Gaur, apirilaren 10ean, Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa’ liburua aurkeztu dute Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak. Liburuaren egilea Amaia Apalauza da, eta 2011n aurkeztu zuen doktore tesiaren emaitza da. Tesiaren zuzendaria Iñaki Camino euskaltzain urgazlea izan zen. Lana euskal hizkuntzalaritzaren esparruan kokatzen da, dialektologian, zehazki. Nafarroako ipar-mendebaleko lau ibarretako euskara bildu eta aztertu du: Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu. Liburua Akademia eta Nafarroako Gobernuaren artean sustatutako "Mendaur" bildumaren 10. zenbakia da.
Aurkezpena honako hauek egin dute: Amaia Apalauza egileak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Maximino Gomez Euskarabidearen zuzendari kudeatzaileak eta Iñaki Camino tesiaren zuzendariak.
Apalauzak adierazi duenaren arabera, "hizkera horiek guztiak Euskal Herriaren erdigunean daude, eta dialektologian oso eremu interesgarriak izan ohi dira erdigunekoak, isoglosa eta hizkuntza-eragin anitzen elkargune izaten baitira. Nafarroako ipar-mendebaleko ibar horiek Iruñea eta Tolosa lotzen zituen bide zaharrean daude, eta kokagune horrek zeharo baldintzatu du herri horietako bizimodua eta, jakina, baita hizkuntza ere. Horregatik, euskara nafarraren zein Euskal Herriko erdialdeko euskararen ezaugarriek Nafarroako ipar-mendebalean bat egiten dute".
Lehenik eta behin, egileak lau ibarretako euskara bildu du. 34 herritan ibili da, eta 138 pertsona elkarrizketatu ditu. Gero, datu guztiak xeheki aztertu ditu. Hizkuntzazko datuez gainera, ibarren inguruko beste jakingarri batzuk ere baliatu ditu bere ikerketan, hala nola datu demografikoak, ekonomikoak, historikoak eta geografikoak. Garrantzi berezia eman die harreman sozioekonomikoei, lau ibarretako herritarrek azken mendean zer harreman izan dituzten ikertu baitu, eragile horiek hizkuntza-datuekin uztartzeko asmoz.
Lanaren amaieran, Amaia Apalauzak Nafarroako ipar-mendebaleko eta, orobat, Nafarroa Garaiko euskara sailkatzeko proposamen berri bat dakar. Haren iritziz, batetik, nafarreraren barnean kokatu beharrak dira Imotz, Basaburu Nagusia eta Larraungo hego-ekialdea. Zehatzago, nafarreraren erdiguneko azpieuskalkian dakuski Etxaleku-Gartzaron lerrotik ekialderako herriak, Ultzama aldeko hizkerekin batera; lerro horretatik mendebalera (Albiasuraino), berriz, beste ezaugarri-konbinazio batzuk ageri dira, eta hizkera horiek nafarreraren mendebaleko azpieuskalkian sartzea proposatu du, Leitza eta Goizueta aldeko euskararekin batera. Bestetik, Larraungo ipar-mendebaleko eta Araitz-Beteluko euskarak badituzte mendebaleko azpieuskalki horren ezaugarriak, baina nafarreraren ezaugarri batzuk falta dituzte, eta, beraz, eremu hori nafarreraren eta erdialdeko euskararen arteko zubi-hizkeratzat hartu du.
Amaia Apalauza Euskal Filologian doktorea da. Nafarroako ahozko hizkuntzari eta dialektologiari buruzko liburu eta artikuluak argitaratu ditu. Hala, ondoko liburuak: Imozko euskara (2008), Araitz-Beteluko ahotsak. Ahozko tradizioaren bilduma (2007; Kontxi Arraztio Saralegirekin batera), Malerreka solasean. Ahozko tradizioaren bilduma (2005; Maite Lakarrekin batera). Artikulu batzuk ere argitara eman ditu: “Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa” (2012, Euskonews), “Nafarroako ipar-mendebaleko lau ibarretako lexikoaren azterketa” (2011, Iker), “Nafarroako ipar-mendebaleko euskara: Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu” (2008, Fontes Linguae Vasconum), “Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu ibarretako lexikoaren azterketa” (2007, ASJU) eta “Araitz-Beteluko hizkera adierazkorra: biraoak” (2006, Fontes Linguae Vasconum). Gaur egun, testu-itzulpenen eta -zuzenketen arloan ari da lanean.
Andres Iñigoren testua, liburuari buruz. (PDF, 51,98 KB)
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.