Gaur, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Bernard Etxepareren 1545eko Linguae Vasconum Primitiae liburuaren edizio berri bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak. Jatorrizko testuaz gain, katalan, galiziera, errumaniera, arabiera, kitxua eta txinerazko itzulpenak ditu edizio berriak. Gaurko ekitadian, gainera, Jean Haritschelhar zena gogoan izan dute.
Honez gero, Linguae Vasconum Primitiae hamaika hizkuntzatan irakur daiteke, euskaraz gain. Izan ere, 2011. urtean, gaztelaniazko, frantsesezko, ingelesezko, alemanezko eta italierazko itzulpenak biltzen zituen liburuaren edizioa aurkeztu zuten Euskaltzaindiak eta Legebiltzarrak. Orain, orduan bezala, liburuaren koordinatzailea eta edizioaren arduraduna Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria izan da.
Gaurko ekitaldian hauek izan dira: Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Xabier Kintana Akademiako idazkari eta edizioaren arduraduna. Honen esanetan, "bistan denez, hau hasierako pauso bat besterik ez da, eta ez gara oraino guztiengana heldu. Baina espero dugu oraingo hau ez dela azken edizioa izango, eta datozen urteetan beste hizkuntza batzuen oihartzunetan ere azalduko zaigula Etxepareren mezua. Izan ere, urte batzuk geroago Cervantesek ere antzeko zerbait aldarrikatuko zuen, antzinateko klasiko hilezinak benetan imitatzeko, nork bere obrak grezieraz, latinez edo inoren hizkuntzaz barik, bakoitzak bere hizkuntzan idatzi behar zituela, norbere nazio-mintzaira landuz eta bere herrikideen harrotasunerako".
Kintanarekin batera, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea eta Andres Urrutia euskaltzainburua ere pozik agertu dira. Tejeriak esan duenez, "orain eta hemen, bost ehun urte geroago, gogoan dugu Etxepare, Garaziko herrikoa, eta gogoan dugu eta izango dugu Baigorriko haritz handia, Jean Haritschelhar, aurten joan zaiguna baina utzi ez gaituena. Euskara habil mundu guzira idatzi zuen Beñat Etxeparek bere liburuan. XXI. mende honetan euskara munduan da. Euskaldunok munduan gara, eta mundua gurean da, munduko hazietara irekirik, lau haizetara zabalik".
Euskaltzainburuaren esanetan, "langintza honen bitartez, Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak ezin hobeto betetzen dute Etxepare berak, duela lau mendi eta erdi, azaldu zuen gogoa eta egitekoa: Euskara, jalgi hadi mundura!."
Eta gaineratu du: "Azpimarratu nahi dut, alabaina, bestelako eta osterantzeko ikuspegia. Euskarak bere libururik lehen-lehena eskaintzen die gaur beste hizkuntza erkidego batzuen hiztunei. Betoz gure herrira horien gogoak eta asmoak. Batzuk (errumaniarrak, txinatarrak, kitxuarrak eta arabiarrak) gure artean bizi dira, beste batzuek (galegoek eta katalanek) gurekin dituzte aspaldiko harreman indartsuak. Horra, bada, modu ederra, krisi garai honetan harremanak sortzeko eta estekadura sendoak bilbatzeko, hizkuntza eta kultura giza emaitzak baitira eta gizakiak baitituzte helburu eta xede, aldi hobe baten esperantzan".
Hizkuntzen soinuak
Ekitaldiaren amaieran, Xabier Kintanak euskaraz irakurri du "Kontrapas" poema. Irakurraldi hori osatzen izan dira liburuaren itzultzaile Joan Martí (katalanez) Manuel González (galegoz), Delia Mihaela Cristea (errumanieraz), Fang Xiao (txineraz), Shaalan Hares (arabieraz), eta, kitxuarazko itzultzaileak bertaratzerik izan ez duenez, Verónica Yuquilema, Mondragon Unibertsitateko ikaslea.
Horrezaz gainera, Mikel Morris, Karmele Jaio, Julia Brade, Simon Lambert eta Giovanni Zanonen bideoek aukera eman dute "Kontrapas" entzuteko ingelesez, gaztelaniaz, alemanez, frantsesez eta italieraz. Etxepareren "Kontrapas" poema 12 hizkuntzatan aurkeztu da. Amaitzeko, Xabier Leteren eta Erramun Martikorenaren ahotsak entzun dira, haiek testu horretaz egindako musika-egokitzapen ezaguna kantatzen.
Azkenean, irudien bidez, Jean Haritschelhar zena gogoratu da.
Comments
Esan duzun bezala, 2013an, Bernat Etxeparek idatzitako Linguae Vasconum Primitiae liburua aurkeztu zen.
Etxepareren testua, euskaraz, galizieraz, katalaneraz, errumanieraz, txineraz, kitxuaz eta arabieraz argitaratu zen.
Edizio lanak Euskaltzaindiak egin bazituen ere, argitalpena bera, Eusko Legebiltzarrare na da, eta berari dagokio lan honen zabalkundea egitea.
Hau esanik, jakitun gara argitalpen honek hainbat herritarren arreta piztu duela, eta egia da ere, eskuratzeko zailtasunak daudela.
Hau aintzat hartuz, Euskaltzaindia lan hau berrargitaratze ko eta salgai jartzeko lanean dabil. Uste dugu, udazken alderako kalean izan dezakegula, hori bai, azal arruntarekin.
Nahi baduzu, zure datuak eman, eta kaleratu bezain laster deituko zaitugu.
Ongi izan.
Jon Artza,
Argitalpen zerbitzua
Han-hemen ikusiak ditut itzulpen hauen aipamenak, baina alerik salgai nahiz bestela eskuragarri ezin inola ere aurkituta nago aspaldi luzean.
Guztiz jakingarria zait bereziki kitxuazko itzulpena eta "edozer" egingo nuke eskuratzekotan, baina, esan bezala, itzulpenak eginak direla baino gehiagoko informaziorik ez dut inondik aurkitzen.
Salgai daude liburuak? Euskaltzaindian edo bestetan?
Egiaz ere, orain Peruko Cuscon nago (hortik kitxuazko itzulpenaren alderako nire interes behinena, gauzak diren bezala, nahiz ondo dakidan Ekuadorreko kitxuaz egina dela, eta ez Hegoaldeko kitxuaz) eta nahiko zaila gertatzen ari zait liburuaren "ehiza" hori, beharbada Euskal Herrian egotekotan errazago litzaidakeena.
Informazioa, nahiz orientazioa bederen, estimatuko nizueke, bene-benetan. Guztiz lagungarria litzaidake, besteak beste, Cusco-Collao aldeko kitxuaz ere moldatzekotan, adibidez.
Eskerrik asko.