koxkor, belar lipits, eri-mutur, lukainka mutur, lur-mutur, kafesne pixka batpuskak, lan puska bat, gazta-pusketa, ardo tanta, ezti-tanto, arno xorta; antxoa, sardina edo lantzoi zatia, diru zati bat, gloria zatiren bat, hitz-zati, irabazi zatia, limoi zati

Multzo-elkarteetan bezalaxe, mugakizun hauek guztiek badute esanahian zerbait batean, hain zuzen ere, guztiak zati-elkarteen azpisailean elkartzeko bide ematen diguna. Hiztegietako definizioetara joz gero, ohartuko gara izen horien esanahiak erkatuz zati-izen deitu ditugunak bi azpisailetan banatzen direla:

  1. alde batetik definizioetan zati, zatiki bezalako hitzak daramatzatenak: atal, zati, puska/pusketa, izpi, hondar, kozkor, mutur, punta… Beraz, izen hauen mugatzaileak zenbakarriak ez badira ere, gutxienez zatigarriak izatea espero dugu.
  2. Beste alde batetik apur, pixka, pitin, poxi, puxka… ditugu (nahiz apur edo pixka-ren definizioetan “zati txiki” azaltzen den, bigarren baliotzat jo dugu, “kopuru txiki” balioa maizago azaltzen delakoan). Bigarren sail honetako izenen definizioetan “kopuru txikia”, “une, denbora… txikia” aurkitzen dugunez, izen hauen mugatzailea zenbakarri nahiz zenbakaitz, neurgarri nahiz neurgaitz izan daitekeela pentsa dezakegu, baina betiere bizigabea. Alde horretatik duda egin daiteke kategoria aldatzen ez ote diren ari; alegia, jatorriz izenak izanik ere, “izentasuna” galtzen eta “zenbatzailetasuna”-edo irabazten ez ote diren ari eta, honenbestez, hitz-elkarketaren mugan ez ote dauden. Edo, beste era batera ikusita, apika bi apur, pixka, puska… bereizi behar ditugu: izen betea bata, zenbatzailea bestea. Horrexegatik jaso ditugu goian hitzak determinatzaile eta guzti.
  3. Azkenik tanta, xorta ditugu, bigarren sailaren barnean ere sar ditzakegunak, kopuru txikiak direnez; baina badute zerbait berezia: definizioen arabera, mugatzaileak isurkaria adierazi behar du. Horrexegatik sartu ditugu sail berezi batean.

Hiru azpisail hauek bereizi ondoren, ohartzen gara zati-izen deitu ditugun hauen artean dagoen esanahi berdintsua multzo-elkarteko izenena baino abstraktuxeagoa dela, baina, hala ere, nolabait antzeman daiteke bateratzen dituen ezaugarri hori. Ikus dezagun zer nolako mugatzaileak ditugun, definizioen arabera ateratako ondorioak zuzenak diren jakiteko.

II.3.2. Adibideen azterketa

II.3.2.1. ‘Zati, zatiki’ definizioan daramaten zati-izenak mugakizun

II.3.2.1.1. ATAL

Honako mugatzaileak ageri zaizkigu atal izenaren ezkerrean: arto, buru, gastu, gorputz, hitz

“urre zarra baño oriagoko arto atalekin” (HE19,27).

“beste gastu-atal guztiak baino bi aldiz gehiago handitu dela” (EB20,24).

“itzen bat edo itz atalen bat onetara ta bestetara esaten dan edo esaten zan” (EJ06,79).

Mugatzaile zenbakarriak eta zatigarriak dira, uste genuen bezala.

II.3.2.1.2. HONDAR

Mugatzaileak: azaro, belar, bizi, dokumentu, ekain, elur, gaztanbera, haragi, harrokeria, harrotasun, hauts, istil, liho, maitasun, misterio, oilasko haragi, paper, xokolet, urte

Azaro-hondarrean edo Abenduaren lehenetan Iruinearatu izango zen Gamiz” (EJ00,178).

“Goihenetxek eta Lakarrak ezagutarazi dituzten dokumento-kondarrak, Oihenartek XVIII mendean bildu zituen gaitzizen mordoak, toponimia xehearen azterketak” (EJ51,66).

Gaztanbera hondarrak bildu gero eta zuri-zuria gainetik banatu zien” (EJ53,38).

“antiguotarrak ere gure arrokeri-ondarra badugu-ta…” (EJ5l,17).

“alare sartu zaizte barnera auts-ondarrak” (HE18,123).

“ez duzu lio-ondarrik utziko jo bage” (HE18,106).

“eta dardar dixuri barriro kolkuan, maitasun ondar oneik gorderik goguan” (EJ63,18).

“Eguiten ducu hachiz bat oilasco haragui hondarrequin dela aratcheki edo bildoski” (EJ75,17).

Hiztegietako definizioen arabera, hondar mugatzaile zatigarriekin elkartuko dugun izentzat hartu badugu ere, bi eratako izenekin azaltzen zaigu: azaro, haragi, gaztanbera, liho bezalakoekin, hots, zati daitezkeenekin; baina baita harrokeria, maitasun, hauts bezalakoekin ere. Bigarren kasu honetan, pixka edo apur-en baliokidetzat har dezakegu hondar, erabat sinonimo ez bada ere. Bestetik, denbora-izenekin (hilabeteak, urtea…) elkartzean ‘bukaera’, ‘azkena’ adiera hartzen du.

II.3.2.1.3. IZPI

Mugatzaileak: ahaidetasun, amorekortasun, argi, axola, belar, beldur, duda, esperantza, ilargi, irribarre, lekukotasun, liho, negu, urgulu, urre, zalantza, zorion…

“ez ahaidetasun izpirik, markes, duke eta kondeekin” (HE33,5).

“gortina tartetik argi izpi bat sartzen da” (HE35,93).

“egia da genero literarioez axola izpirik ez duela” (EJ54,749).

“batera ta bestera dabil kulunka nere belar izpi mea” (HE34,54).

beldur-izpirik ez nik” (HE17,9).

“maitatzen bazaitut, itaundu dautsozu leyuan klisk-dagin illargi izpijari” (EJ63,16).

“argitasunezko irriparre-izpi bat ernetzen zaio ezpanetan” (EL70,182).

Hemen ere bi eratako mugatzaileak ditugu, belar edo liho bezalakoak, zati daitezkeenak, zein esperantza, ahaidetasun, amorekortasun, lekukotasun bezalako izen abstraktuak. Izpi azken hauekin elkartzean poxi edo apur-argi, ilargi edo (zabal jokatuaz) irribarre mugatzaileekin “gorputz argitsu batek jaurtikitzen duen argi lerroa” adiera du izpi-k, eta, alde honetatik, behi-esne motako izen elkartu arruntetako ‘iturburua’ erlazio semantikoaren moldekoekin batean aipa daiteke, izpi-ren adiera zehatzagoa dela medio67.

II.3.2.1.4. KOSKOR68/KOSKO

Koskor-ek bi kategoria ditu jasoak hiztegietan, izena eta adjektiboa. Esan beharrik ez dago liburu honi lehena besterik ez dagokiola69, Eguzki-lore izen elkartuen eratzailea den neurrian. Adibideetan kosko aldaera ere jasoa dago (harri-kosko).

Mugatzaileak: azukre, burni, egur, goxo, harri, orburu..

“gozo-ontzitik azukre-koxkor bat atera” (HE17,18).

Goxo-kozko bat erakutsi besterik gabe haruntz-honuntz erabil zitekeen” (EJ00,181).

arcosco, lur apur, olo garau, auts ta loigarri guztietati” (HE20,151).

“bere ondora arri koxkor bat tira nion” (EJ49,64).

“tartean, erdi aldean eta abar, beste egur koskor batzuek” (HE29,61).

“giltzatu-kutxatik norbaitek ogi koxkor bat artu duela-ta” (EJ03,15).

