Datorren asteazkenean, hilaren 12an, Gasteizko Olabide ikastolaren 50. urteurrena dela-eta, Gasteizen izango da Euskaltzaindia, eta, besteren artean, ikastolari bere izena eman zion Aita Raimundo Olabideri eskainiko zaion omenaldian parte hartuko du.
Olabide ikastolak 50 urte bete zituen 2013ko abenduan. Urteurrena ospatzeko, ekimen ugari antolatu dituzte, horien artean datorren asteazkenean Raimundo Olabideri egingo zaion omenaldia. Egun horretan, goizeko 11:30ean, Olabide jaio zen etxearen aurrean, bere omenezko plaka jarriko da. Olabide ikastolako eta Euskaltzaindiko ordezkariez gain, Eusko Jaurlaritzako, Arabako Foru Aldundiko, Gasteizko Udaleko eta Jesuiten ordezkariak bertan izango dira.
Raimundo Olabide (1869-1942) euskaltzain osoa izan zen, Euskaltzaindia sortu zenetik. Apaiz jesuita, idazle eta irakaslea. San Ignazioren Gogo-jardunak itzuli zituen, Loyola’tar Eneko Deunaren Gogo-iñarkunak izenburupean. 1931n, Testamentu Berriaren itzulpena publikatu zuen. Jesuitak Espainiatik bidali zituztenean, Arantzazura joan zen, eta lau bat urte egin zituen. Ondoren Gernikara joan eta han harrapatu zuen Gerra Zibilak. Okzitaniako Tolosara erbesteratu zen, eta han hil zen 1942an, istripu batean. Erabat amaituta utzi zuen Biblia osoaren itzulpena, azken oharrak izan ezik. 1958an osorik argitaratu zen, Patxi Etxeberria jesuitaren ardurapean.
Otsailaren 12ko egitaraua
Otsailaren 12ko aurreneko ekitaldia goizeko 11:00etan izango da, Unesco Etxeak Gasteizen duen egoitzan. Bertan, Euskaltzaindiko Zuzendaritza eta Arabako euskaltzainak, eta Olabide ikastolako, Eusko Jaurlaritzako, Arabako Foru Aldundiko, Gasteizko Udaleko eta Jesuiten ordezkariak izango dira. Ondoko hauek hartuko dute hitza: Ruper Ormaza Unesco Etxearen presidenteak; Eneko Uriarte Olabide ikastolako presidenteak; eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Ondoren, Olabideren omenezko plaka desestaliko da, Andra Mari Zuriaren plazan. Han, Eneko Uriartek hitz batzuk esango ditu. Josu Sanchezek aurreskua dantzatuko du, Roberto Alvarez txistulariak lagunduta. Jarraian, euskaltzainek Olabide ikastola bisitatuko dute.
Arratsaldean, Euskaltzaindiko Zuzendaritzak bilera egingo du ikastolan.
Bestalde, iluntzean, Goiuri Jauregian, Andres Urrutia euskaltzainburuak “Euskaltzaindia XXI. mendean: Ekin eta Jarrai” izeneko hitzaldia emango du.
Hau izango da egun horretako egitaraua:
- 11:00etan, Unesco Etxearen egoitzan, ekitaldia (Zapateria kalea, 8)
- 11:15ean, Aita Raimundo Olabideren omenezko plaka inauguratuko da. (Andre Mari Zuriaren plaza, 4)
- 12:00etan, euskaltzainek ikastola bisitatuko dute
- 15:30ean, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzaren bilera, Olabide ikastolan
- 19:00etan, Goiuri Jauregian, Andres Urrutiaren hitzaldia: “Euskaltzaindia XXI. mendean: Ekin eta Jarrai”