Datorren larunbatean, maiatzaren 18an, Jean-Louis Davanten Antoine d'Abbadie, Abbadiaz liburua aurkeztuko da, goizeko 10:30ean, Mauleko Herriko Etxean. Aurkezpena d'Abbadie euskalari eta euskal kulturaren mezenas zenari eskainiko zaion omenaldiaren barruan kokatuko da. Davantekin batera, Michel Etchebest Mauleko aüzapeza eta Andres Urrutia euskaltzainburua izango dira.
Antoine D'Abbadie, Abbadiaz Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren 19. zenbakia da eta aurtengo Sarako Idazleen Biltzarrean aurkeztu zuen Akademiak. Testu desberdinak baliatuz, Jean-Louis Davantek Antoine D´Abbadieren (1810-1897) bizitza aztertzen du liburuan. D´Abbadiek alor asko landu zituen: astronomoa, zientzialaria eta esploratzailea izateaz landa, hizkuntza asko zekizkien. Euskal Herria beti izan zuen gogoan, eta bizilekua Hendaian finkatu ondoren, euskal kulturgintzaren bultzatzaile handia izan zen, besteak beste, lore jokoak antolatu eta sustatuz.