“Kasko-kopetetan orbura-koskorrak eta ezpain-matrailletan zauri-aztarna bat baiño geiago nabari zaizkio erortzean egiñak” (EJ03,32).

Mugatzaileak bizigabeak eta konkretuak dira guztiak, horko goxo ere hala baita, gozoki-ren parekoa, alegia.

Mugakizun hau polisemikoa da eta horrek eragina du eratzen dituen hitz elkartuetan. EHk koskor izenean adiera hauek bereizten ditu: 1. Puska txikia. 2. Azalean edo gainalde batean gertatzen den handitu gogorra. 3. Belaun koskor, belaun hezurra, belaunburua. Azken honen adibidea badugu, ‘osoa-zatia’ harremanean kokatua. Matela-kosko ere han sailkatua dago.

Puska txikia adierazten dute azukre, goxo, egur… koskorrek. Harri-kosko ere (adibideko arkosko) horrela itzultzen du OEHk: “Pedrezuela, pedazo de piedra, cascajo”. Bigarren adierarekin, azaleko handitu gogorrarekin, lot daiteke orbura-koskorra.

Ogi koxkor nola ulertzen den izan daiteke puska txikia edo, baldin eta ogiaren muturrak (aurre-atzeetan eta ogiaren zehar dituenak) badira —ogiaren zati egosienak, erreenak eta beltzenak izan ohi direnak—, “gainaldeko handitu gogorra”. Eta harri koxkor, berriz, harri-aleren parekotzat jotzen du EHk.

II.3.2.1.5. MUTUR

Mugatzaileak: ate, baioneta, baratze, behatz, beso, bide, eri, esku, eskubi, fusil, hari, harkaitz, harri, hegi, ilar, kale, kandela, karta, legatz, lukainka, lur, mendi, ohe, oin, paper, zaku… Zati daitezkeenak eta bizigabeak ia guztiak.

bayoneta muturrari arto mokotxa jarri genion” (HE23,70).

“eta nola jarraitu zuen tiro miresgarri horrek besamuturretik begirako bidea?” (EJ53,119).

“eta Arratzain-en oinean, Igara-ko bide-muturrean beraz” (EJ51,93).

“nola orai ez milika eri-mutur hori, ez balitz ere haren garbitzeko baizik?” (EJ72,65).

eskumuturrarekin egiten zuan, banan bai azkar eta ondo” (EJ49,76).

“Hortik eskubi muturreko jendeak ere askotan bere buruari sozialista izena jartzea” (EI94,83).

ari-mutur guziak lotu bear dira” (HEl7,74).

arri muturretikan arri muturrera pauso egiñaz” (HE19,117-118).

“Dametako iturriya Rondilla kalean zegon, Donostira aldeko kale muturrean” (EJ76,27).

“etxera ere egin bearko diagu karta-muturren bat” (EJ62,50).

“etxebizitza ere, bere lur-mutur eta guzi, modu onean” (EJ03,13).

oin-muturretan dabil, dun indarra bilduz” (HE18,137).

“Bererik ez duela paper muturtxo bat ere hautsiko” (EJ00,196).

“Ixkillaretan bera, zaku mutur bat izkutatzen ikusi du…” (HE57,101).

Mutur izenaren esanahi ugaria ongi ispilatzen da jaso ditugun elkartuotan: mutur fisikotik hasi (bayoneta muturra bera) eta eskubi muturreko adibideko abstraktuaren artekoa; tartean ‘ertza’ ere dagoela, kale-mutur adibidean ikus daitekeen bezala.

Mugatzaileak direla eta, berriz, eskubi berariaz aipatzekoa da, zatigaitza izateaz gain, oso adiera zehatzekoa baita: ideologia edo pentsamolde bat. Eskumutur ere erabat lexikalizatutzat har daiteke.

II.3.2.1.6. PARTE

EHk parte izenari ematen dizkion bi adieretatik lehena duena da zati-elkarteetan kontuan hartzekoa, hau da, ‘zatia’ adierakoa (bigarren adierako mugakizuna, ‘alderdia, aldea’, § II.8.2.3 puntuan aztertzekoa litzateke, Hitzaurre modukoekin batean).

Mugatzaileak: denbora, egoitza, etnologia, historia, irakasle, bizigabeak gehienak.

“Gure arreba Iruñera jina da orai bizitzera eta menturaz, denbora parte bat hor egon gira” (EJ68,52).

“Bertsularia Etxahunian egoiten da bertze bi haurrekin, egoitza-parte batean Ibar bordariak bizi direlarik” (HE43,9).

“San Juan iturrietara erromes joatea eta Donibane goizean belartzako intzetan oinutsik ibiltzea, eguzkia dantzan irtetzen dela esaten den egunsentian, oraindik ezaguna dugu Gipuzkoan. Etnologia parte hau estudiatu dutenen artean, eritzi bat baino gehiago badira” (EB87,49).

“Hala dakar Manuel Iribarren-ek, Navarra, ensayo de biografia lanaren historia partean” (EB87,50).

“Irlandarrak behar izan zituzten deitu Latinaren jakitea lur-handiko ikastetxetan berpiztekotz. Irakasle parte hau begiratu zuten Inlandarrek (sic) Goidel misionisten zabalkundeari esker (HE30,227).

II.3.2.1.7. PUNTA

Gure corpuseko adibideetako mugatzaileak bizigabeak dira: arkaitz, behatz, burruntzi, dorre, elorri, eri, hanka, hegal, hosto, kanoi, letra, luma, mendi, oin, pareta, sudur, titi, zango, zigarro, zume

“sasitan kakoturik gelditu zala ardi zarren bat, edo arako antxume txoro ua, erpiñik-erpin zebillelarik, arkaitz-puntako koxka-koxkan berandutu zala” (EL70,22).

“ormatik zintzillik dagon urbedeinkatu ontzian beatz-punttak bustita, “gurutze santuaren señaleagatik” eginazten die” (EJ03,29).

“Gaurregun, lengoa izanarren, txiki ta motzaska agiri da torrepunta, itotzen dagola ematen du” (EL70,237).

Eri puntaz erakusten zioten Murtutsen jar-lekua… hutsa! Jendearen harritzea! (EJ72,61).

“Kulata lurrean eta kainoi punta aulkian, besoak lasaitu zituen” (HE39,49).

“beldur naiz ilko zala, bestela onezkero letra punten bat egingo zuan” (HE19,29).

“hona, berriz, “Don Quixote” haren ahotan edo luma-puntan” (EJ00,182).

“andikan gorago dago, Itziar aldera, mendi-punta bat zorrotza” (HE29,10).

“gaur pareta-punta batzuk besterik ez da ikusten” (HE53,42).

sudur-punta apur bat gora begira duten emakume zoragarri oiek” (HE57,110).

“ontziyak garbitutzen nizkaten txit merke, zigarro punttak eta mantenuen truke” (EJ76,28)

Mugakizunari dagokionez, EHk emandako definizioari erreparatzen badiogu ikusiko dugu punta izenari hiru adiera ematen dizkiola eta, horiek definitzeko, ‘mutur’ definitzailea darabilela: “1. Mutur edo buru zorrotza arantza puntak; 2 (Irud) sudur punta, mendi punta…; 3. Gauza meheen muturra edo burua makilaren punta, oin punta, zango punta…”. Hiru adiera horietan biltzen dira, beraz, gure corpuseko adibideak ere.

II.3.2.1.8. PUSKA/PUSKETA

Puska bi adiera nagusi balitu bezala hartuko dugu70. Bata pusketa-ren sinonimoa, hemen doana. Bestea, pixka, apur eta kidekoen sailean azalduko dena. Dena den, mugatzailea zati daitekeena denean ez da beti erraza erabakitzen bi adieretatik zein dugun begien aurrean. Horrelakoetan, mugatzailea zati daitekeena denez, sail honetan sartuko dugu izen elkartua.

