Euskera agerkariaren 2012ko hiru zenbakien edukiak Euskaltzaindiaren webguneko Euskera agerkariaren hemerotekan integratu dira, Azkue bibliotekan katalogatu eta indexatu ostean. Euskera agerkariaren hiru zenbaki argitaratzen dira urtero. 2012koak bi liburukitan bildu ziren: Euskera 2012, 1-2 eta Euskera 2012, 3.
Euskera 2012,1-2 zenbakiak Akademiaren lana eta bizitza akademikoa biltzen ditu. Lehenbizi, 2012an izan ziren ekitaldi nagusien berri ematen du: Madrilen izan ziren “Euskarari Gorazarre” jardunaldiak; Zizur Txikian, Nafarroa Oinez 2012 zela eta burutu zena; eta Manuel Lekuonaren heriotzaren 25. urteurrena aintzat hartuz, Oiartzunen egin zena.
Horretaz gain, Baionan egin ziren XVII. Jagon Jardunaldietan esandakoak jaso dira. Ohi legez, Euskaltzaindiak bere bilera-agiri eta adierazpenak argitaratu ditu, eta besteren artean, omenduak izan diren euskaltzainen kronika ere idatzi da. Bukatzeko, urte horretan zendu ziren Txillardegi, Karmele Esnal eta Josu Arenaza euskaltzainen hilberri-txostenak aurkituko ditu irakurleak.
Euskera 2012,3 zenbakian Euskaltzaindiaren ikerketa esparruko artikulu originalak argitaratzen dira nagusiki, eta horrekin batera bestelako artikulu eta liburu-aipamen zenbait.
Zenbaki honetan "Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa" jardunaldian eta Eusebio Erkiaga euskaltzain eta idazlearen omenezko mendeurren jardunaldian irakurri ziren lanak kaleratu dira. Horrekin batera, "Beste ikerketak" atalean, jarraiko ikertzaileek, adituak diren arloko artikuluak argitaratu dituzte: Xabier Alberdi Larizgoitia, Joseba Ezeiza, Ines M. Garzia-Azkoaga, Juan Carlos Odriozola, Ainara Ondarra, Iratxe Retolaza, Amaia Serrano, Gema Lasarte, Jaime Valverde, Txomin Peillen eta Pako Sudupe.
Amaitzeko, Pruden Gartziak Joana Albreten biografia bat liburuari iruzkina egiten dio. Georges Rebuschik ere Jesu Kristen Imitazionea, Jean-Louis Davantek paraturiko argitalpenari egindako erreseina ere argitaratu da. Horrekin batera, Davantek iruzkin honi buruz zenbait ohar argigarri eskaini dizkio irakurleari.