"Gaur .eus domeinuaren beste kapitulu bat idazteari ekingo diogu, komunitateari irekiko diogulako". PuntuEus Fundazioko kideen hitzak dira, joan den apirilaren 26an esandakoak. Hilaren 15ean zabaldu zuten .eus domeinua duen aurreneko webgunea: Domeinuak.eus. Hemendik aurrera, domeinuaren erabilera gizarteratu beharko da. Lehenengo fasea abian da: sei hilabetez, 90 aitzindarik erabili ahal izango dute .eus domeinua "era esklusiboan".
Euskaltzaindiaren egoitzan eman zuten prentsaurrekoan, PuntuEus elkartearen bultzatzaileetariko batzuk agertu ziren eta guztion izenean Joan Mari Torrealdai presidenteak eta Iratxe Esnaola koordinatzaileak hitz egin zuten. Adierazitakoaren arabera, .eus domeinuen erregistroak hiru fase ezberdin izango ditu: aitzindarien programa, abiarazte-aldia eta fase irekia.
Aitzindarien programa larunbatean bertan abiatu zen. Esan zutenez, "domeinuak 90 aitzindari izango ditu, 90 webgune, 6 hilabetez ikusgarri izango diren .eus domeinu-izen bakarrak izango direlarik. Hortaz, 90 domeinu-izen horietako bat eskuratu eta aitzindari izan nahi duten norbanako, elkarte, instituzio publiko eta enpresek proposamen bat bidali beharko digute".
Bigarren fasea, abiarazte-aldia, "lehentasunezko fasea da eta .eus komunitateari hertsiki lotutako elkarte, enpresa eta instituzio publikoen domeinu-izenei bideratua dago, euren domeinu-izenak eskatzeko eta babesteko balioko duelarik." Azkenik, fase irekia izenekoak, .eus domeinuen erregistroa publiko orokorrari irekiko dio.
.eus domeinuaren Aitzindarien programa. Proposamenetarako deialdia (PDF, 216,2 KB)