Abenduaren 11n, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa aurkeztu zuen Euskaltzaindiak Baionan, Université de Pau et des Pays de l'Adour erakundearen bertako campusean. Ekitaldian, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Adolfo Arejita euskaltzain eta egitasmoaren zuzendari akademikoak, Xarles Videgain euskaltzainak eta Gotzon Aurrekoetxea euskaltzain urgazleak parte hartu zuten. Videgain eta Aurrekoetxea EHHA-ren arduradun teknikoak dira.
Orain arte Atlasaren lau liburuki kaleratu ditu Akademiak, guztiak Euskadiko Kutxaren babesarekin. Azkena, laugarrena, irailaren 28an aurkeztu zen Iruñean. Liburuki horrek 260 galderaren erantzunak biltzen ditu. Baserri-etxea eta etxe-abereak osatzen dute funtsean galdetegia: txerria, hegaztiak, txakurra, erlea; baserria, etxea, teilatua eta zureria, etxearen zatiak, eta altzariak. Euskal gizartearen tradizioko egoitzaren eta bizimoduaren inguruko alderdi batzuk, beraz.
Bestalde, EHHAren I. eta II. liburuak 2010eko apirilean kaleratu ziren, eta 2011n III. liburukia. Lehen liburukiak 268 galderaren erantzunak eskaintzen ditu, gai hauei buruz: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, elurra eta hotza.
Bigarren liburukian aztertu eta landu diren esparruak hiru dira: denbora kronologikoa, topografia eta landaretzaren lehen atala. Denborarenean, esaterako: astearen egunak, hilabeteak, urte sasoiak eta urteak, eta euretariko bakoitzaren parteak landu dira; baita oraingo, lehengo eta geroko denbora-unitateak ere.
Hirugarren liburukian tradizioko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuak landu ziren: batetik, lurra, euskal gizakia bizi den lurra; lur horretan erne diren belar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez ematen dituen uztak; eta bestetik, euskal gizakiarekin belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diren animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak.