Eusko Legebiltzarraren Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol batzordearen aurrean agerraldia izan dute gaur, martxoaren 18an, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzako ordezkariek. Guztien izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu du hitza eta, besteak beste, Euskaltzaindiaren sorrera, izaera eta zereginak azaldu ditu. Laster ehun urte beteko dituen erakunde honen erronka eta helburu nagusiak ere aipatu ditu.
Legebiltzarrean aurkeztutako materiala (PDF, 2,29 MB)
Euskaltzaindia zelan sortu zen gogoratu ostean, erakundearen helburu nagusiak gogoan izan ditu euskaltzainburuak: "Euskara ikertzea, arautzea eta haren erabilera sustatzea. Hortaz, bere izaera zientifikoa eta akademikoa, alde batetik, eta gizartearekikoa, bestetik, azpimarratu behar dira".
Hainbat arlo jorratu ditu Andres Urrutiak bere agerraldian, besteak beste orain arte eman diren pausurik nabarmenenak, bai eta etorkizunari begira Euskaltzaindiak mahai gainean dituen 11 erronka eta 5 ildo nagusiak ere.
Erronkak eta ildo estrategikoak
Erronkei dagokienez, hona horietako batzuk: finantzaketa-bide berriak lortu; egituraz kanpoko erakunde eta profesionalekiko elkarlana eta lankidetza-sistemak hobetu eta areagotu; Euskaltzaindiaren jarduera arauemailea eraginkorragoa egin; hizkuntzaren corpusari buruzko aholku eta kontsulta zerbitzuetan, erakunde eta profesionalei zerbitzu-eskaintza hobea ziurtatzeko urratsak egin; ahozko hizkera-moldeak landu eta hizkuntza mintzaturako erregistroak, lehentasunezko gizarte-esparru eta segmentu jakinetara zabaltzeko egitasmoak bultzatu; euskalgintzako eragile eta hizkuntzalaritzako profesionalek Euskaltzaindiari eskatutako egitasmoei lehentasuna eman...
Horiek horrela, 2011-1016 aldirako, bai ildo estrategikoak, baita helburuak ere markatzen ditu Zuzendaritzak. Hauek dira helburuok:
- Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren 4 liburuki berri kaleratzea
- Hiztegi Batuak 63.000 hitz jasotzea
- Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta Adibideak hiztegiak 43.000 hitz jasotzea. Bigarren argitaraldia
- Euskal Hiztegi Etimologikoa argitaratzea
- Euskal Gramatikaren Lehen Urratsak lana eguneratzea eta moldatzea. Ondoren, lanaren laburpena egitea
- Euskara Batuaren Eskuliburua argitaratzea
- Euskararen Historia Soziala egitasmoa burutzea
- Lexikoaren Behatokiak 60.000.000 testu-hitz jasotzea
2013-2016 aldirako bestelako helburuak, aldiz, honako hauek dira:
- Onomastika zerbitzua berrantolatu eta irizpideak ezartzea. Euskal Corpus Onomastikoa gizarteratzea
- Hizkuntzaren Kalitatearen Behatokia zerbitzuaren sorrera
- Ikertzaileen figura sortzea eta barruratzea Akademiaren egituraren barruan
- Euskaltzaindiaren batzordeek ere lanean jarraitzea eta Euskaltzaindiaren zerbitzuak eragingarriak izatea euskal gizartearen aurrean
- Hizkuntza industriekin, herri-erakundeekin, unibertsitateekin, euskalgintzaren eta euskal gizartearen elkarte eta erakundeekin, hedabideekin eta abar lankidetza bideak areagotzea, euskara prestigiatzeko eta are hobeto kokatzeko etorkizunari begira
- Euskaltzaindiaren ekarria proiektatzea euskal gizartean euskararen lurralde guztietan
- Kudeaketa gardena eta hurrekoa. Eskuartean dauzkan baliabideak ahalik ondoen eta eragingarrien baliatzeko asmo sendoa