Datorren asteazkenean, urriaren 3an, goizeko 11:00etan, Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak aurkeztuko da Bilbon. Euskararen normalizazioaren eta normatibizazioaren bidean garrantzi handia izango duen lan hau euskara-euskara hiztegia da eta Euskaltzaindiak, Elkar argitaletxeak eta Elhuyar Fundazioak batera argitaratu dute, elkarlanean.
Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak lanaren oinarria Euskaltzaindiak onartua duen Hiztegi Batua da, lehen itzulian argitaratutako hitzak. Lan berriak, ordea, askoz informazio gehiago eskaintzen du: Hiztegi Batuko lehen 20.000 hitzak dauzka, beren definizio, kategoria gramatikal, espezialitate-, erregistro- eta euskalki-markekin, aditz-erregimenekin, eta benetako erabileratik jasotako adibideekin.
Aurkezpena Euskaltzaindiko, Elkar argitaletxeko eta Elhuyar Fundazioko ordezkariek egingo dute.