Datorren ostiralean, ekainaren 27an, Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatuko dute. Udalaren izenean Javier Maroto alkateak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Goizeko 11:30ean izango da, Gasteizko Udaletxean.
Hitzarmen horrek Gasteizko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko harremana indartzea du helburu. Elkarlan horren emaitza behinena Gasteizko Toponimia egitasmoa da. Egitasmoaren helburua Gasteizko udalerriko toponimo guztiak sistematikoki jasotzea da. 1996an hartu zuen bere gain Euskaltzaindiak Gasteizko toponimia berreskuratzeko lana, urte berean Gasteizko Udalarekin izenpetutako lankidetza hitzarmenean jaso zenaren arabera.
Gasteizko udalerriak hiria bera eta 64 herrixka hartzen ditu. 400.000 toponimo-erregistroz osaturiko datutegian oinarritzen da ikerketa, eta bi urtetik behin liburuki bat argitaratzen da “"Onomasticon Vasconiae" bilduman. Orain arte lau liburuki argitaratu dira: Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria); Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II ( Malizaeza); Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria eta Gasteizko Toponimia IV, Langraiz/ Toponimia de Vitoria IV, Langraiz.
Hain zuzen ere, Euskaltzaindiak ostiralean egingo du ekaineko Osoko bilkura, Gasteizko Udaletxean. Hala, hitzarmenaren sinaduran, euskaltzainburua ez ezik, gainerako euskaltzainak ere izango dira.