Ramon Saizarbitoriak idazle eta euskaltzain urgazleak irabazi du Espainiako Kritikaren Saria, euskararen arloan, narratibaren atalean. Martutene liburuagatik jaso du saria Saizarbitoriak.
Martutene Erein argitaletxeak eman zuen argitara, iaz. Honela dio bere webgunean: "Ramon Saizarbitoriak bere eleberri onena idatzi du (intimoena?), eta ez da kasualitatea izan, erreferentzia gisa, Frischen eleberri bat hartu izana, izenburuan leku-izen bat daramana hura ere, Montauk, non, asteburu bat eta azken maitasun-istorio bat kontatzeko aitzakiarekin, bere bizitzaren errepasoa egiten baitu egileak. Saizarbitoriak ere atzera begiratzen du, bere paisaiak dakartza gogora, dagoeneko existitzen ez den Donostia, aro baten amaiera, zorionekoa, indarkeriaren azkenarekin batera etorri delako, baina gauza gehiegi utzi dituena atzean...".
Bestalde, Rikardo Arregi Diaz de Herediaren Bitan esan beharra (Alberdania) euskarazko poesiaren atalean saritu dute. Kritikaren Sariak Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak ematen ditu.