Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) arabierara, katalanera, galizierara, errumanierara, txinerara eta kitxuara itzuliko dute. Ondoren, Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak argitara emango dute, bion arteko hitzarmenari esker. Joan den urtarrilean, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak Euskaltzaindiko Zuzendaritza hartu zuen, eta orduan hitz egin zuten egitasmoaz. Horren ostean, martxoaren 26an egindako bileran, Legebiltzarreko Mahaiak itzulpen horiek sustatzea onartu zuen. Bi erakundeen arteko elkarlanaren emaitza berria abendu aldera aurkeztuko da.
Etxepareren liburuaren inguruan bi erakundeen arteko elkarlana aspalditik dator. Hala, 2011ko otsailetik martxora arte, Euskara jalgi hadi plazara erakusketa antolatu zuten Legebiltzarrak eta Akademiak. Bertan, Bernat Etxepareren 1545eko Linguae Vasconum Primitiae liburuaren ale originala erakutsi zen lehenengo aldiz Euskal Herrian; liburua Frantziako Biblioteka Nazionalean dago, Parisen.
Erakusketa horren ondorioz sortu zen liburuaren edizio berria egiteko asmoa, bost hizkuntzatara itzulitako Linguae Vasconum Primitiae egitea, 2011ko abenduan aurkeztu zena. Jatorrizko testuaz gain, oraingo ortografiarako egokitutako euskarazko bertsioa ere bazuen edizio horrek, baita gaztelaniazko, frantsesezko, ingelesezko, alemanezko eta italierazko itzulpenak ere. Liburuaren koordinatzailea eta edizioaren arduraduna Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria izan zen.
Hortaz, 2013. urtearen amaieran, euskaraz inprimatu zen lehen liburua 11 hizkuntzatan irakurri ahal izango da, euskaraz gain; esan bezala, orain Linguae Vasconum Primitiae arabiera, katalan, galiziera, errumaniera, txinera eta kitxua hizkuntzetara itzuliko baita.
Edizio berriaren bitartez, Euskal Herrian bizi diren hiritar berriei hurreratzeko saiakera egin nahi da, euskaratik zein euskal kulturatik. Itzulpenak komunitate linguistiko horietako kideek egingo dituzte, kalitatea bermatze aldera. Aurreko edizioan bezala, faksimilearekin batera aurkeztuko dira. Aurrekoan bezala, edizioaren arduradun eta koordinatzailea Xabier Kintana izango da.
Bestalde, datorren ekainaren 28an, Euskaltzaindiaren Osoko Bilkura Eusko Legebiltzarrean egingo da.
Comments
Gracias por su colaboración
Eskerrik asko zure iruzkinagatik
No comprendo el vasco y estoy muy intresada en el libro de Bernard Etxepare "Linguae Vasconum Primitiae" que está traducido en seis idiomas en el mismo volumen. Me lo han prestado y quisiera comprar dos. Como no entiendo lo que dice el texto de arriba os pido por favor que me digais donde puedo encontrarlo. Gracias anticipadas.
Cordiales saludos
Mayte
Linguae Vasconum Primitiae nork itzuli(ko) duen katalanera jakin nahi nuke, posible bada.
Eskerrik asko