Mugatzaileak: aratxeki edo lumaki, arta, arto, banilla, baratxuri, barazki, bertso, bide, birika, burdina, burra, denbora, denboraldi, dotrina, egur; egur eta harri, esne-koipe, exalota, gazta zahar, haragi, haragi egosi, harkaitz, harri, harri bizi; harri koskor, ikatz edo kisu; hosto; illuntasun, eta errieta, kanela, kondaira, landare, limoi, lukainka, lur, mami, marko, ogi, oihal, orri, papiro, periodiko, piper-hauts eta gatz, tipula, txerri, txilar, txingar, txingar azpiki, urde; urdai edo txorizo, urre, zitron axal, zur, zurgai

“nire birika puska bat bezala” (HE35,98).

“emacume aurreguin berriac utzi dezaquee meza dembora pusca batean” (HE07,49).

“itandu biar deutsagu dotrina pusca bat” (HE20,154).71

“kazuela batean intxaur azi bat aundiko esne-koipe puska bat urtu” (EJ64,46).

“alkandora, barrengo musuzapi eta abar… baita lukainka mutur, gazta zar puzketa, piku idor, bi dozena arrautze, tipul ta baratxuri-kordak” (EJ03,17).

“Mia-ondakiñak arri-bizi puska txikiak besterik ez dira” (EF92,14).

“Gainera, arri-koskor, ikatz edo kisu puskaz bereala bereiz ditezke txingo-txingoka ibiltzeko baztertxoak” (EJ03,9).

“idazlan au ez da ipuia, kondaira-puska bat baizik” (HE16,139).

“Emaçu casola batean bi cullera ur, chingar azpiki puchca bat, tipula eta carrote” (EJ75,29).

Urdai edo txorizo pusken ordez izango dira” (EJ62,72).

“sartzen çayote chilo bacochian citron achal puchca bat” (EJ75,47).

“Xirpilla ta zerrautsa bai, zurgai puxka txikienik artzen ez dio uzten” (EJ03,23).

Ohart gaitezen, berriz ere, gazta zahar, haragi egosi, harri bizi, harri koskor, hau da, sintaxi mailako mugatzaileak ditugula, eta ez kategoria lexikoak (§ IV.3).

II.3.2.1.9. ZATI

Mugatzaileak: adar, aldi edo denbora; antxoa, sardina edo lantzoi, aran eta muxika, arto, auka, aurpegi, bakailao, diru, ele, erretilu, folklore, gari, gibel, gloria, gorputz, gudari, gurutze, hanka, hitz, hondartza, ikusi ezin, irabazi, jan, jela, landare, limoi, lukainka, lur, neke, ogi, ogi mami, oihal, oilasko, okela, periodiko, sintagma, solomo, urdai, zeru

“erortzean mutikoak adar-zatiak kentzen omen zioten suzko zezena bezala kalez-kale erabiltzeko” (EB87,46).

aldi edo denpora zati baten ondoren, auxe jazo zan” (HE21,95).

“celan… daruaquen arto zatija edo catillucada saldia” (HE20,105).

“nik itxas-bedar auka-zatiak baino ezpadira ere, zerbait beintzat, amasei orri badakustaz eskuartean” (EJ06,71).

“onek eukiarren diru-zati bat ta etse iminiak neuretzat” (EJ70,126).

“‘ele-zati’ askotara —gehiegitara— har daiteke, ez ‘silaba’tzat bakarrik” (HE27,355).

“urtearo honetako gastronomia aditzera emango dugu, ugari bezin aberatsa dugun folklore zati baten bidez” (EB87,27).

“au guzia zertako? Gari zati bat, edo zenbait ale bildu naiez” (EH13,145).

“ta sekulako glori zatiren bat irabazten dutenak, zenbait irabaziko gauzak izain dira” (HE13,138).

“gure gudari zatiya isil-isillik etsayengana aurreratu zan” (EJ81,72).

“Orra gorputzaren aldetik bati datorkion gurutze-zatia, edo neke gogorra” (HE13,112).

“Herriak anhitzetan hitz-zati batzuk jan egiten ditu” (HE26,281).

ikusi ezi puskatxoa eta zatitxoa ere bazeukakioten” (HE16,100).

“saltzaileek, bere irabazi zatia handitzeko modua ikusten dutelarik” (EB20, 31).

“arnariak, eltzen danean, jan-zatia eskeintzen digu” (EF92,7).

“Gertutzen dira koktel-ontzi batean jela-zati batzuek” (EJ64,106).

“zañaren urren datorren landare-zatia ta lurretik gora ateratzen dana txortena da” (EF92,5).

limoi zati bat edo ogi mamin zati batzuk emoten deutsuez” (HE44,37).

Neke-zati astun pisua; ta, gogoz artzen ezpada, ta gure Jaungoiko maitagarriaren izenean” (HE13,112).

“loturak eta korapiloak erabat askatu, urratu eta intagma zatiak haizetan bezala” (EJ80,28).

Mugatzaile guztiak izenak dira (irabazi, jan… ere izen bihurtutzat jo daitezke eta); izen bizigabeak: dauden animalia izenak jaki izenak dira, animalia hilenak, alegia, ez bizirik daudenenak. Gehienak zati daitezkeenak izan arren, badira beste zenbait (gloria, gurutze (adibidean ‘neke’-ren baliokidea baita), ikusi ezin, neke…) zatigaitzak direnak. Ikusten dena da zenbait kasutan apur, puska edo pixka-ren baliokidetzat jo behar dela zati, Azkuek bere definizioan jasotzen duen bezala, baina, apika, hiztegi horretan ematen zaion baino hedadura handiagoa duela72: hots, ‘kopurua’ adierazten bide du, ez egiazko ‘zatia’.

Bestalde, gudari-zati berezi samarra dugu: ezkerreko osagaia izen biziduna duen adibide bakarra. Errepara, bestalde, elkartu osoa bizidun bailitzan erabilita dagoela. Ulertzeko modua ere ez da beste gainerakoena bezalakoa (gudari taldeedo gudari multzo jarriko balu bezalaxe. Horregatik, nahiz eta zati izena izan elkartuaren eskuinean, elkartuaren esanahiaren eta osagaien arteko harreman-motaren arabera, beharbada, “Multzo-elkarteetan” II.2.2.1 hobeki sailkatuta legoke adibide hau hemen baino.

Sail honetan sartzekoak lirateke, halaber: baratxuri xixter, belar lipits, ingi txatal edo zezin troko bezalakoak, arras adibide gutxikoak.

Lehen sail honetako adibideak aztertu ondoren, hau da atera dezakegun ondorioa: koskor eta, neurri batean bederen, mutur kenduz gero (atal-en adibide aski ez dugu jaso) beste gainerako zati-izenek bi adiera dituzte, ‘zatia’ alde batetik, ‘kopurua’ bestetik.

II.3.2.2. ‘Kopuru’ definizioan daramaten zati-izenak mugakizun

Sail honi dagozkion adibide guztiak ikusi ondoren ekarriko ditugu iruzkinak.

II.3.2.2.1. APUR

Mugatzaileak: abantaila, aintza, argi, argumentu, arrasto, askatasun, astiune, atseden, autonomia eta diferentzia, bizi, denbora, diru, duda, elkar-hartu-nahi, esne, euskaldun sentipen, euskara, fede, fruta eta berdura, gaiztotasun, gasolina, haize, hartu-eman, hauts, hondar, igarmen, iluntasun, indar, industria, itsaso, itzal, jaki, kapital, karisma, konfiantza, laino, legamia, lo, lur, nagitasun, neke, ogi, oinarrizko literatura politiko, ondasun, otoitz, prestutasun, puntu, saio, sakrifizio, salbuespen, sentipen, ur, zerbeza

“eskain zaiezute aintza-apurño bat” (HE17,36).

“kriseiluaren argi apurrera ez zezakeen ondo bereiz” (HE39,15).

“augaitik ioataz neure astiune-apurrak” (EI99,150).

