Aurten beteko dira 250 urte Fernando Amezketarra jaio zela. Hori dela-eta, Amezketako Udalak "Fernando urtea" izendatu du 2014a, eta bertsolariaren omenezko hainbat ekitaldi sustatuko ditu urte osoan zehar. Euskaltzaindia ere Amezketan izango da datorren asteazkenean, hilaren 19an.
Hala, etzi, 15:30ean, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak bilera egingo du Udaletxean. Arratsaldeko 18:00etan, Fernando Amezketarrari eskainitako plaka erakutsiko dute Kultur Etxean. Ondoren, 18:15ean, hitzaldi bana emango dute Pello Zabalak -"Zer izan da Fernando niretzat"- eta Jose Mari Oterminek -"Zer dakigu Fernandoz?"-.
Fernando Bengoetxea Altuna (Amezketa, 1764-10-10 / 1823-7-9) oso bertsolari eta gizon berezia izan zen. Meatzari eta artzain ibili zen Aralar inguruetan. Umoretsu, bizi eta argia, bere ateraldi xelebre asko Gregorio Mujikak bildu zituen Pernando Amezketarra liburuan. Antonio Zavalak sortu zuen Auspoa bilduman, Pernando Amezketarra bertsolaria izenburuko liburua argitaratu zen, 1966an. Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daiteke.
Esan bezala, ekitaldi ugari egingo dira aurten Fernando Amezketarraren omenez. Besteren artean, Udalak atera duen 2014ko egutegia izan da lehen ekimena, Fernandori buruzkoa baita. Biharkoaren ostean, gainerako ekimenak etorriko dira: Fernandoren Txokoak ibilbidearen aurkezpena (apirilean) edota Fernandoren marrazkien erakusketa, ekainean. Urriaren 6tik 12ra, Fernando Astea egingo da.