Gaur, irailaren 11n, Editorial Iparragirrek eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Editorial Iparragirreren izenean Iñaki Alzaga presidenteak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Bingen Zupiria eta Joseba Santamaria Deia eta Noticias de Navarra egunkarietako zuzendariak eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria ere ekitaldian izan dira.
Hitzarmen horren ondorioz, Ortzadar gehigarriaren euskarazko testu-masa osoa Akademiaren eskuetan jarriko da, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz. Ortzadar Editorial Iparragirrek editatzen du, eta Noticias Taldea osatzen duten lau egunkariek -Deia, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Navarra eta Noticias de Alava egunkariek- zabaltzen dute.
Ez da hau Euskaltzaindiak eta Iparragirrek sinatzen duten lehen hitzarmena. Izan ere, 2010eko otsailean, bion arteko lehena izenpetu zuten, eta, besteren artean, Deia egunkariak euskarazko testuak Euskaltzaindiaren eskuetan jartzeko konpromisoa hartu zuen, Lexikoaren Behatokia egitasmoa garatzeko. Bestalde, urte bereko ekainean, helburu bera zuen hitzarmena sinatu zuen Akademiak, Noticias de Gipuzkoa egunkariarekin.
Orain, 2010ean Editorial Iparragirrerekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren eranskin gisa, Ortzadar gehigarriaren euskarazko testu-masa Akademiaren eskuetan jarriko dute.
Lexikoaren Behatokiaren xedea corpus monitore bat, lematizatua, etiketatua eta linguistikoki anotatua eraikitzea da. Egitasmo horretako testu-masak hainbat hedabidek euskaraz ekoitzitako berriak -ahozkoak nahiz idatzizkoak- hartzen ditu oinarritzat, zurrupatuz eta corpusaren zoru bihurtuz. Akademia, Elhuyar, UZEI eta EHUko Informatika Fakultateko IXA Taldearekin garatzen ari da.