Gaur, urtarrilaren 31n, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin du Bilbon, egoitzan, Karmele Rotaetxe zenaren omenezko hilberri txostena irakurtzeko.
Xabier Altzibar euskaltzain urgazleak Karmele Rotaetxe ohorezko euskaltzainaren hilberri txostena irakurri du. “Gure hizkuntzaren ordezkari nabarmenetariko bat izan da kanpoko ikerketa foroetan, 30 bat urtez”. Hori izan zen Karmele Rotaetxe, Altzibarren aburuz.
Bilbon jaio zen, 1932ko urtarrilaren 17an. Espainiako Gerraren ondorioz, familia Frantziara erbesteratu zen, eta han eman zuen haurtzaro eta gaztaroaren parte bat. Aurreneko ikasketak han egin zituen, eta inoiz ez zion ikasteari utzi. Batxiler ikasketak amaitu, Unibertsitatera joateko dirurik ez, eta lanean hasi behar izan zuen. Azkenean, 30 urte zituela, 1962an Deustuko Unibertsitatean hasi zen Frantses Filologia ikasten eta frantsesa irakasten.
Tesina Simon de Beauvoir-i buruz egin zuen, eta hautuak Rotaetxeren nortasunaz zertxobait azaltzen du. Izan ere, Xabier Altzibarrek azaldu bezala, Aita Coloma jesuitari buruzko tesina egiteko proposatu zioten, berak ezetz esan eta “Simon de Beauvoir, nobelagile” izeneko lana burutu zuen. “Simone de Beauvoir aukeratzea -azpimarratu du Altzibarrek- ez zen batere ohikoa garai haietan, ohikoa ez zen legez emakume batek Unibertsitatean ikastea: bost-sei baino ez ziren izango ikasle emakumeak Deustuko Unibertsitatean. Karmelerena izan zen lehenengo tesina Frantses Filologian, eta Bikain kalifikazioa jaso zuen. Bere erabaki ausartarekin Karmelek Unibertsitatea aurrerabidean jarri zuen eta erakutsi emakumea ez dela “bigarren sexua”.
“Euskarak eta irakaskuntzak aldatu zuten Karmeleren bizitza”, esan du Altzibarrek gaurko mintzaldian. Gurasoak ez ziren euskaldunak, eta Rotaetxe “euskaldundu zen buruz eta bihotzez; harrezkero euskararen irakaskuntza eta ikerkuntzan eman du bizitza osoa, horretan langile nekaezina izan da hil arte”. Patxi Altunarekin batera, euskara irakasten hasi zen Deustuko Unibertsitatean, “euskarazko lehen eskolak” izan zirelarik.
“Irakaskuntza, berriz, euskal kulturarekin lotu zuen. Euskal kultura ekintzen zalea eta ekintzailea zen”, Xabier Altzibarren hitzetan. “Karmelek ez zuen huts egiten euskal kultura ekitaldietara, eta orduan bezala 30 urte geroago ere ez”.
1977an, “Estudio estructural del euskera de Ondarroa” izeneko tesiari esker -Koldo Mitxelenak zuzendua- lortu zuen Doktoretza, Salamancako Unibertsitatean.
1977tik aurrera, euskara klaseak ematen hasi zen, Bilboko Unibertsitate Autonomoan. Gero, Leioako Kazetaritza Fakultatean lan egin zuen, euskara eskoletako koordinatzaile moduan. 1979an, Gasteizko Filologia, Geografia eta Historia Fakultatea martxan jarri zen eta bertan jardun zuen Rotaetxek, 1987an, Hizkuntzalaritza Orokorreko katedra eskuratu zuen. Gasteizko Filologia Fakultatean ia 20 urtean irakasle izan zen. 2001. urteaz geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle emeritua zen.
Batez ere, ikertzailea
“Karmele -esan du Altzibarrek- ikertzailea izan da batez ere”. Ikerturiko gai nagusiak euskal hizkuntzalaritza, tipologia eta soziolinguistika arlokoak dira “eta gai horietan jardun du etengabe 30 urtez”.
Tesi zenbaiten zuzendari, nazioarteko hizkuntzalari-elkarte, kongresu eta proiektuetan partaide, Eusko Ikaskuntzako kide, europar proiektu zenbaitetan partaide.
Ohorezko euskaltzaina zen. Euskaltzaindian egindako lan batzuk gogora ekarri ditu Xabier Altzibar: Euskaltzaindian Euskalariekin Harremanak delako batzordean kontseilari izan zen (1981-1983), halaber Dialektologia batordeko kide (1981-1989), Euskalkien Ikerketa azpibatzordekoa (1989-1995) eta Sustapen batzordeko aholkularia azken 6 urteetan (2007-2013). Bereziki Gramatika batzordeko kidea izan zen 28 urtez (1981-2009). Gramatika batzordean 6 liburuki lantzen eta argitaratzen parte hartu zuen.
Hala, bada, “emakume azarri eta behargina izan da, kultura ekintzailea eta irakaskuntzan bidegilea, eta euskararen azterketari maila zientifikoa eta ikuspegi kritikoa ematen ahalegindu izan da beti”, Altzibarrek esan duenez.
Agur-hitzak euskaltzainburuak esan ditu. Bere esanetan, Karmele Rotaetxe "urte luzeetan euskalgintzaren lekukoa eta partaide izan zen. Euskera bera izan zen bere bizitzaren ikur nagusia. Eta bera gogoratzen dugunean belaunaldi oso bat gogoratzen dugu. Bilbon, eta Euskal Herri osoan, bere burua euskaldundu zuena, lan egin zuena, eta euskara aurrera atera zuena".