Arturo Campion (1854-1937) Euskaltzaindiaren lau fundatzaileetariko bat da, Resurreccion Maria Azkue, Julio Urkixo eta Luis Eleizalderekin batera. Orobat, Euskal Herrian XIX-XX. mende bitartean izan den intelektual nagusietarikoa. Emilio Majuelo historialari nafarrak haren bizitzaren eta idazlanen azterketa sakon bat argitaratu berri du Eusko Ikaskuntzaren bidez, eta haren lan historiko nagusia den Nabarra en su vida histórica (1929) Txalapartaren bidez berrargitaratu du, Argentinan 1971n Ekin argitaletxeak atera zuen edizioa baliatuz, Manuel Iruxoren hitzaurre entzutetsua barne.
Aurten betetzen dira 75 urte Campionen heriotzatik eta badirudi bere figurak ez duela gaurkotasunik galdu. Besteak beste, 40 urte dira, halaber, Iruñeko Arturo Kanpion Euskaltegia zabaldu zela, hura delarik euskaldunen hiru buruzagiko zaharrena, eta pasa den maiatzaren 5ean ospatu zuten handikiro, Sagrario Aleman euskaltzain osoaren zuzendaritzapean. Testuinguru horretan Majuelok bideratutako bi argitalpenek esanahi berezia hartzen dute, omenaldi zabalago baten parte bihurtuz.
Majuelorentzat Campion historialaria da ororen buru. Egia da bere lehenengo lan handia euskararen gramatika bat izan zela, Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara (1884), eta bere garaian batez ere kazetari, idazle, politikari eta kultur-eragile gisa nabarmendu zela iritzi publikoaren antzokian, baina Majueloren arabera Historiari dedikatu zion bere ahaleginik handienak eta jarraienak. Horrela, lan literarioetan poesiaren musari ateak zabal-zabal uzten zion bitartean, historialaritzari dagokionez zinezko ikertzaile zientifiko baten moduan jardun zuen, lan bikainak idatziz, bere garaian Espainiako eta Frantziako onenekin erkatzeko modukoak. Horietakoa da, adibidez, aurten berrargitaratu duena, zeinaren hitzaurrean honela definitu zuen Manuel Iruxok: «Campión es la figura de mayor relieve entre los precursores del renacimiento vasco» (26. or.). Historialari bat, beraz, beste mila eta bat lanetan enplegatu zena, besteak beste euskara ikasten, Campionek gure hizkuntza ikasi baitzuen hain justu ere beste askok abandonatzen zuten une berean, eta hausnarketa sakon eta ederrak idatzi zituen horretaz.
Campión ala Kanpion?
Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi beste kontu bat: Campión ala Kanpion? Nire ustez Campion da gaur egungo erantzuna, eta esan dezadan zergatik. Bere garaian bietatik erabili zituen gure egileak, nagusiki Campión, jakina, baina euskarazko testuetan Kanpion, eta horrela agertzen da garai hartako Euskaltzaindiaren idazkietan. Tradizio horri jarraiki izendatu zen Arturo Kanpion Iruñeko euskaltegia, ondo izendatu ere. Baina gaur egun beste tradizio bat ari da gailentzen euskara batuaren abaroan, alegia, euskal deiturak euskal grafia modernoaren arabera idaztea gero eta arruntagoa den bezala (adibidez, Azkue edo Urkixo), erdal deiturak beren grafia modernoaren arabera idazten dira, baita euskal testuetan ere; salbuespena tileta da, arrunki euskal testuetan idazten ez dena (adibidez, Campion). Tamalez, oraindik ez da erabat orokortu den ohitura (bereziki euskal deiturei dagokienez), baina gero eta arruntagoa da.
Majuelo, E. (2011) La idea de historia en Arturo Campión, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2011, 296 or. Liburuaren PDfa ikusteko sakatu hemen.
Campion, A. (2012) Nabarra en su vida histórica [prólogos de Emilio Majuelo y Manuel de Irujo], Tafalla: Txalaparta, 2012, 406 or. Informazio gehiago ikusteko sakatu hemen.