Euskal Herrian, elebidunen kopurua gora doa eta gaur egun euskal herritarren %27 elebiduna da. 16 urte edo gehiagoko biztanleen artean, 1991n baino 185.600 elebidun gehiago daude 2011n. Elebidunen hazkundea Nafarroan eta, batez ere, EAEn gertatu da. Iparraldean, aldiz, oraindik ere galerak daude, baina gazte elebidunen kopurua hasi da dagoeneko gora egiten. Elebidunen kopurua gehitu den arren, euskararen erabilera gaur egun 1991n baino txikiagoa da. Gizartean oro har nabarmen hazi da euskararen erabilera, baina gaur elebidun direnek ez dute 1991n elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen euskara. Hala ere, 2001etik aurrera joera-aldaketa bat egon da eta gazte elebidunek gaur egun duela hamar urte baino gehiago erabiltzen dute euskara EAEn eta Iparraldean, baina ez Nafarroan.
Bestalde, transmisioari dagokionez, guraso biak elebidunak direnean, euskararen transmisioa ia erabatekoa da EAEn eta Nafarroan (%97 EAEn, %95 Nafarroan), baina ez Iparraldean (%87). Bikote mistoen kasuan transmisioak gora egin arren, ez da erabatekoa (%71 EAEn, %67 Nafarroan eta %56 Iparraldean).
Hauek dira V. Inkesta Soziolinguistikoak utzitako ondorioetako batzuk. Atzo, uztailaren 16an, hauek aurkeztu zuten: Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Ivan Igartua Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako koordinazio-zuzendariak, Julen Calvo Euskarabideako Heziketarako eta Euskara Sustatzeko buruak, Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak; inkesta egin ahal izateko, Jaurlaritzak Euskaltzaindiaren laguntza izan du; hori dela-eta, Andoni Sagarna Akademiako Iker sailburua aurkezpenean izan zen.