Titulu bat ematekotan Xalbadorren eguna 2012 asteburuko kronika honi, horixe eman beharko: Egun hotza, baina beroa aldi berean. Eguraldi zinez hotza egin du, baina Urepelera heldu direnek eman diote merezi zuen berotasuna asteburuari.
Deiadarra taldeak antolatzen duen IX. edizio hau, bereziki Xalbador eta Joakin Berasategi Deiadarrako taldekide eta laguntzaileari eskainita zegoen. Aurtengoa larunbat arratsaldean hasi zen Eider eta Gorka Zabaleta oiartzuarren kantaldi batekin, Urepeleko eskolan. Ondoren, Antton Currutcharry irakasleak ondo baino hobeto laburbildu zigun Nafarroa-Baigorri-Kintoa historia, ordubeteko hitzaldian. Haren osagarri, Urepeleko alkate izan zen Maria Antoinette Etxarren andereak, azken urteetako Kintoa mendietako larreen erabileraz hitz egin zuen, jendeari argitasunak emanez.
Lagunarteko afaritan, berriro ere, Zabaleta anaia-arrebak eta Xendarineko Ahizpak kantari, pilotalekuaren alde guztietatik sartzen zen haize hotzari hortzak erakutsiz, eta Mutrikuko trikitilariak.
Igande goizeko eguraldia bereziki hotza zen, Urepele inguruko mendiak elurretan zuri-zuri esnatu baitziren. Zerua oskarbi, ordea, eta Xalbador zenaren artzain-etxolara joan nahi zutenak guztiz animaturik, aurten lehenengo elurra zapalduz.
10:30ean, meza Urepeleko elizan, Xalbador eta Joakin Berasategi bereziki gogoratuz, eta haiekin, Joxe Mari Aranalde, Antonio Zavala, Mikel Atxaga, Juanjo Zearreta eta hildako bertsolari guztiak. Meza ostean, urtero bezala, Xalbadorren hilobian loreak jartzea eta Agur Jaunak kantatzea.
Bizkaiko Aldundiak egin eta Deiadarra taldeari espresuki utzitako Gernikako bonbardaketaren 75 urteurreneko bideoa eman zen pilotalekuan, holako ikuskizunetarako tokirik aproposena ez bada ere. Eta herriko plazan, Donapaleu eta Baigorriko trikitilariak, Larraineko (Zuberoa) dantzariak, eta Herri kirolak: Donazaharre eta Mutrikuko trontzalari, aizkolari, sokatiralari norgehiagoketa.
Bazkaltiarrak pilotalekuan bildu zirenean, Joakin Berasategiren argazki-bilduma ederra erakutsi zen. Ondoren, bazkaria, berriro ere Zabaletatarrak, Xendarineko ahizpak eta trikitilariak animatzaile zirela.
Joaldunak pilotalekuan buelta batzuk eman, eta aurreskua dantzatu ondoren, bertsolariak: Jose L. Gorrotxategi, Loidisaletxe, Sebastian Lizaso eta Aitor Sarriegi. Ikaragarri hotz egiten zuen, eta saio laburra egin zen, baina bertsozaleek gozatu zuten gogotik, ikusi genuenez. Aldi berean, herriko eskolan, neska-mutikoentzat HAURREN TXOKOA, gaztetxoak inola ere asper ez zitezen.
Urtero bezalaxe, erromerian dantzan eginez agurtu zen ordubete gutxiago zuen urriaren azken asteburuko igande arratsaldea Urepelen.
Kronika labur hau amaitzeko, esker bereziak merezi dituztenak badirela esan behar dugu: Hala nola, Joakin Berasategiren familia, Urepeleko Herriko etxea, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskaltzaindia, Euskadi irratia, Joxe Mari Egañak animatzen duen Mutrikuko talde langilea (herri kirolak, plazan jendearentzat pintxoak eta urtero otorduak prestatu eta banatzen saiatzen direnak), kantariak, trikitilariak, joaldunak, dantzariak eta abar.
Datorren urtean bere hamargarren urteurrena beteko du DEIADARRA taldeak Xalbadorren eguna antolatzen, eta milaka esker eman nahi dizkie laguntzen duzuen guztioi, eta berriro ere laguntzen jarrai dezazuen animatu, premia izango dugu-eta, oso zaila egiten baitzaio taldeari XALBADORREN eguna antolatzea urtero. Behar bada, bertsolariek aipatu bezala, festa hau antolatzeko garaia aurreratu beharko da, baina, beti ere, ondo merezi duten itzala emanez egun honetan goratzen direnei.
Joxemari Iriondo
Deiadarra taldekoa eta ohorezko euskaltzaina
2012ko urriak 29
Comments