Urtero bezala, Durangoko Azokan izan da Euskaltzaindia. Abenduaren 5etik 8ra bitartean egin den Azokan, saltokia jarri du Akademiak eta urte osoan kaleratutako liburuak izan ditu salgai.
Besteren artean, argitaratu berri diren Euskera agerkari ofizialaren azken zenbakiak, Euskera 2012, 57, 1-2 eta Euskera 2012, 57, 3, eta Gasteizko Toponimia IV, Langraiz argitalpena erakutsi ditu. Bisitari ugari hurbildu da saltokira, eta batez ere, Euskararen Herri Hizkeraren Atlasaren edukietan jarri dute arreta. Salmentak, iaz baino apalagoak izan dira.
Azokaren 48. edizioaren gonbidatu nagusia Eskozia izan da. Bestalde, William Douglass antropologo eta ohorezko euskaltzainak jaso du Argizaiola saria.