Jon Casenave Unibertsitateen Arteko Euskal Ikasketen Saileko (UAEIS)- Département Interuniversitaire des Etudes Basques-eko (DIEB) zuzendari izendatu dute. Casenave euskaltzain urgazlea eta Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa batzordeko kidea da.
UAEIS-DIEB, Paueko eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitatekoa (Université de Pau et des Pays de l’Adour - UPPA) den Errobiko campuseko diziplina anitzeko Fakultatean (Faculté Pluridisciplinaire) kokatzen da. Bi Unibertsitateen partaidetzan egituratua da 1986a geroztik, eta Bordeaux 3ko irakasle eta ikertzaile emeritu eta euskaltzaina den Jean Haritschelhar-i zor zaio egitura horren sorrera. Bi urterik behin, berritzen da UAEIS-DIEB unibertsitate-egituraren kudeaketa. Horren arabera, Jon Casenavek Xarles Videgainen segida hartu du orain.
UAEIS-DIEBen, Frantziako Estatuan (Ministère de l'Enseignement Supérieur et de la Recherche, section 73 du CNU) euskal hizkuntza, literatura eta zibilizazioan espezializatuak diren ondoko lau irakasle-ikertzaile hauek dira: Ur Apalategi (UPPA), Jon Casenave (Bordeaux 3), Xarles Videgain (UPPA) eta Aurelia Arkotxa (Bordeaux 3).
Lau irakasle-ikertzaile horiek kudeatzen dute Lizentziako 3 urteren, Masterretako 2 urteren eta Doktoretzako 3 urteren formakuntza osoa. Horrezaz gain, unibertsitate-formakuntza horietako ikasleekiko harremanak ere zaintzen dituzte, bai eta ondoko arloak ere: prestakuntzan parte hartzen duten gainerako irakasleen kudeaketa pedagogikoa; bi unibertsitateetako arduradun pedagogikoekin eta administratiboekin diren harremanak eta bi unibertsitateetako errektoretzekin diren harremanak.