Datorren ostegunean, ekainaren 19an, Joseba Intxausti historialari eta ohorezko euskaltzainaren Euskara eta hizkuntzak, gizartean argitalpena aurkeztuko du Euskaltzaindiak. Akademiaren egoitzan izango da, goizeko 11:00etan.
Argitalpena hiru liburukitan kaleratuko da: I. Aitorpenak. Ekinbideak; II. Jarrerak. Politikak. Pedagogiak; III. Erlijioak. Eliza kristauak. Hiru liburukiok Euskaltzaindiaren “Etxeberri” bildumaren 2., 3. eta 5. zenbakiak dira. Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioarekin laguntzarekin argitaratu da
Euskara eta hizkuntzak, gizartean argitalpenak euskara eta hizkuntzen historia sozialaz autoreak 50 urtetan idatzitako artikulu-sorta bat biltzen ditu. 1963tik 2010erako tartean argitaratutako lanak dira guztiak.
Hizkuntza ugariren albisteak jasotzen ditu argitalpenak, batez ere euskarari dagozkionak, baina baita beste hainbat hizkuntzaren berriak ere, betiere euskararen historia argitzen lagun dezaketenak.
"Etxeberri" bilduma (EHS) euskararen historia soziolinguistikoari eskaintzen dio Akademiak. Intxaustik berak azpimarratzen duenez, “argitalpenak, euskararen historiatik, bere alde soziala dakar orrialde hauetara. Ez da, beraz, lan filologikoa, gizarteko bizitzan euskarari aitortu, zaindu edo ukatu zaizkion estatusak erakusten ditu, espazio, denbora eta gizartez aldakorrak direnak, aldarte historiko eta erabaki soziopolitikoen araberakoak betiere. Gertaera eta argibide historiko anitz aurkituko du irakurleak orrialde hauetan, hainbat kasutan euskararen iragana eta oraina ere hobeki ulertzeko gako argigarriak: inguruko hizkuntzek ere gainditu behar izan dituzten zailtasun eta ahaleginen historia, adibidez. Maiz, nazioartetik ere euskararena begiratzeko parada eskaintzen dute orrialdeok”.
Egilearekin batera, Izaskun Etxebeste eta Koro Segurola Euskaltzaindiko teknikariek birmoldatu dute testua.
Esan bezala, "Etxeberri" bildumaren barruan kaleratu da. Bilduma horren 1. zenbakia, Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak izenekoa, Joseba Intxaustik berak sinatu zuen.
Lehenengo liburukiaren aurkibidea (PDF, 43,3 KB)
Bigarren liburukiaren aurkibidea (PDF, 42 KB)