Datorren urtean, 2014an, Gabriel Arestiren Harri eta herri argitaratu zela 50 urte beteko dira. Hain zuzen ere, liburu hori izango da Klasikoen 7. irakurraldi jarraituaren protagonista. Hala, ikasturtean zehar, Bilbo Zaharra Forumeko jardunaldi guztiak Arestiren liburua izango dute ardatz. Hitzaldiak Euskaltzaindiaren egoitzan izango dira. Gaur, iluntzeko 19:00etan, Xabier Amuriza arituko da.
Lehenengo hiruhilekoaren egitarauari atzo, azaroaren 19an, eman zitzaion hasiera. Amaia Lasa eta Itziar Laka aritu ziren, eta, hurrenez hurren, "Aresti oroituz" eta "Aresti euskaldun berri" izeneko hitzaldiak eskaini zituzten.
Hurrengo saioa gaur, azaroaren 20an, iluntzeko 19:00etan, Euskaltzaindiaren egoitzan. Xabier Amuriza "Arestiren koplak ahoan" gaia jorratuko du. Hitzaldi-errezitaldi bat eskainiko du, eta Arestiren kopla eta berso sorta batzuk kantatu eta haren estiloari, ideiei eta teknikari buruz zenbait iruzkin egingo ditu.
Hirugarren saioa bihar egingo da. Koldo Izagirre eta Joseba Tapia arituko dira.