Euskaltzaindiaren webgunearen atal erabilienak eskuko telefonoan eskura izateko, webgunea moldatu du Akademiak.
Hemendik aurrera, webgunearen bertsio arruntean ez ezik, Hiztegi Batua, Orotariko Euskal Hiztegia eta Euskal Onomastikaren Datutegia eskuko telefonoentzako egokitutako moldean ere kontsultatu ahal izango dira. Eskuko telefonotik webgune osoa ikusteko ere aukera ematen da.
Aurkezpena datorren ostiralean, otsailaren 28an, egingo du Euskaltzaindiak, goizeko 11:30ean, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian. Hauek parte hartuko dute: Andres Urrutia euskaltzainburuak, Andoni Sagarna Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak batzordeko arduradunak eta Alazne Gorrotxategi informatikariak.