Gaur, abenduaren 20an, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin du Baionan, Herriko Etxean, Jean Haritschelhar zenaren omenezko hilberri txostena irakurtzeko.
Hau izan da egitaraua:
- Jean-René Etchegaray Baionako Udalaren lehen auzapezordearen mintzaldia
- Andres Urrutia euskaltzainburuaren mintzaldia
- Beñat Oihartzabal euskaltzainak Jean Haritschelhar euskaltzain emerituaren hilberri txostena irakurri du
Jean Haritschelhar Duhalde Baigorrin jaio zen, 1923ko maiatzaren 13an eta Biarritzen hil zen, 2013ko irailaren 1ean. Idazlea, euskaltzalea, euskaltzaina, hogeita lau urtez euskaltzainburuorde eta hamasei urtez euskaltzainburu izan zen.
Haren bibliografia akademikoa oso zabala izanik, Pierre Topet Etxahun koplagileaz egindako doktore ikerketa azpimarratu behar da, duen garrantziagatik. Halaber, Euskaltzainditik eta unibertsitatetik at egindako lanak ere gogoan izan behar dira, hala nola, Herria aldizkariko kolaborazioak, Baionako Euskal Museoan ateratakoak edo euskararen alde egindako beste zenbait.
Bere bizitzaren pasarte batzuk gogoan izan ditu gaur Beñat Oihartzabalek. Hasteko, baina, Haritschelharren heriotzak, jendeak zion begirunea azaleratu zuela azpimarratu du: “Berehala, udazkenean lau bazterretan hostoak bezala, hedatu zen berria Euskal Herrian gaindi, euskaltzale guziek etxekoekin bat egiten zutela haien nahikabean”. Hileta egunean ere, “mundu bat bildu zen Baigorrin. Hango eliza, mukuru bete zuten azken agurra egin nahi zioten Euskal Herriko hiru kantoinetarik jin euskaltzaleek. Orok garbi zeukaten zerbitzari berezia galdua zuela euskarak, eta euskaldun guziak batzen gintuen norbait itzali zela. Ehorzketa haietan izan zirenek ez dukete ahanztekoa samintasunez eta bihotz berotasunez bete arratsalde hura”.
“Euskaldun guziak batzen gintuen” gizonaren biografia errepasatu du ondoren. Bere hastapenak eta lehen ikasketak aipatu ditu, gazte denboran gerra ezagutu zuela gogorarazi: “Nola duda gertakari haiek orok barne-barneraino hunkitu zutela? Ondoko hamarkadetan erakutsiko zuen bakezaletasunak gaztean ikusi dorpekeria haietan zukeen oinarri.”
Ikasle eta irakasle bezala egin zuen ibilbidea gogoan izan du Oihartzabalek, eta, besteak beste, Pierre Topet Etxahun koplagileaz egin zuen lana azpimarratu du. “Hogeita hamabost urteak iraganik -esan du- Ageneko lizeoan zelarik, hurbildu zen lehen aldikotz euskal gaietara, zeharka bezala gainera, irakasle lagun batek Ageneko auzitegian Barkoxeko koblakari birigarro bati zegozkion auzi-paperak bazirela jakinarazi ondoan. Paper haiek eskuztatuz egin zuen Pierra Topeten ezagutza Jean Haritschelharrek, bai eta molde horretan bere lehen aitzur ukaldiak eman euskalaritzako alorrean”.
Etxahunez idatzi tesiaz ondokoa esan du: “Haritschelharren ikerketari esker agerian ezarria izan zen, molderik argienean eta zehatzenean, koblari haren originaltasuna eta indarra, XIX. mendeko herri literaturaren testuinguruan behar bezala kokatzen zelarik. Ereduzko lan horrengatik, eta ondotik eginikakoengatik, Euskal Herriko Unibertsitateak Doctor Honoris causa eginen zuen geroago, 1988an”.
Oihartzabalen esanetan, 1960ko hamarkadaren lehen urteetan “sartu zen osoki Iparraldeko euskalaritza biziarazten duten elkarte edo egitura garrantzi handienekoetan”. Hala, Gure Herrian, Euskal Museoan, IKAS-en. Eta Euskaltzaindian. Izan ere, 1962ko uztailaren 27an Euskaltzaindiak euskaltzain oso hautatu zuen, “Lafittek bereziki akuilaturik sartu zen Euskaltzaindian”, Oihartzabalen hitzetan. Urte hartan, Gure Herria aldizkariko idazkari nagusi eta Museoko buru egin zuten.
Lanean euskara eta euskararen alde
“Handik aitzina, Haritschelhar alde bat ariko zen lanean euskararen eta euskal kulturaren alde”. Euskal Museoan, Unibertsitatean, IKER ikergunean... lan eskerga egin zuen egon zen leku guztietan.
Eta Euskaltzaindian, zer esanik ez. 1966. urtetik 1988ra bitartean euskaltzainburuorde izan zen eta 1989an izendatu zuten euskaltzainburu, Luis Villasanteren lekuan. 2004ko abendura arte izan zen euskaltzainburu. Beñat Oihartzabalek esan duenez, “1988an euskaltzainburugora heltzean, aitzineko urteetan doi-doia abiatu hats luzeko ikerketa proiektu handi batzuen akuilatzea izan zuen helburu, hala nola Orotariko Euskal Hiztegia, Euskal Gramatikaren Lehen Urratsak, Hiztegi Batua, Euskal Hizkeren Hizkuntz Atlasa, hastetik 1995 arte kudeatu zuena, Onomastikako lehen zerrenda sistematikoak, eta Literaturaren Hiztegia. Euskaltzaindiaren batzordekako antolamenduaren bidez, lan garrantzitsua egin zuen urte haietan Euskaltzaindiak, eta erran daiteke gaur egun ere, orduan erein ziren haziek ekarri uztari esker egiten dituela parte on batean bere oinarrizko lan akademikoak gure erakundeak”.
Hala, bada, Jean Haritschelharrek egindako lanari jarraipena ematea besterik ez dago: “Euskarak gure hemengo lurraldean legezko ezagutzarik izan gabe partitu da Jean, mundu honetarik, guri dagokigu orain, aspaldi hartua zuen xede haren burutan ateratzea”.