Bihar, ekainaren 7an, Nafarroako Gobernuaren Euskarabideak antolaturik, "Euskarazko funtsen bilketa, tratamendua eta hedapena" izeneko jardunaldia egingo da Burlatan, Udal Parkeko Jauregian. Jardunaldiak helburu bikoitza izango du: batetik, funtsen bilketa eta tratamendua egiten duten erakunde eta elkarteak batzea; eta bestetik, harremanetan edo elkarlanean aritzeko bideak jorratzea. Euskaltzaindiak parte hartuko du, eta egitasmo bi aurkeztuko ditu: Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) eta Ahozko Tradizioko Hizkeren Corpusa (ATHC).
Akademiaren agerraldia 9:45ean izango da, hasierako agurraren ostean. Euskaltzaindiaren ordezkariak hauek izango dira: Adolfo Arejita aipatu bi egitasmoetako zuzendaria akademikoa, eta Amaia Jauregizar eta Aritz Abaroa, EHHA eta ATHC egitasmoetako teknikariak, hurrenez hurren.
Euskaltzaindiarekin batera, hauek ere parte hartuko dute: Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Badihardugu Euskara Elkarteak, Labayru Ikastegiak eta Bertsozaleen Elkarteak.