“multinazionalen bilakaerak gizarteari ekarri dion azken autonomia eta diferentzia apurrak galdu” (EJ52,17).

“zuetarik dut bihotzean nere bizi apurrak eman daukedan gogorik hoberena” (HE59,6).

“Geu ilteko arriskuan garabilzuz diru apur batzuk irabaztearren” (HE21,107).

“Bañan, egia esan, duda apur bat gelditu zaigu Ramosenak ote diran” (EJ76,71).

“eder zait, batez ere –ta ontan, bada-ezpada aitor dezadan, nere aoz, ez iñorenez, diardut– euskaltzale alderdien arteko elkar-artu-nai apurrenik sumatzea” (HE17,74).

“beiai ateratzen dieten esne apurra” (HE50,40).

“lekutan jagok lenagoko aren euskera apurra” (HE21,88).

fruta ta berdura apur bat baino besterik ez eban hartzen” (HE44,23).

“bai nere gorputz au ere ilezgero laster auts apur bat bertzerikan ezta” (EJ50,75).

“agiri zan itxaso apurra berde baltzeran irakindua egoan” (EJ59,17).

jaki apur bat mutil aiek eman ezpazidaten ere” (HE50,66).

“Egia da sindikatuek ere badutela sarritan kapital apurren bat” (EJ52,35).

“eta eguiten dozu egun bat bere compiantza apur bat ez deutsuben echian” (HE20,71).

legami apur batec ore gucia jeiqui edo oranzatzen du” (HE40,142).

“eguberdi ostian lo apur bat eguinda” ((HE20,137).

“guztiz osoaren presta gaiten irabaztera ta manatu den neke aphurra konplitzera” (EJ80,103).

“biurtzen ziran eta berean, norbere etxera, ango ogi-apurrak ere erliki batzuek bezela etxekoai eramanaz” (EL70,99).

“militantziak behar omen zuen oinarrizko literatura politiko apur bat eginez joateko euskaraz” (EJ20,7).

Guztiak izen bizigabeak dira; era askotakoak, gainera: abstraktuak, konkretuak, zenbakarriak, zenbakaitzak, neurgarriak…. Azpimarra ditzagun oinarrizko literatura politiko eta elkar-artu-nai mugatzaileak. Lehena determinatzailerik gabeko IS eta bigarrena lexikalizatutako, izen bihurtutako, perpaus osoa dira (§ IV.3). Bestalde, azalpen sakonetan sartu gabe, aurrera dezagun adibideok erakusten dutela bi determinatzaile daramatzala apur osagaiak adibide horietan: bat eta -a.

Hemen sailkatu dugu erdara-puntu elkartea ere, puntu mugakizunaren adiera apur mugakizunarenetik oso urrun ez dabilelakoan:

“Nai litzake erdera-puntua duan izen bat, erderaz eta euskeraz entenditzeko modukoa” (HE16: 82).

II.3.2.2.2. PITIN/PIXKA/POXI

Mugatzaileak: amodio, ardo, ardo zuri, arrain, arrantxo, arrazoi, arreta, bakealdi, barre, bizkorgarri, bortxa, broma, burra, buru, denbora, diru, disgustu, egur, elur, erdara, errespetu, esperantza, etsamina, exalota, gatz, gogo, goxotasun, gurin, haize, hamaiketako, haragi erre, hego haize, iluntasun eta errieta, iraupen, irin, itxaropen, izpiritu, jendetasun, kafe, kafe bero, kafesne, kanela, karitate, karga, kirats aire, laguntza, limoi, lo, lotsa, lur, lursagar irin, luzamen, modu, neke, odol, ogi, ondasun, ostia, paper, patata, piper, piper-hauts eta gatz, poz, salda, samurtasun, siesta, sos, soziologia, su, sukre, talo, tipula, tomate, ur, ur-esne, urin, uzta, zalantza, zentzu, zerbeza

Ikus dezakegunez, mugatzaile guztiak izen bizigabeak dira. Hauen barnean, era guztietakoak daude: konkretuak, abstraktuak, neurgarriak, zenbakarriak… Bestalde, berriz ere determinatzailerik gabeko IS dugu pixka-ren ezkerretara: haragi erre, kafe bero (§ IV.3).

“Lizardi’k bultzatu zuen, amodio pittin hori bere poeman sartzera” (EJ51,30).

“otz be begoala ta, arrain piska bat be bageunkala ta… asi ginan etxeruntz” (EJ59,95).

“noizean bein pake aldi pixka bat” (HE23,43).

Diru poxi batzu ere ba bitartekoer atxikitzeko eman” (HE59,37).

“patatak zuritzera ta egur pixka bat egitera-edo, egunean bi edo iru mutil joan bearra” (EJ66,19).

“Ia errespetu piska bat edukitzen noiz ikasten dekan” (HE35,59).

“eguiten dezu zure examiña-pisca, eta vicitza ontzeco asmoa, eta bucaeran eguiten dituzu fede” (HE07,237).

iraupen poxi bat nahi baduzu, ukan dezan zure muntrak” (HE32, 29).

“kabalekin egun guzia ibili ondoan jendetasun poxi bat ikasten dutelarik” (HE59,47).

Kafe bero pittin batek ez dizu kalterik egingo” (EJ03,18).

“Goizetan kapesne piska bat edo, obeto esanda, ur-esne piska bat artu ta ‘estruziotara’” (EJ62,71).

“Articulu hau icendatzen da: ‘Caridade pisca bat’” (HE40,115).

“baña ez da emengo neque pisca, eta naigabe apurrracgatic asi bear eriotzari deitzen” (HE07,112).

“bota bear zaizka koipeari piper-auts eta gatz piska bat” (EJ64,74).

ostia pichcac aphesac billcean” (HE06, XJ).

samurtasun pitin bat behar zuen bederen” (HE39,14).

zalantz pixka ori aita Luzuriagakin gerta diteke bearbada, asiera batean” (EL70,134).

Ostia pixka adibidean pixka-k ‘zati’ balioa du, definizioan azaltzen den bigarren balioa. Era berean, hemen sartzekoak dira pizar/pixar mugakizuna dutenak:

Sos pixar batzu aitak igortzen ziozkan” (EJ04,20).

II.3.2.2.3. PUSKA

‘Kopuru’ adierarekin azaltzen denean, honako mugatzaileoi elkarturik aurkitu dugu: ardo, arte, asti, atseden, azukre, babarrun, baltseo, berde, diru, edukazio, esne, espezieria, etxe, fama, gatz, hauts bero, irin, ikusiezin, koraje, lan, marinada, mejora, odol, ore, parranda, pattar, siesta, su, tankera, uzta, zailtasun, zurruta… Izen bizigabeak hauek ere, abstraktu zein konkretuak, neurgarriak nahiz neurgaitzak. Berriz ere hauts bero IS dugu mugatzailearen tokian.

atseden puxka bat artu daizuen, neure yaioturiko yazoera bat edatsiko dautsuet” (EJ06,73).

“eta, nere aserre biziyari eskerrak, uste det baberrun puskatxo bat bilduko degula aurten” (EJ79,111).

“Zer derizkiozu gure gazteriaren dantzari? sosochoa esateko, balseo puskacho bat ere gabe” (EJ07,2).

“iritaya, berde puska bat idiari ekartzeko” (HE22,74).

“Ala izan ez dadin, esne-puxka bat saldu bear danean txantxilarekin barren guztia nastu egin bear da” (EF92,94).

“eta aar hauts bero puchca baten gainean oren laurden bat, oguia trempa dadin” (EJ75,4).

ikusi ezi puskatxoa eta zatitxoa ere bazeukakioten” (HE16,100).

“Etzekitenak, koraje puxka bat artu eta itz batzuk ikasten asi baitziran” (EJ66,17).

“arrantxoa, banan mejora puxka batekin” (EJ66,47).

