Bihar, azaroaren 15ean, Akademiaren Sustapen batzordeak antolatuak, XVIII. Jagon Jardunaldiak egingo ditu Euskaltzaindiak, Iruñean, Kondestablearen Jauregian, "Euskara Nafarroatik" izenburupean. Jardunaldiak goizez eta arratsaldez burutuko dira, goizeko 9:00etan hasita.
XVIII. Jagon Jardunaldien egitaraua (PDF, 100,29 KB)
Jardunaldi hauetan, euskararen sustapenean ari diren elkarte eta erakundeekin batera, euskararen inguruan gogoeta egin nahi du Euskaltzaindiak. Euskarak Nafarroan izan duen iragana eta egungo egoera aztertuko dira, eta etorkizunari buruz hausnartuko da. Era berean, azken urteetan egin diren eta egiten ari diren egitasmoen berri jasoko da.
Azaroaren 6an, Jardunaldien berri emateko, prentsaurrekoa egin zen Iruñean. Bertan, Andres Iñigo Akademiaren Nafarroako ordezkaria, Sagrario Aleman Sustapen batzordeko burua, eta Erramun Osa batzorde horretako idazkaria izan ziren.