Datorren ostiralean, maiatzaren 31n, Euskaltzaindiak atal berri bat zabalduko du interneten, bere webgunean: “Herri Literatura Jardunaldietako Antologia” du izena eta Akademiaren Herri Literatura batzordeak antolatu dituen herri-literaturari buruzko jardunaldietako ekarpenik mamitsuenak denon eskura ipiniko ditu. Horren aurkezpena Donostian egingo da, Luis Villasante Euskararen Ikergunean, goizeko 11:30ean.
Euskaltzaindiak 1989an egin zuen herri-literaturari buruzko lehen jardunaldia, eta 2005ean azkena. Jardunaldi horietan guztietan hainbat gai landu dira: kontapoesia, herri-narratiba, ahozkotasuna, paremiologia, herri-antzerkia, euskal fraseologia, kantu laburrak eta, azkenik, herri-prosa eta ahozkotasuna.
Besteren artean, Juan Mari Lekuona, Antonio Zavala, Bernardo Atxaga, Jose Mari Satrustegi, Martxel Etchehandi, Pello Esnal, Joxemari Aranalde, Jean-Louis Davant edota Joxe Ramon Zubimendi dira atal berrian jaso diren testuen egileak.