‘Kopurua’ adierazten duten bigarren saileko zati-izen hauen adibideek beste datu bat ere ematen digute: ‘kopurua’ adierazteko ohikoena da apur/pixka/puska + bat erabiltzea. Zati-izen hauek bat zenbatzailearekin elkarturik erabiltzen ditugu, zenbatzaileen balioa hartuz. Horrela, bada, egituraren deskripzioa ez bide da [lan pixka] + bat, [erlijio liburu] + bat litzatekeen bezala, baizik: lan + [pixka bat], [apur bat], [puxka bat]…; alegia, lan asko, lan gutxi bezalaxe.

Eta horrek hitz elkartuen mugara daramatza horrelako zati-elkarteak, lehen genioen bezala. Baina hiztegietan apur, pixka… izenak direla eta “kopuru txikia” adierazten dutela ikusteak makurtu gaitu hitz-elkarteen artean aipatzera, nahiz mugakoak izan.

Azkenik, apur, pixka eta puska-ren arteko ñabardurak azpimarra ditzakegu. Apur eta pixka ia erabateko sinonimoak badira ere, puska-k, askotan, kopuru handixeagoa adieraz dezake. Hona Koldo Mitxelenaren adibideok horren erakusgarri:

“Ez gaitu, ez, kritika pixka batek, edo puxka batek, geure burua ukatzera erakarriko” (“Asaba zaharren baratza”, 1960; MEIG IV,33).

“Esaera polita da eta badu gainera bere egia pixka eta puxka” (“Euskalkien ageriko aurpegia”, 1983; MEIG VI,129).

Areago, puska-k izena modifika dezake, esate baterako, adjektiboen modura, ondoko adibideek erakusten duen bezala. Esanahia ‘handia’ da.

“Eta denda-etxetxoa. Ta baitare, gaur ejerzizioak ematen diraneko etxe-puska bikaña” (EL70,214).

“Ayek dangatekoak eta ayek espal-puskak!” (HE22,17).

II.3.2.3. Isurkari-motako mugatzailea eskatzen duten zati-izenak

II.3.2.3.1. TANTA/TANTO

Mugatzaileak: ardo, azahar-ur, bitter, edari, esne, euri, ezti, iruntz, izerdi, kaleko euskara eta erdara, limoi, limonada, malko, negar, odol, ozpin, txuritasun, ur… Oro har, guztiek adierazten dute isurkaria: limoi ere fruitua ez baina fruitutik ateratzen dugun ura adierazteko erabilia baitago. Salbuespenak: kaleko euskara eta erdara ttantta eta txuritasun tanto ditugu. Badirudi salbuespentzat jo behar ditugula, lehen esan bezala, zati-elkarte hauetan erlazio semantiko bakarra izaten baitugu. Ttantta/tanto-k balio metaforikoa dute hemen; azken batean, apur edo pixka-ren baliokideak dira.

“egingo da ore bat, erantsiaz azahar-ur tanto batzuek” (EJ64,39).

“iru edo lau bitters-tanto ta azukre-auts gutxi bat” (EJ64,106).

edari ttantta bat har ote genezake gertakizuna behar bezala ospatzeko?” (EJ53,107).

iruntz tanto bat zan okaran baltzean” (EJ50,161).

“gero irabiatu egin ditut eta kaleko euskara ta erdara ttantta batzuk bota deutsadaz gainera nahasturari, baserri usain gehiegirik izan ez dagian” (HE44,9).

“burua makurturik eta noizik beñean negar tantoa zeriola” (HE19,113).

“eta nire becatuen gomuteac botarazo eutsuzan lurreguiñoco odol tantac” (EC61,93).

xuritasun tanto batzuen bidez alaituak” (HE27,333).

“Itxaso zabalean ur tantoa dirudi Israelek” (EC70,25).

II.3.2.3.2. XORTA73

Mugatzaileak: ardo, esne, ezti, fleur d’oranger, herde, izerdi, minagre, olio, pattar, salda, ur, ur bero… Guztiak isurkaria adierazten dutenak, tanta-ren sinonimoa denez xorta. Laranja-lorea adierazten duen frantses hitza ere erabili dute mugatzaile moduan.

“ene alaba, etzeukanagu ardo-xortarik etxean” (HE18,56).

“erleek hegan egin zuten ihes ezti-sorta zeriela bidean” (EJ53,18).

“sucriarekin arauca, goma adragant pochi bat herraisa fleur d’oranger chorta bat” (EJ75,34).

“kokosa behera jausten baitzitzaion herde xorta zenbait, aldi batez” (EJ72,34).

“ez baitute oraino kopetan izerdi xortik ezagun” (HE59,41).

“cure ahatia utcacu irakitcerat su eztian emendatuz noicetic noicera ur bero chorta batekin ez dadin lot itcultcian” (EJ75,112).

Mota honetakoa da xokolet-ttintta elkartea ere, mugatzailea isurkaria den heinean eta mugakizuna OEHk “isurkari kopuru txikia” moduan definitzen duenez:

“Hain xuxen, uste gabetarik xokolet-ttintta bat hunkitu baitu eriak” (EJ72: 65).

II.3.3. Mugatzailearen gramatika-kategoria

Zati-izen hauekin elkartzen ditugun mugatzaile gehienak izenak badira ere, zehaztasun gehiago zor diogu puntu honi.

  1. Izen bihurtutako adjektibotzat hartu dugu berde mugatzailea, berde puska bat esaten dugunean (‘belarra’ baita) eta beste horrenbeste esan daiteke jan zati-z, aditza izen bilakatu eta mugatzailearen betekizunean baitugu.
  2. Multzo-elkarteetan bezalaxe, hemen ere zenbaitetan mugatzailea juntagailuz elkarturikoa izan daiteke —antxoa, sardin edo lantzoi zati, urdai edo txorizo puska, fruta eta berdura apur, harri-koskor, ikatz edo kisu-puska…—; aldi berean izen elkartua izan daiteke —esne-koipe puska, burujabetza-apur, arratsalde-askari puska, ogi-mami puska…—; determinatzailerik gabeko izen-sintagma ere izan daiteke: oinarrizko literatura politiko apur bat, ardao zuri pixka bat, haragi erre pixka bat, kafe bero pittin bat, gazta zahar pusketa, haragi egosi puska bat, harri-bizi puskak, hauts bero puxka bat… (aurretik ere esan dugun bezala, guztiak batera aztertuko ditugu (§ IV). Nolanahi dela ere, segida hauek ispilatzen dute lehen ahotan genuen zalantza; alegia pixka, puska, pittin eta besteren ondoan beti bat baldin badugu, sortzen den galdera da noraino gabiltzan elkarketan edo ez ote gabiltzan zenbatzailedun sintagmen barrutian.

II.3.4. Osagaien arteko erlazio semantikoak

Zati-elkarteetako osagaien arteko erlazio semantikoa ‘osoa-zatia’(§ I.5.3) bide da —hots, mugatzaileak osotasuna adierazten du eta mugakizunak zatia—, baina zehaztasun batzuk egin beharrean gara. Mugakizuna benetako ‘zatia’ da mugatzailea zatigarria denean, (§ II.3.2.1) atalean sailkatu ditugunak batik bat. Mugatzailea hala ez denean osotasun horretatik kopuru bat (ez nahitaez zatia) interpretatzen dugu eskuarki (§ II.3.2.2) sailean jaso ditugunak batez ere, baina baita arestikoko batzuk ere.

