2012ko abenduaren 11n, asteartean, arratsaldeko 18:00etan, Université de Pau et des Pays de l'Adour Baionako campusean, Amphi 040 gelan, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren aurkezpena egingo du Euskaltzaindiak. Ekitaldian, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Adolfo Arejita euskaltzainak eta egitasmoaren zuzendariak, Xarles Videgain euskaltzainak eta Gotzon Aurrekoetxea euskaltzain urgazleak parte hartuko dute.
Ekitaldian egitasmoari buruzko argibideak emango dira. Era berean, orain arte argitaraturiko liburuak ere egongo dira ikusgai. Jakina denez, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren liburukiak Euskadiko Kutxaren laguntza tarteko dela argitaratzen ditu Euskararen Akademiak.