Maiatzaren 18an, ostiralean, goizeko 10:30ean, Gazteak, aisialdia eta euskara Ipar Euskal Herrian liburua aurkeztuko du Euskaltzaindiak Iparraldeko ordezkaritzan, Baionan. Liburua Erramun Baxok ohorezko euskaltzainak eta Jean-Baptiste Coyos euskaltzain osoak idatzi dute. Argitalpenak Euskararen Erakunde Publikoaren laguntza izan du.
Lan honetan Euskaltzaindiak 2010. urteko XV. Jagon Jardunaldien karietara hautatu zuen "Gazteak, aisialdia eta euskara" aztergaia zehazten da, Ipar Euskal Herria lan eremutzat hartuz. Ikerketa honen xede nagusia hauxe da: gaur egun Ipar Euskal Herriko gazteen euskarazko edo euskal kulturari lotuak diren aisialdiak zein diren aurkeztea. Euskaraz eta frantsesez idatzia. Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Jagon" bildumaren 15. zenbakia da.
Gazteak, aisialdia eta euskara Ipar Euskal Herrian aurtengo Sarako Idazleen Biltzarrean aurkeztu zuen Euskaltzaindiak.