Erlazio semantiko hori dela eta, mendekotasunezko izen elkartu arruntetan aztertu dugun ‘osoa-zatia’ erlazio semantiko berari zegokion atalean (§ I.5.3) esan dugun moduan, haiek eta hauek badute elkarren antzik, baina baita alderik ere. Ekar ditzagun labur-labur:

  1. Hango mugakizunek eta hemengoek mugatzailearen atala edo zatia adierazten dute. Biek ala biek beste norabait igortzen gaituzte erreferentzia osatzeko, baina zati-izenok, haiek ez bezala, ez dute berezko erreferentziarik puska bat ez da ezer zerbaitena ez bada. Egituraren ikuspegitik osagarria dute hemengoek74, erlazionalak dira.
  2. Bestetik, haiek ez dute zenbatzaileen eginkizunarekin inolako harremanik; hemengoek, berriz, ikusi dugu harreman estua dutela.
  3. Oroit, gainera, guztiak “osoa-zatia” harremanaren arabera aditu ahal izanagatik, hauek (baina ez haiek) ‘edukia’ harremanean ere uler daitezkeela: “tipula puskan tipula badago”; “puskak tipula du”.

II.3.5. Emankortasuna

Adibideen azterketan zehar garbi geratu da bizi-bizirik dagoela zati-izenez osatutako izen elkartuen mota.

II.3.6. ordu-erdi, libra-laurden, frakzio-elkarteak

Argitaratutako lanetan atal berezian jaso bagenituen ere (H-E/1: 77 / 72 eta H-E/4, 11.2.1.: 92 / 78), badirudi ez dagoela arrazoi erabakigarririk “banakuntza-elkartea” ere deitu izan den hau zati-elkarteetako atal berezitzat ez hartzeko, izan ere, mugakizuna —ikusi berri ditugun mugakizunak bezalaxe— beti da ‘zatia’; osotasun baten ‘frakzioa’.

Bestetik, berriz, gogoan behar da izan honako bereizkuntza hau (H-E/3, XII.1.: 183 / 163)75:

Lehen balioa hartzean [hots, ‘bi parte berdinetan zatitu den osotasunaren zati bakoitza’] erdi, bigarren osagai izan ohi da ‘X + erdi’ elkarteak osatuz (Eguzki-lore elkarteetan aztertzen direnak): bide-erdi, naranja-erdi… ‘Mutur edo ertzetatik distantzia berera dagoen puntu edo aldea’ adierazten duenean, berriz, lehen osagai izan arren, ‘erdi + X’ elkarte horiek (Ertamerika, erdibide, Erdi Aro…) erabat Eguzki-lore elkartetzat hartzen ditugu. Hau da, beste edozein menpetasunezko izen elkarturekin ez dute inolako desberdintasunik, erdi beste edozein izen gisa agertzen zaigu eta.

Bada, horko bi erdi horietatik, lehenaz ariko gara orain, oro har, “Izena + erdi” osaerakoak diren, erdi mugakizuna duten eta ‘osotasun baten frakzioa, zatia’ adiera duten elkartuez. Bihoa esana, halaz guztiz, aipameneko bigarren adierako erdi hori ere, kokapena adierazten duena —‘gune’ adierakide antzekoa duenak, alegia— oro har izenaren eskuinean darabilgula, hitz-elkartuaren mugakizuna dela (bihotz erdi, gauerdi… ‘bihotzaren gunea’, ‘gauaren gunea’); kontrako hurrenkerako adibide bat edo beste ere izan arren (erdibide ‘erdian dagoen bidea’). Nolanahi dela ere, horiek guztiok ez dira atal honetan aztertzekoak, Eguzki-lore motakoak izan arren76, “Zati-elkarteak” ez dira eta.

Aldapa, bidatz, bide… eta antzeko mugatzaileak dituzten hitz elkartuetan batik bat, askotan ez dago zehatz jakiterik noiz adierazi nahi izan den ‘osoaren erdia’ eta noiz ‘ertzetatik distantzia berera (luzeran nahiz zabaleran77) dagoen puntua’78.

“geiago ezinda, bide-erdian utzi bearra izan zuten kamio ua urte batzutan atseden artzeko” (EL70,260)

“… jende-pillo ikusgarria igo zen Arantzazura, birjiñari erbeste-bidean laguntzera. Bide-erdian, Altzibar’ko parean, Oñati osoak itxoiten zion” (EL70,187).

Bestetik, berriz, ‘zati’-aren adierari eutsita ere, badirudi ez direla guztiak galga berekoak, alegia, badagoela hor tarte bat 0,5 zehatza adierazten dutenetatik ‘osoa ez dena’, baina ez nahitaez ehuneko berrogeita hamarra-edo adierazten dutenak arte.

II.3.6.1. Adibideen azterketa

II.3.6.1.1. ERDI mugakizuna

Mugatzaileak sailkatuta emango ditugu, azalpena errazteko asmotan. Ikus ditzagun lehenik izen bizigabeak, eta bere sema edo ezaugarri semantikoen artean, zatigarriak izateaz gain, nolabaiteko ‘neurria’ edo dutenak. Neurtzeko balio duten zerak direnez, neurri-izentzat jo ditzakegu arroa, baso, dozena, hamabiko, kana, kilo, kilometro, libra, litro, mende79, metro, mila, milioi, minutu, ontza, ordu, pauso, urte

Esan daiteke izen-elkarte hauetan gauzatzen den semantika-harremana 0,5en ingurukoa dela, neurri garbia adierazten duten bezainbatean.

arrua erdia ta arrua laurdenarekin ere egiten zituzten gaztaiak” (HE39,45).

“nik dozen erdi bat arraultz prejitu jan nuan, bi talorekin” (EJ49,112).

Amabiko-erdi bat arraultzak egunean ez du asko balio” (EF92,71).

“Ollerias’tik igarotzen dan bidetxabaletik kilometro erdi bat ibili ondoren” (EJ60,I40).

“amorrai aundi ederrak eta pinak ziran, libra-erdi ingurukoak” (HE29,112).

Litro erdi bana ardo ematen zidaten” (HE29,112).

“bainan neure aburuz Augustin Xaho, mende-erdi bat lehenago bizi izanagatik” (EJ61,8).

milaerdi bana bertso dituzte” (EJ00,I87).

“Orduko salsak izandu ziran Kaiserrentzako gaziyak: milloi erdi bat gizon baditu gure lurrian utziyak” (EJ79,21).

“ez zuen, halaz ere, pausu erdi bat baizik eman” (EJ151,35)80.

“oso gutxik esan dezakete ez dutela gaztaroan ordu-erdi bat bederen galdu” (HE35,4).

“amak eztizu urtherdi” (HE60,180).

Neurria adierazten ez duten izen zatigarriak ditugu bestetik: aloger, arta koskol, bertso, egur, gorputz, kaskal, oilategi, puska, sagar, soldata, talo, tronko… Horien artean, bertso, tronko eta egur —lehen biak adiera batean— bereziak dira neurri-izenen gisa ere erabil daitezkeelako. Horrela hartzekotan, goiko sailekoekin batean aztertzekoak dira.

“legorrean irabazten dabe aloger laurena edo aloger erdia (soldata laurena ta soldata erdia esan oi daroe)” (EJ59,84).

“… ere enklitika delarik ezin joan daiteke bigarren bertso erdiaren hasieran” (EJ80,39).

“Bañan ori bertso erdia da. Neri bai lagunak osorik esan” (EJ66,157).

“Onek bi bertso eta beste baten erdiya ditu. Bertso erdi ori nundik sortu duen ezin somatu” (HE61,121).

“leitzarrak galdua du egur erdi batez” (HE18,139).

gorputz-erdika dute dantza jatorra ari” (HE18,107).

“intxaur pare bat erditik eginez kaskal erdi bana itsasi zion hanka bakoitzean” (EJ53,61).

“Oiloa ala oilategi-erdia dakark hor?” (EJ53,61).

“adiskidantzak egin zituela esan zion emazteari eta eskutik jan ziola puska erdia” (EJ53,98).

“Ebagi du bereala ederki tronko erdia” (HE22,17).

Bigarren multzo honetakoen ulertzeko modua da, oro har, ‘bi parte berdinetan zatitu den osotasunaren zati bakoitza’. Bi zatietako bakoitzak gordetzen ditu osoaren ezaugarri berak.

Hirugarren multzo batean bil ditzakegu mugatzaile zatigaitzak: asmo, bokal, egia, gizon, jai, kalte, uste

“edo ceren vicitza ontzeco asmo-erdiren batzuek izan cinduan” (HE07,287).

“lau silaba baizik ez zaio zor, -i-bokalerdi bailitza ebaki behar da” (EJ80,46).

egi-erdia baita, oso osoa ez bada ere —nai izatea ahal izatea— dela” (HE33,5).

“gomuta eban bere aitak esaten eutsala zaldun bat mundurako gizon erdi zala” (EJ70,81).

“Egun au jai erdia da, eta gure errietan goicean Meza enzunda, joaten dira gueyenac lanera” (EC48,555).

“Errepubliquiari calte erdi bat eguin eutsalaco” (HE20,213).

uste-erdi bakar duena, buru-loka dabil” (HE18,57).

Sail honek baditu zenbait gauza harrigarri, zati-elkarketarekin oso ongi uztartzen ez direnak. Lehenik eta behin, galdetzekoa da nolatan mugatzaileak zatigaitzak izan daitezkeen zati-elkarteen osagai; harrigarria da, halaber, gizon mugatzaile biziduna hor topatzea, orain arte mugatzaile bizigabeak besterik ez baitugu ikusi, espero izatekoa den bezala.

Gogoan eduki behar dugu izen zatigarriak (neurri-izenak alde batera utzita) mugatzaile gisa dauzkagunean, lehen esan dugun moduan, zati daitezkeen zeren erdiek gordetzen dituztela zatikizunaren ezaugarriak; esan nahi da, sagar-erdia, ‘sagarra’ da, egur-erdia ‘egurra’ den bezalaxe. Bestalde, bai neurri-izenak bai izen zatigarriak ditugunean, euskaraz hurrenkera aski hertsia dela dirudi, erdi-k izenaren eskuinean du kokalekua eta ezinezkoa du ezkerreko osagaia izanda hitza eratzea: *erdi libra, *erdi kilometro bezalaxe, *erdi sagar, *erdi kaskal

Izen zatigaitzekin, berriz, gauzak bestela dira. Batetik, ez daukagu eskura zatigarrientzat eman dugun interpretazioa: bokal-erdia erabili duen autoreak ez du esan nahi “bokala zatitu eta bitan eginez alde bakoitza”, gizon erdia… ere ez: erabat ‘bokala’ edo ‘gizona’ ez den beste zerbait izendatu nahi da. Alegia, EHk ‘erdizka’ adiera zehazten dion erdi eskalarra (Zabala 2013) litzateke hauxe.

Esan bezala, hurrenkerak ere badu garrantzirik: badirudi hurrenkera askeagoa izan daitekeela halakoetan —erdi + izena / izena + erdi—: gizon erdi / erdi gizon, erdi bokal / bokal erdi, jai erdi erdi jai… parekoak dirudite. Beste lan batean jasoak dauden erdi emakume, erdi arrain… adibideen ildotik (H-E/3: 185-188 / 165-168), badirudi hauetan guztietan erdi graduatzaile moduan erabiltzen dugula81 eskuineko izena modifikatzean (EHk adlag. kategoria alboratzen dio); bestela esan, erdi ase motatik gertuago bide gabiltza —nahiz eta eskuineko osagaia hauetan izena ez izan— ordu-erdi-tik baino. Baina, guztiarekin ere, adiera eskalarrerako askoz ohikoagoa da “erdi + izena” osaera (erdi gizon, erdi jai…) kontrakoa (gizon erdi, jai erdi…) baino. OEHk ere honelaxe dio: “precediendo a verbos, sustantivos, adjetivos y adverbios”. (Letra lodia gurea).

Aztertzen ari garen multzo horretako asmo, egia, kalte, uste zatigaitzak (baina kontagarriak) itxura guztien arabera zatigarri bilakatuak ditugu; “usteak erdia ustel” esapideak eta goiko adibide argigarriek (“egi-erdia baita, oso-osoa ez bada ere”) ispilatzen duten moduan.

Bestetik ditugu plural zentzua atxikia dutenak82: gauzak, egurrak, konpainia, oilategi… Lehen biek singularrean erabilita beste esanahi bat hartuko lukete (gauza erdia, egur erdia ≠ gauza erdiak, egur erdiak) konta eta zati daitezkeen izenak baitira. Besteak, berriz, talde-izen edo izen multzokaritzat jo ditzakegu. Erabateko aditzeko modua da, beraz, ‘taldearen erdia’, dela plurala erabilita, dela singularra erabilita ere, pluraleko balioaz.

“Iñork etzuan bear bentajik Txapelketa bat izanda, egur erdiak zutikan eta beste erdiak etzanda” (EJ69,38).

“boltsan dituen gauza erdiak lurrera erortzen zaizka” (HE35,117).

“gutxi, konpañi erdi edo” (HE23,46).

“oiloa ala oilategi-erdia dakark hor?” (EJ53,61).

Azkenik, ihartutzat joko genituzke alderdi, baxoerdi, gaitz erdi83, galtzerdi, hitzerdi, pitxerdi, txikierdi… Jatorrizko hitzez hitzeko esanahitik urrundu eta bere esanahia finkatua dute, iharbidea guztiek eta modu berean erabat burutua ez badute ere. Honela, esate baterako, gaitz erdi esapidea zeharo bestelakotua dugu, adberbio gisa-edo besterik ez darabilgu eta. Alderdik, nolanahi dela ere, bi esanahi bereganatuak dauzka: politika arlokoa bata, zabalagoa bestea, ‘alde’-ren baliokidea.

alderdiek, taldeek eta taldetxoek” (HE27,374).

“arazo beraren beste alderdi bat aztertuko dugu” (EI94,16).

baxoerdi mordo ugaria edan dugu alkarrekin” (HE34,55).

“goserik ez baleuko, gaitz erdi, bana otzak inoiz ez lako gosea sortzen dau” (HE21,38).

“neska gazteak hitzerdiz konprenitu zuen” (HE32,21).

“zapatac zutoechubetan ta calcerdijac çacuan eseguita” (HE20,94).

“Egunero pitxerditxo bat ardo erateko sortuko bagendu” (HE22,31).

“ardandegira jo eben txikierdi bana edateko” (HE21,30).

Lehengo pausu erdi bat (“ez zuen, halaz ere, pausu erdi bat baizik eman”) eta calte erdi bat ere, erdiren erabilera metaforikoa dela medio, beharbada, hobeto leudeke sail honetan, forma ihartuak ez izanagatik. Errepara, gainera, lehena ezezko perpausean erabili dutela.

II.3.6.1.2. LAURDEN mugakizuna

Honako izenak ditugu mugatzaile: aloger, arroa, azpantar-pieza, bertso, bizi, egun, ilargi, kana, mende, ordu, soldata… guztiak bizigabeak eta zati daitezkeenak.

“legorrean irabazten dabe aloger laurena edo aloger erdia (soldata laurena ta soldata erdia esan oi daroe)” (EJ59,84).

“arrua erdia ta arrua laurdenarekin ere egiten zituzten gaztaiak” (HE29,45).

“eta loturik aien pundan aspandar pieza laurden bana” (HE19,66).

ere enklitika delarik ezin joan daiteke bigarren bertso erdiaren hasieran; ezta, areago dena, bertso laurdenaren hasieran ere” (EJ80,39).

“gaur goizean egun laurdena galdu dik” (HE61,172).

“Ainziko urerat illargi-laurden bat erori zan zuri, yori gauko zitu zori” (EJ50,46).

“mingaña kana laurden bat kanpora” (HE19,101).

mende laurden abantxu ezkondu ginela, laguna gertatu zaut nik behar bezala” (EJ68,43).

ordu laurden bat da hitzegiten ari natzaizula” (HE35,48).

Adiera, zabal esan, ezkerreko izenaren 0,25 adieraztea da. Zenbat eta mugatzailea neurria adieraztetik hurbilago (kana, ordu…) orduan eta zehatzagoa da delako adiera.

II.3.6.2. Mugatzaileen gramatika-kategoria

Laurden-en mugatzaile guztiak, gure adibideetan bederen, izen bizigabeak eta zati daitezkeenak dira; hauetako gehienak izaritzat, neurritzat har daitezke. Erdi-ren mugatzaile guztiak ere bizigabeak dira, gizon izan ezik.

Neurri-izenak era askotakoak izan daitezke: isurkarien bolumena adierazten dutenak (litro…), luzera (metro, kana…), denbora (ordu…), zenbatekoa (hamabiko…), etab. Neurri zehatza adierazten dutenetatik kanpo, badira zati daitezkeen izenak (hitz, bertso…) eta baita zati ez daitezkeenak ere. Zati-elkarteak aztergai izaki, lehen begiratuan bederen, harrigarri samarra gertatzen da, esan dugun bezala.

Mugatzaile-mugakizun hurrenkera dela eta, sail honetan azterturiko adibideak “izena + erdi” hurrenkerakoak direla ikusi dugu. Hurrenkerak batzuetan adieran —eta elkarketan izan behar duten kokapenean— ondorioa du: erdi bertso (‘bertso izatera iristen ez dena’) / bertso-erdi (‘bertso (oso)aren erdia’, ‘bertsoaren guneko partea eta ez hasiera, ez bukaera’, testuinguruen arabera)84; gutxitan, esana dugu, aski parekotzat jo daitezkeela dirudi: erdi gizon, gizon-erdi

II.3.6.3. Osagaien arteko erlazio semantikoak

Laurden mugakizuna duten hitz elkartuek ulertzeko modu bakarra dutela dirudi, alegia, oro har, ezkerretara duten izenaren 0,25. Erdi-k baino interpretazioetarako tarte txikiagoa uzten bide du.

Erdi bestelakoa dela ikusi dugu. Mugatzaile zati daitezkeenak, bizigabeak, konkretuak eta, batik bat, izariak adierazten dituztenak ditugunean, mugatzaileak osoa eta mugakizunak aurrekoaren 0,5 adierazten du: ‘osoa-zatia’ harremana bete-betean gauzatzen da. Zati daitezkeenak bai, baina neurri zehatza adierazten ez badute, berriz, ‘erdia’ modu laxoagoan hartu behar dela dirudi. Zatigaitzak, bizidun eta bizigabeak ditugunean, garbiagoa da nagusi den adiera ‘osoa ez dena’, ‘gutxi gorabeherakoa’, eskalarra (gizon-erdi, egia-erdi, bokalerdi…) dela. Hauen adieren eta hurrenkeraren inguruko xehetasunak eman ditugu.

Bestetik badaude etorki eta osaera bereko formak, baina zein bere adiera berezia duena, hots-eta esanahi-aldaketa gertatu izanaren edo ez izanaren ondorio: meza-erdi (‘meza osoaren erdia’) ≠ mezerdi (‘sagara’, ‘mezaren erdiko zatia’); egun-erdi (‘egun osoaren erdia’)≠ eguerdi (‘goizeko hamabiak’); gauerdi (‘gau osoaren erdia’) ≠ gauerdi (‘gaueko hamabiak’)… Adibideok erakusten dutenez, lehenak bakarrik lirateke zati-elkartean kokatzekoak, bigarrenen adiera ‘gunea’ adieraztetik gertuagoa baitago.

Azkenik aipatu beharko genituzke elkartu ihartuak, osagaien arteko jatorrizko erlazio semantikoa ia galdua baitute, hartu duten adiera dela medio (galtzerdi, baxoerdi…).

II.3.6.4. Emankortasuna

Erdi-k emankortasun handiagoa du laurden-ek baino. Erdi-ri dagokionez, neurgarrien erdia adierazteaz gain, ikusi dugu bestelako mugatzaileekin ere ageri dela. Egun ez da harritzekoa, esate baterako, “egun-erdiko arduraldia” edo antzekoak entzutea. Emankorra dela esan daiteke. Laurden-en emankortasuna txikiagoa da, esan den bezala; beharbada, adiera zehatzagoa izateak ere mugatzen du forma berrietara zabaltzea. Bestetik azpimarratzekoa da hitz elkartuok neurri-sintagmetan agertzeko aukera handia dutela (“Andre Madalen laurden-erdi bat olio”, etab.).


66 Gehiago ere badaude. Nola hartzen den, ale edo ondo (‘banako’, ‘izpi’: belar-ondo, ile-ondo) hemen sartzekoak dira, baina ez dute ia adibiderik eta ez dira gure aurreko sailkapenetan (H-E/1, H-E/4) aipatzen. Ondo-ren gainean, ikus § II.6.2.1 eta § II.8.2.14.

67 Era berean, oroi ‘osoa-zatia’ harremanean genioenaz (§ I.5.3).

68 koxkor eta kozkor aldaera adierazkorrak ere barne hartzen ditu.

69 “Belokiren anaiari artalde koxkor bat erosi zion” (HE50,53), “lege zarreko bazkari koxkor bat egin genduan” (EJ64,180)…

70 Berriz ere bazter utzi dugu adjektiboaren eginkizuna eta ‘handi’ esanahia edo duen puska: “a zer neska/mutil puska!”, etab. Aurreraxeago aipatuko dugu.

71 Adibide hau b) sailean ere joan zitekeen, apur, poxi, eta baliokide den puska-rekin, nola ulertzen den.

72 “porción, pedazo, parte”, dio Azkuek.

73 Sorta mugakizuna multzo-elkarteetan ikusia da (§ II.2.2.3).

74 Honetxek lotzen ditu, hain justu, § II.2 ataleko multzo-elkarteekin.

75 Bistan da gaineko erdi-z osatuak albo batera uzten ditugula, aipatu lanean aztertuak daude eta.

76 Halaxe jaso ditugu behi-esne motakoen artean, batez ere ‘garaia’ (Erdi Aro) eta ‘lekua’ (erdi-bide, erdi-maila, erdi-parte…) erlazio semantikoetan

77 bide-erdian eseri ziren, inori pasatzen ez uzteko” edo “autoren batek harrapatzea nahi ez baduzu, ez ibili bide-erditik, joan bazterretik”... Azken batean, ‘distantziaren’ beste aditzeko modu bat litzatekeela dirudi.

78 Beste hizkuntza batzuetan baliabide lexiko desberdinak dituzte guk erdi bakarra daukagun tokian: gazt. medio / mitad / centro (medio camino / la mitad del camino / el medio, el centro del camino...). (H-E/3: 187-188 / 167-168).

79 Mugatzaile hau bera izanik, beste adiera (‘gunea’ edo) duen adibiderik ere ez da falta: “XV'gn. eunkida[mende]-erdian jausi zan beti-betiko” (HE24,123); “XVIIIgn. mende erdian, razionalismua kristautasunaren oiñarriak” (EC70,27).

80 Hitz erdi-tik ez dabil hagitz urruti.

81 Hizkuntza erromanikoetan “intransitivo” direlako aurrizkiek egiten dutenaren antzera (Gràcia; Azkarate 2000). Mugatzaile bereziko elkartuez aritzean itzuliko gara gai honetara (§ III).

82 OEHn jasotzen da erdi + iz (pl.) hurrenkera, gure adibideotako balio berbera duela: “[Midikuak] debekatzen derautza erdi gauzak, apetitu guti utzten dio konplitzera”. Ax 306 (V 204).

82 OEHn balio berbera duela atzekoz aurrerako ordena duenik ere bada: erdi gaitz. Autore bakarrak erabilia da, ordea.

83 Edo, beharbada, erdi prezioan (saldu) ‘aski/oso merke saldu’ prezio erdian saldu ‘prezioaren ehuneko berrogeita hamarrean saldu’, euskaldun batzuentzat bederen, nahiz OEHn lehenaren itzulpentzat “a mitad de precio” eman.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper