Azaroaren 30ean egingo da Deustuko Unibertsitateko Bibliotekako Ellacuria salan
Hil honetan, Eusebio Erkiagari buruz Jardunaldia antolatu dute Euskaltzaindiak eta Deustuko Unibertsitateak lankidetzan. Jardunaldiaren egitaraua Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa batzordeak prestatu du. Jardunaldia, goizean zehar egingo da eta parte hartzeko izena jadanik eman daiteke. Izen-ematea doakoa da.
EUSEBIO ERKIAGA (1912-1993)
Eusebio Erkiaga Lekeition (Bizkaia) jaio zen 1912an eta Bilbon hil 1993an. Euskaltzalea eta literaturzalea, bi ezaugarri horiek laburbiltzen dute haren ekarpena euskal kulturaren munduan. Euskaltzaindiari dagokionez, 1952an izendatu zuten urgazle eta 1963an euskaltzain oso; 1966an erakundearen diruzain izendatu zuten.
Lanbidez Banco de Vizcaya-n aritu zen bizi osoan zehar, baina bihotza literaturan izan zuen beti. Olerkari bezala hasi zen, gerra aurretik, eta poemak idazteari inoiz utzi ez bazion ere, gaur egun ezagunagoa da eleberrigile bezala: Arranegi (1958), Araibar zalduna (1962), Batetik bestera (1962), Jaioko dira (1984), Txurio txoria (1986) eta Irria galtzen denean (1987).
Beste hainbat lan argitaratu zituen eta, bestalde, hil ondoren bere lan batzuk berrargitaratu dira, hala nola Arranegi (Iñaki Sarriugarteren edizioa, 1993) edo testu laburren bi bildumak, prosan Berbalauaren kulunkan (Andres Urrutiaren edizioa, 2 tomo, 2001-2002) eta poesian Neurtitzak (Igone Etxebarriaren edizioa, 2007); baita ere itzulpen argitaragabe bat, Georges Simenonen Aspaldiko Maigret (Andres Urrutiaren edizioa, 2009). Haren nobelagintzaren azterketarik osoena Roberto Mielgok egin du: Eusebio Erkiagaren gerraosteko elaberrigintza: (1958-1964) (1995).
Hil aurretik Bizkaiko Foru Aldundiak omenaldia egin zion (1992) eta hil aurreko egunetan etxean gaixorik zela Euskaltzaindiaren domina jaso zuen, Jean Haritxelhar euskaltzainburuaren eskutik (1993).
Lekeition Eusebio Erkiaga jaio zen kaleak beronen izena darama gaur.