Azaroaren 13an, Gasteizko Toponimia IV, Langraiz/ Toponimia de Vitoria IV, Langraiz argitalpena aurkeztuko dute Euskaltzaindiak eta Gasteizko Udalak, Gasteizen, Montehermoso Kulturunean (Fray Zacarías Martínez kalea, 2), eguerdiko 12:00etan. Argitalpena CD-ROM euskarrian eskaintzen da.
Liburua Euskaltzaindiak argitaratzen duen Onomasticon Vasconiae bildumaren 30. zenbakia da. Langraizko toponimo historikoak eta gaur egun bizirik dirautenak biltzen dituen lan horren egilea Elena Martinez de Madina Onomastika batzordeko kide eta euskaltzain urgazlea da. Aurkezpena berak egingo du, eta ondoan hauek izango ditu: Patxi Salaberri Zaratiegi egitasmoaren zuzendaria, Javier Maroto Gasteizko alkatea eta Andres Urrutia euskaltzainburua. Gasteizko Toponimia egitasmoaren babeslea Gasteizko Udala izan da, hasieratik bertatik.
Gasteizko Toponimia IV, Langraiz/ Toponimia de Vitoria IV, Langraiz CD-ROMak Langraizko merindadean dauden herrietako toponimoak era sailkatu eta normatibizatuan biltzen ditu. Hala, herri hauetako toponimoak biltzen ditu: Ariñez - Ariz, Aztegieta, Krispiña, Eztarroa, Gometxa, Lermanda, Margarita, Mendotza, Otatza, Subilla, Zuhatzu eta Zumeltzu.
Ikerketa-lana egiteko, herri hauei dagozkien XIV. eta XX. mendeen arteko 70.000 leku-izen inguru bildu eta aztertu dira. 2.063 toponimo aurkezten dira.
Aurkezpena honako hauek egingo dute: Patxi Salaberri Zaratiegi egitasmoaren zuzendariak eta Elena Martinez de Madina egileak. Eurekin batera Javier Maroto Gasteizko alkatea eta Andres Urrutia euskaltzainburua izango dira.
Argitalpen hau Gasteizko Toponimia egitasmoaren barruan kaleratzen den laugarrena da. Lehenengo biak -Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria) eta Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II (Malizaeza)- 2009an kaleratu ziren. Hirugarrena, Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria, 2011n argitaratu zen.
Egitasmoa, 1996tik
Gasteizko toponimia ikertzeko egitasmoa 1996ko irailean abiatu zen. Jose Angel Cuerda orduko alkateak, Gasteizko Udalaren izenean, eta Jean Haritschelhar euskaltzainburuak, Euskaltzaindiarenean, lankidetzarako hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen horren arabera, Akademiak hizkuntzari buruzko ikerketak egin eta argitalpenak prestatuko zituen, Udalaren diru-laguntzarekin. Orduan sinatu zen dokumentuan, Gasteizko toponimia ikertzeko egitasmoa beren-beregi aipatu zen. Lanak aurrera jarraitu du Cuerdaren ostean izan diren hiru alkateekin ere: Alfonso Alonso, Patxi Lazkoz eta Javier Maroto.
Hitzarmena sinatu ondoren, Euskaltzaindiak berehala osatu zuen lana burutu behar zuen taldea. Esan bezala, Henrike Knörr zena buru zela, talde horri egokitu zitzaion egitasmoaren lehen fasea osatzea: artxiboak arakatzea, informazioa sailkatzea, toponimo guztien bilketa sistematikoa egitea.
2006ko uztailean lan hori amaitutzat eman zen. Ordutik aurrera, Henrike Knörr-ek eta Elena Martinez de Madinak, bildutako informazio guztia gainbegiratzeaz gain, datu eta testuak hautatzeari ekin zioten. 2008ko apirilaren 30ean, baina, Henrike Knörr hil zen eta Euskaltzaindiak Jose Luis Lizundia izendatu zuen euskaltzain zenduaren ordezko. Gaur egun, 2013ko martxotik, Patxi Salaberri Zaratiegi da egitasmoaren zuzendaria.
Arabako hiriburuko 64 herrixketako toponimo guztiak -bai historikoak, bai eta bizirik dirautenak ere- biltzea, eta era sistematikoan biltzea, izan da Gasteizko Toponimia egitasmoaren helburua. Izen guztiekin batera, artxiboetan aurkitutako dokumentazio guztia ere batu da. Izan ere, lan honen azken xedea gaur egun erabiltzen ez diren toponimoak berreskuratzea da, eta dagozkien forma idatziak arautzea eta finkatzea.
Materiala biltzeko, idatzizko informazio iturriak erabili dituzte ikertzaileek, batez ere artxiboetako informazioa: Arabako Artxibo Historiko Probintziala, Arabako Lurralde Historikoaren Artxiboa, Elizbarrutiko Artxibo Historikoa, Elizaren Unibertsitateetako Artxiboa, Gasteizko Udal Artxiboa, Otazuko Artxiboa.
Orotara, 400.000 leku-izen inguru bildu dira.