Eusebio Erkiaga jaio zela mendea betetzen dela eta, azaroaren hogeita hamarrean egitekoa den Jardunaldia ere aurkeztuko da
Datorren asteartean, azaroaren hamahiruan, 12:00etan, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, Deustuko Unibertsitatearen eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza-hitzarmena izenpetuko da. Jaime Oraá Oraá Deustuko Unibertsitateko Errektoreak eta Andres Urrutia Badiola euskaltzainburuak izenpetuko dute hitzarmena, bi erakundeen izenean. Ekitaldian hitzarmenaren nondik norakoak ere aurkeztuko dituzte bi erakundeetako ordezkariek.
Ondoren, Eusebio Erkiaga idazlearen, kazetariaren eta euskaltzainaren (Lekeitio, 1912ko irailaren 4a – Bilbo, 1993ko maiatzaren 31a) jaiotzaren mendeurrena aurten betetzen dela eta, Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa batzordeak antolaturiko Jardunaldiaren egitaraua aurkeztuko da. Jardunaldia Deustuko Unibertsitatean egingo da azaroaren hogeita hamarrean, eta, hitzaldiak eta Eusebio Erkiagaren poema batzuen irakurraldia barnebilduko ditu.