Gaur, ekainaren 13an, Fernando Zuñiga Suitzako Bernako Unibertsitateko Hizkuntzalaritza Saileko burua Euskaltzaindian izan da. Zuñiga ikasle talde batekin etorri da, eta Xabier Kintana idazkariak lagundurik, Akademiaren egoitza bisitatu dute guztiek. Bisita egin baino lehen, Andres Urrutia euskaltzainburuak harrera egin die.
Fernando Zuñiga hizkuntzalariak Hizkuntza Tipologiaren eremuan dihardu, eta bere urteotako lanak zerikusia izan du batez ere tipologia morfologikoarekin eta lerratze morfosintaktikoekin, hots, hizkuntzek argumentuak (subjektu eta osagarria, adibidez) markatzeko estrategiekin, bai kasu marken bitartez bai aditz komunztaduraren bitartez bai bestelakoez. Gaur egun, amerindiar hizkuntzen eremuan polisintesia aztertzen duen ikerketa proiektu baten burua da, eta Suitzar Zientzia Fundazio Nazioanalaren babesa du.
Lehenago, 2007tik 2010era bitartean, onuradunen (eta kaltedunen) inguruan ibili da lanean. Askotariko baliabide tipologikoak dituzte hizkuntzek onuradunak adierazteko, euskaraz adibidez Jonek Aneri liburua eman dio diogunean, Aneri da onuraduna, datibo kasu marka batekin adierazten da eta zehar osagarria da sintaktikoki. Hori ez da, baina, onuradunak adierazteko bide bakarra, eta Zuñigak estrategia tipologiko nagusiak aztertu ditu, hala nola, interes datiboak, onuradunen markatzaile bereziak, aditz-sailak (ingelesez, serial verb constructions deritzenak), egitura aplikatiboak, predikatu konplexuak, eta abar.
Zuñiga amerindiar hizkuntzetako aditua da, eta lanean dihardu blackfooteran, Ipar Amerikako algonkinar hizkuntzetako batean, eta maputxeran, Txile eta Argentinako hizkuntza amerindiarrean. Hizkuntza horiezaz gain, mendebaldeko germaniar hizkuntzak ditu aztergai, hizkuntza erromanikoak, eta azkenik, euskara bera ere, gure artera ekarri duena.
Asko dira bakarka zein elkarlanean idatzi edo editatu dituen liburu eta artikuluak, denak Hizkuntza Tipologiaren ikuspuntutik idatziak, eta euretariko asko, maputxerarekin edo blackfooterarekin zerikusia dutenak. Lanen bat aipatu behar izanez gero, bi liburu ekar genitzake gogora: John Benjamins prestigiotsuan 2006an argitaratutako Deixis and Alignment. Inverse systems in indigenous languages of the Americas edo Txileko Santiagon urte berean argitaratutako Mapudungun: el habla mapuche. Introducción a la lengua mapuche, con notas comparativas y un CD. Euskarari dagokionez, argitaratzear dauka Beatriz Fernández euskaltzain urgazlearekin batera Grammatical Relations in Basque izeneko lana, Alena Witzlack-Makarevich and Balthasar Bickelek John Benjaminsen argitaratuko duten liburuaren barruan.