Bihar, urtarrilaren 17an, Aiora Jakaren Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan liburua aurkeztuko da, goizeko 11:00etan, Bilbon, Bizkaia Aretoan. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 28. zenbakia da, eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da.
Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan izeneko lana, 2011n, Jakak aurkeztu zuen doktore tesiaren emaitza da. Tesi horren helburua Joseba Sarrionandiaren itzulpen-lanak aztertzea eta itzulpenak haren obran izandako eragina ezagutaraztea da. Izan ere, Sarrionandia batez ere idazle gisa ezagutzen den arren, ugariak eta askotarikoak dira hark euskaratutako testuak. Gainera, maiz plazaratu izan ditu itzulpengintzari buruzko gogoetak. Euskaratutako lan horiek eta itzulpengintzaren gainean diharduten gogoeta horiek aztertuz, Sarrionandia itzultzaile postmoderno gisa definitzen du Aiora Jakak bere tesian.
Ekitaldi berean, Euskarazko Tesien III. Koldo Mitxelena sariak banatuko dituzte Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak.