Kultur ekitaldia, Euskaltzaindiaren batzarra eta bertso saioa egingo dira herrian
Manuel Lekuona euskaltzaina, antropologoa eta hizkuntzalaria hil zela 25 urte bete diren honetan (uztailaren 30ean), Udalak merezitako omenaldia eskainiko dio Etxetxikiko apaizari. Honela, azaroaren 7an kultur ekitaldi berezia izango da udaletxeko areto nagusian, 19:00etan.
Bertan parte hartuko dute udal ordezkariek, Manuel Lekuona zenaren senideek, Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko ordezkariek. Izan ere, bi erakunde horiekin harreman estua izan zuen Manuelek bizi zen artean.
Egun horretan bertan, Euskaltzaindiak Zuzendaritza batzarra egingo du Oiartzunen, Manuel Lekuona bera euskaltzaina (1950) eta Euskaltzainburua aukeratua izan baitzen (1967tik 1970era), Jose Maria de Lojendioren ostean. Iruñean egin zuen sarrera-hitzaldia, Gorotzika'tik Gurutzeaga'ra izenburua izan zuen txostena irakurriz. Era berean, Axularren Gero liburuaren laugarren edizioa paratu zuen, Euskaltzaindiaren aginduz.
Bertsotan ere, Manuel Lekuona gogoan
Manuel Lekuona zena omentzeko bertso saioa ere antolatu da. Izan ere, Manuel zenak asko maite zuen bertsolaritza ere. Batik bat, Manuel izan zenaren figura gazteengana hurbiltzeko antolatu da saioa.
Jon Martin, Jokin Uranga, Igor Elortza eta Jon Maia arituko dira kantuan, Ander Lizarraldek jarritako gaien inguruan. Saioa azaroaren 9an, ostirala, izango da udaletxeko areto nagusian 22:00etan. Sarrera dohainik izango da, tokia bete arte.
Bizitza osoa euskal kulturaren alde
Manuel Lekuona Etxabeguren Etxetxiki baserrian jaio zen 1894an. Manuelen bi anaia –Martin eta Julian– fusilatu zituzten frankistek 36ko Gerran. Manuel, aldiz, erbesteratu egin zen Calahorrara (Errioxa). Euskal Herrira itzuli zenean Andoainen lekutu zen, Rikardo Arregi zenaren etxean eta 1976an itzuli zen Oiartzunera, Martin ilobaren etxera.
Arlo asko landu eta aztertu zituen bizi zen artean: euskara –ahozko literatura batez ere–; bertsolaritza; antzerkia –Eun dukat idatzi zuen-; etnografia; artea eta pintura; hitzaldiak eman eta artikuluak idazten zituen hedabideetan; Oiartzun urtekarian kolaboratu... Bizi osoan zehar egindako lana Opera omnia lanean jaso zuen, 18 liburukitan.
Oiartzungo Udalak herriko seme kutun izendatu zuten 1988an, hil ondoren. Aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere izendatu zuen seme kutun, 1983an.